Angel Errori elkarrizketa

Angel Errok Lerro etena: 2004-2018 (Elkar) liburua plazaratu zuen uda aurretik. Dietarioa izan arren, testu labur bakoitza modu ez kronolojikoan antolatuta irakurlea harritzen duten hariak sortu ditu idazleak. Guztiak harilkatuz ironia, umorea, kritika eta gogoeta, baina batez ere, agian, pertsonen arteko harremanak zipriztintzen dituen denboraren kontrako borroka baten kronika.

DSC_0340

LERRO ETENA

 

Hilabete batzuk pasa dira Lerro etena plazaratu zenuenetik, zer nolako harrera izan du? Zer nolako gorputzaldia geratu zaizu liburua irakurleen eskuetara iritsi ostean?

Orain arte jaso ditudan erantzun guztiak positiboak izan dira, baina ez dakit horrek liburuaren alde hitz egiten duen ala euskal irakurleen batezbesteko jendetasunaren alde. Oso liburu pertsonala da eta baten batek bertan egiten dudan biluztea aipatu dit, ea ez dudan lotsarik sentitzen, baina, liburu bat atera dutenek jakin dezaketenez, behin kalean dela, kontatutakoa, oso kontu intimoak izanda ere, objektibotu bezala egiten da, besterendu, eta bestelako erlazio eta distantzia bat hartzen da. Alde horretatik, liburua irakurleen eskuetan egoteak, artegatu gabe, lasaitu nau nolabait, literatur ekoizpen bezala tratatu eta epaitzeko aukera emanda. Eta, bai, gustura nago emaitzarekin.

Aspaldi zen ez zenuela libururik publikatzen. Segur aski kontu hori aterako zizuten behin baino gehiagotan elkarrizketetan, eta horretara gatoz gu ere. Badirudi liburu bat publikatu orduko hurrengoaz galdezka ari garela, digestiorako tarte laburra utziz, baina literaturan liburu gutxi publikatu duen egile ugari dago. Erritmo komertzialera egiten du jauzi idazleak, publikatu orduko?

Ezin da ukatu gurera ere iritsi dela erritmo komertzial azkar hori, urtero edo bi urtean behin ezer atera gabe egonez gero ahaztua izatearekin mehatxatzen zaituena. Oraindik ez gaude hor bete-betean, baina presioa sentitzen hasten da. Ohartu naiz, ez bakarrik nire kasuan, liburu askoren aurkezpenean egileak aurrekotik ezer atera gabe pasatu duen denbora azpimarratu egiten dela, oraindik ez dakit oso ongi harridura edo erreprotxe moduan. Gurea bezalako sistema txiki eta ez-egonkorrean ez da hain arraroa liburu gutxiko egileena. Lehenengoarekin lor dezakezu euskal literatur sistemak eskaintzen ahal duen arreta kuota handia. Argitaratzen jarraitzea, berriz, etsipenerako bidea izaten da.

“Bizitza honetan aukeratu ezin izan dudan gauzarik hoberena, neke handien gainetik zoriontsuen egin nauena, gay izatea da. Hautatzeko aukera izan dudanen artean seguruenik hoberena, antzeko arrazoiengatik, euskara ikastea izan da”. (80. orr).

Poeta gisa zaitugu gogoan literaturan, baita zutabegile gisa ere. Liburu honek agian bietatik du apur bat? Testu laburrak jarraitzen dute izaten, batzuetan irudi-kolpeak dituztenak…

Neurri batean eboluzio naturala iruditzen zait. Poeta nagia zutabegile sartu eta oraindik poeta alferragoa bilakatu zen, bere behar poetikoei zutabeen lerroen artean aterabidea emateko aukera aurkitu baitzuen. Bere buruaz hirugarren pertsonan mintzatzen hasi zen elkarrizketetan… Gurpil horretatik ateratzeko modu errazena iruditu zait, zuk diozun moduan, bietatik apur bat duen bide honetan saiatzea.

“Zer esan daiteke poetikoa izatera behartzen zaituztenean?” (47.orr).

Ahots poetikoa, berriz, itzali zaizu, edo poesia gosez zara oraindik?

