Ugaitz Agirreren lehen kolaborazioa: “Efemerideak”

Ugaitz Agirre Tximeletak bizkarrean nobelagatik ezagutzen dugu batez ere. Hemendik aurrera, hilean behin bere testu bat publikatuko du “Sinadurak” atalean, honatx lehena: Efemerideak.

IMG_0486

Inork halakorik espero gabe, François Miterrand Sarajevora abiatu zen 1992ko ekainaren 28an. Ezagunak zituen iraganeko mamuak ikusi zituen Balkanetan, berriro ere errepikatu zitezkeenak. Bidaia hark ez zuen eraginik izan, ordea, eta hamarkada luzez iraungo zuen Balkanetako gerra 1914an hasitakoarekin alderatu ezin badaiteke ere, gerrak gerra izaten jarraitzen du lehen, orain, han eta hemen.

Hala ere, orduko Frantziar errepublikako presidenteak bizi-esperientziaren bidez lotu zituen bi gertaerak. Ez zion inork ez ezerk gogorarazi beharrik izan ekainaren 28 batez gertatu zela Sarajevoko atentatua.

Makinen eta teknologiaren aroan bizi garela esatea ez da inongo nobedadea. Gure eguneroko bizitza zer izango ote zen hain etxeko ditugun tresnak eta makinak behin betiko greban jarriko balira? Eta zer izango zen gutaz egin beharrekoei buruz abisatuko ez baligute? Lagunen etxeetako telefonoak buruz ikastearena jada ez da baliagarria, oraindik gogoratzea zerbait frikitzat hartzen dela esango nuke. Mugikorrak, mundu globalarekin dugun dimentsio arteko ataria, gure garunak zituen funtzioak usurpatu ditu, eta erosotasunaren izenean, usurpazio horretan konplize izan gara.

Horregatik, iraganeko gertakariak (eta batzuetan norberak bizitakoak) efemeride formako jakinarazpenetan iristen zaizkigu. Gogoratzearen lana datu-base erraldoi bati uzten diogu beste hamaika buruhausteren aitzakian. Momentua bizitzea albo batera utzi eta iragana era nostalgikoan oroitzera mugatu garenaren usteak birritan egiten dit bisita egunean zehar, eta gero komunikabideetan entzuten dut historia ikasi behar dugula harri berarekin estropezu ez egiteko… Efemerideak deitzen duenean bakarrik, baina, kasu egiten diogu harriari.

Gaurko egunez jaio zen hau, hil zen bestea, gertatu zen hura… Gaurko egunez gogoraraziko gaituzte horri guztiari buruz, biharko egunez ez du zentzurik izango eta. Gaitz erdi jakinarazpenak iristen bazaizkigu.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.