Itzali ez. Beldur pixka bat hartu diot, hori bai, poesiari azkenaldian. Ez naiz neure buruaz fio. Batetik, onartzeko prest ez nagoen neure buruaren parte bat azalduko ote den. Eta, bestetik, emaitzari ere; emaitzaren kalitateari, esan nahi dut. Gaztetan, gaztearen ausarkeriaz aritzen zara. Nik denborarekin autokonfiantza galdu dut. Agian horregatik ere beste genero batzuetan saiatzearena. Baina, funtsean, agian ohitura faltagatik ere bai, honako hau nire hirugarren poema liburua izateko sentsazioa dudala aitortu behar dizut.

Angel Erroren orain arteko testuak ezagutzen dituenak ez du zaputzik hartuko lan berri honekin: bada ironiarik, umorerik, zirtorako joerari. Zurekin doan zerbait da?

Bai; antza, bai. Ez da guztiz bilatutako zerbait. Suposatzen dut, testuan agertzen diren edo agertu nahi ditudan bestelako kontu mikatzagoak errazago pasarazteko bilatu dudan edo berez ateratzen zaidan mekanismoa dela. Orekatzeko edo. Ez zait iruditzen literatura umoristikoa egiten dudanik (ez nintzen ausartuko), baina umore edo ironia ukitu bat han eta hemen ez da inoiz gaizkiegi etortzen.

Edo agian jendeak espero duen zerbait da? Zama zaizu inoiz ironiaren “eztena” atera beharra?

Ez dakit jendeak nitaz zer espero duen, ezta zerbait espero duen ere. Guztiz solemne aritzen naizen egunean ere ez dut uste inor kontu eske etorriko zaidanik, dirua itzul diezaiodan edo. Dena den, egun horretarako aurrezten hasiko naiz, badaezpada.

“Goibel nagoenean oroitzen naiz gehien ama zenaz. Aurrekoan notizia txar bat jaso eta instintiboki hari deitzeko bulkada sentitu nuen, aspaldiko partez. Txunditu nintzen beharraren gertutasunaz. Nahi nuke haren babesa nolabait sentitu ahalko banu”. (84. orr).

Liburu honek, hala ere, ahots gehiago gordetzen ditu. Ahots intimoagoak esango nuke; harremanez ere ari zara, bikoteez, homosexualitateaz, amaren heriotzaz… Zaila egin zaizu beste ahots batzuk garatzea?

Ez da hainbeste garatzea, nola bide ematea. Berez, ez dut ezer garatu behar izan: dena hor zegoen. Baina gainditu behar izan dut nolabaiteko lotsa. Ikusi behar izan dut liburu honetan horrelakoak agertzeak bazuela zentzua, hemen bazutela tokia. Poesia liburu batean ere agertuko ziren, baina bestela, mozorrotuagoak seguruenik, lirikak disimulatuta. Narratiba lan batean ere agertuko ziren, hola edo hala, baina trama batean urtuta. Horrela babestuago senti ninteke, beharbada. Babes falta, dena den, lehenago esan dudan bezala, batez ere sorkuntza prozesuan dator, zuri kontatzeak on (edo kalte) egiten ahal dizuten kontuak eta liburuari on (edo kalte) egiten ahal diotenak bereizi behar direnean, ez baita beti erraza. Oreka behar da.

Erabili dituzu batzuetan beste pertsona batzuen erreferentzia errealak, batzuetan agerian, beste batzuetan modu disimulatuan. Horrelako lanetan ez dago “morboak” testuaren balioa bera estaltzeko nolabaiteko arriskurik?

Morboa ez zait sasiko akuilagarria iruditzen. Irudipena dut Euskal Herrikoa, oro har, oso gizarte morbosoa dela, baina isilgordean. Guztiok dena dakigu besteei buruz, baina sokapetik. Ni normalean azkena naiz gauzetaz enteratzen eta amorrua ematen dit atzetik, ahoz aho, ibili behar izate horrek. Euskal kultura iniziatuen elkarte bat balitz bezala eta informazioak nolabaiteko hierarkia ezarriko balu bezala. Nahiago nuke naturalago jokatuko bagenu. Horrela pentsatu izan dut beti eta pentsamolde horrekin koherentea izan nahi izan dut. Bestetik, ez dut inork pentsatzea nahi ni berri-lapikoa naizela. Oso memoria txarrekoa naiz. Idaztea edo pasadizoak (norberarenak eta besteenak) zuretzat ez gorde eta kontatzea, nire kasuan, ahazkortasun horren kontrako bidea besterik ez da, memoria esterno batean almazenatzea bezala. Behin baino gehiagotan gertatu zait zerbait lehenengo aldiz entzutea (urlia ez dakit non dabil lanean, edo sandia eta berendia ez dabiltza elkarrekin) eta solaskideak niri ikasi zidala esatea jarraian, nire harridurarako. Literatura ere halako memoria externo bat da, pertsonala eta gizarte oso batena.

Horrekin lotuta, zeure burua autozentsuratu duzula iradoki zenuen aurkezpenean. Eraikuntza bat dago, beraz, liburu honetan: edukien aukeraketa bat, eta eduki horiek antolatzeko moduan. Zeren arabera hartu edo baztertu duzu eduki bat, zer izan duzu liburu honen idazkuntzan helburu?

Politikariei edo pertsonaia publikoei mikro irekiarekin harrapatzen dutenean, edo elkarrizketa pribatuak ateratzen dituztenean, halako zalaparta bat pizten da, denok dakigun arren gure iritzi pribatuek ere horrelako azterketa bati ez ziotela eutsiko. Hots, ezin da guztia bere horretan eta gordinik eman. Liburuan agertzen den guztiak hor egon behar du, nire ustez ia ezinbestekoa delako liburuarentzat. Lehenago erantzun dizudanaren bidetik ere, oreka mantendu behar da eta irakurgarria izateko helburua begien bistatik ez galdu. Egon badago agertzeak lotsa eragin didanik, baina osokoari on egiten ziola lehenetsi nuen. Kontrakoa ere bai, noski. Aitortzeko gogoa nituenak baina liburuari ekarpen berezirik egiten ez ziotenak. Neurri batean autozentsura liburua osatzeko tresna izan da. Testuak ez nituen berregin edo behartu nahi. Ez nuen ezer berririk sortu nahi. Agertzen den guztiak ondoan duen datan idatzita dago. Moztuta edo izenak ezkutatuta, baina ez besterik. Aukeraketa lana, baina batez ere bazterketa lana izan da. Liburua fintzen joan naiz, egokia iritzi diodan pisu eta bolumen batean gelditu arte. Horrekin batera, ordenatze lana ere izan da. Izan ere liburuaren ahalegin bakarra (edo, esan dezadan, ia bakarra) liburuaren egituraketa izan da. Bizitza errealean edo nire autobiografian loturarik ez zuten zatiei bestelako logika bat eskaini nahi diet.

Dietario modura aurkeztu duzu liburua. Literaturaren nolabaiteko azpigenero bat da, idazle askoren bibliografietan topatuko ditugu horrelakoak: bizitzari buruzko apunteak, testu laburrak, autobiografia fikzionatzeko joerak, eta agian, batez ere, literatura berari buruzko gogoetak. Zerk erakartzen zaitu gehien dietario formatutik, zer testu edo eduki motak?

Askatasuna. Dena kabitzen da. Garai batean eleberria ere edukiontza handi bat zen. Eta neurri batean oraindik bada, baina arau sendoak garatu ditu, estilo batzuek beste batzuk gainditu dituzte, publikoak lehentasun argiak baditu, komertzialtasuna sartu da tartean, generoak finkatu bezala egin dira. Dietarioa oraindik bada ia guztia kabitzeko saski-naskia. Batasuna ez dio istorio batek ematen: egilearen gertutasuna baizik (hitzaren zentzu zabalenean). Poesian bezala, egilearengandik hurbil egoteko sentsazioa duzu, baina poesiak eskatzen duen erabateko identifikazioren beharrik gabe. Saiakeratik ere izan dezake, baina saiakerak duen luzera eta sakonera gabea.

Bestetik, izan duzu dietario erreferentzialik buruan?

Amarenari dagokionez, Roland Barthesen Jornal de deuil edo Albert Caracoren Postmortem aipatuko nituzke, ez zuzenean eragin moduan, baina bai nolabaiteko parekotasunak ikusi nahi dizkiedalako. Gaztelaniaz, batez ere Miguel Sánchez-Ostiz irakurri dut. Behin liburua antolatzen hasi nintzela, Andres Trapiello edo Iñaki Iriarterengana ere jo nuen, izen propioak nola eman zituzten ikusteko, besteak beste, datak eman ala ez erabakitzeko, eta abar.

Dietario moduko testuak ziren hasieratik, 2004an idazten hasi zinenean? Uneren batean nobela bezalako beste testu bat idazteko apunteak, agian?

Ez, hori argitu nahiko nuke. Dietarioa nik osatu dut, 2018an, han-hemenka idatzitako gauzak bilduta. 2004tik aurrera idatzitako ia guztia jo nuen lehengai posibletzat (koadernoak, prentsa, email pertsonalak, apunteak, egunerokoak…) eta gutxi gorabehera argi neukan horrekin zer egin nahi nuen, baina ez zehazki emaitza zein izango zen. Egia da hor agertzen diren testu batzuk ipuin edo nobela baten hazia izan zitezkeela, baina, izatekotan, lanketa handiaren faltan.

Lerro etenaren kasuan, bereizgarri garrantzitsua da liburuaren egituraketa, testuen ordena: kronologikoa izan beharrean, liburuaren barne-tempoari erantzuten dio nolabait, liburuan azaleratzen diren azpigaien arabera antolatuak daude txatalak. Guk irakurri dugunean segidan oso erraz lotzen zirela sumatu dugu, hasi eta buka haria galdu gabe erraz irentsi daitekeen liburu bat da honakoa. Zer nolako ahalegina egin duzu egituraketa horrekin?

Lehenago esan bezala, ia dagoen ahalegin bakarra egituraketarena da. Ez dut esan nahi ahalegin formal hutsa denik. Testuek zerbait esaten dute, saiatu naiz bakoitzak bere aldetik funtziona zezala, baina nik beste zerbait esatera behartu nahi nituen, eta bakoitzaren esanahi horri etekin handiena atera. Gero irakurlea harrapatzeko ahalegin bat ere badago, eta horretarako edukia garrantzitsua da, ezinbestekoa, baina forma ez da munta txikikoa. Kasu honetan halako harmonia edo kateatze tematiko hori dago, denboran atzera eta aurrera egindako jauziak, hurrenkera kronologikoaren hanka goratzea… Neurri batean denboraren kontrako borroka baten argazkia delako. Edo argazkia baino gehiago, 14 urteko timelapse bat.

“Egun txarra pasa dudanean, astea luze egiten zaidanean, pilotariengana jotzen dut laguntza eske. Pilotariei egiten zaizkien elkarrizketak gordetzen ditut, argazki eta guzti, haien beharrean nagoenerako. Argi daukat egunen batean liburuetan bilduko direla eta jendea ohartzen hasiko dela zenbat jakinduria Dagoen eta zer oharkabean igaro den, kirol sailean gorderik. Sukaldariek goi pentsalari eta poeten tokia hartu duten honetan, ez dut ikusten zergatik pilotariak ezin ditugun filosofo eta autolaguntzaren guru gisan hartu. Dirudien baino ironia gutxiagorekin ari naiz.” (48. orr).

Jarraitzen duzu kirol kazetaritzaren erotika kotidianoa aztertzen? Topatu duzu azkenaldian esamolde interesgarririk?

Beti egoten da zerbait. Liburuan agertzen direnek kirol kazetarien prosarekin zeukaten zerikusia. Elkarrizketetan nahita ala gabe ematen den anbiguetatearen inguruko inedito pare bat emateagatik: 2016ko martxoaren 10an Berria egunkarian kazetariak egiten dio galde izena apuntatuta ez dudan pilotari bati: “Inguruko atzelariek zerbait esan al dizute zure lanaren inguruan?”. Erantzuna: “Ez dugu askorik hitz egin horri buruz. (…) Momenturen batean atzelari aritu behar badut, ez dut arazorik, baina nire postua badakit aurrean dagoela. Halere berriz diot: atzean ere gozatzen dut”. Aurtengo ekainaren 27an, beste elkarrizketa batean (oraingoan ere izenik apuntatu gabean), kazetariak: “Nolatan zara atzelari? Gaur egun inork ez du atzelari izan nahi”. Erantzuna: “Hasieran asko kostatu zitzaidan. Atzelari ez nuela nahi esaten nuen, baina aurrean zer zegoen ikusita atzera pasatu nintzen. Nabaritzen dut gutxi daramadala postuan, baina hartu diot gustua”. Niri berdin gertatu zitzaidan.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.