“Liburuarekin nuen beldur handienetako bat minaren pornografia egitea zen”

Zer esan nahi duen badakienak, ez du esan nahi duena gogoratu beharrik. Patxada horretatik hitz egin dugu Kattalin Minerrekin Moio: gordetzea ezinezko zen (Elkar, 2019) saiakera liburuaz. Tene Mujika beka irabazita bederatzi lagun elkarrizketatu ditu, memoria ariketa kolektibo bat egiteko.

Imagen 1

Liburua idazten ari zinenean, zaila izaten omen zitzaizun zertan zabiltza-ri erantzutea. Behin liburua bukatuta, zertan ibili zara?

Moioren heriotzaren hamargarren urteurrenean, eguneroko bat idazten hasi nintzen liburu bat burutan izan gabe. Lehen urteetan emozioek asko mugitu ninduten, eta ederra da hori, baina irakurketak egiteko ez zitzaidan oso aproposa iruditzen. Urteak pasatu ahala, lasaitasuna eskertu nuen. Ordukoaz ez pentsatzeko beharra. Elkarrizketatuek barealdi momentu hau ere aipatzen dute, eta uste dut isiltasun beharra izan dugula, ez hitz egin nahi ezetik, ez Moiorena tabutzat genuelako, baizik eta osaketarako beharrezko zelako isiltasuna. Nik behin hori pasatuta hasi nuen egunerokoa. Irakurketa politiko-soziala egiteko gai nintzen jada, minean eta nitasunean erori gabe. Eta horretan ibili naiz, nire susmo eta inpultsuekin zintzoa izaten. Oso liburu intuitiboa izan da. Elkarrizketak elkarren osagarri izan dira, kate bat bailiran ordenatzen joan direnak. Maialen Lujanbioren bertsoak aipatu, beregana jakin-minez jo, eta hartu-eman soil bat izan behar zuena, aiba, orrietan idazteko gogoeta sorta.

MOIO. Lau letra eta hitz bakarreko izenburua. Hasieratik garbi izan zenuen?

Idazkuntzan, izenburua beti da gehien kostatzen zaidana. “Moio” hitzak, ordea, bazuen gertutasunetik, Kattalinetik, eta hori adierazi nahi nuen. Gainera sonoritatez ere gustatzen zitzaidan. Ezizen hori nerabe ginela jarri genion, intuizioz, baina elkarrizketak egin ahala ohartu nintzen gauza asko esaten zituela, eta Moiori bere ezizena horrenbeste gustatzea ez zela kasualitatea.

Hala ere, izenburuak badu segida bat: gordetzea ezinezko zen.

Moioren agur gutuneko esaldi bat da. Elkarrizketak behin bukatuta, agur-gutuna berriz irakurtzeko indarra bildu nuen, nire bizitzan hirutan irakurri dut, eta esaldi hori aproposa iruditu zitzaidan. Batetik, liburua bera gertaera hau gordean ez izateko saiakera delako, eta bestetik, bere hitzak azalean bertan egotearen ideia gustatzen zitzaidalako.

Gordetzea ezinezko zen gertaera, gordean izan duzu urte hauetan?

Pertsonalki, oso presente izan dut, baina oso maila intimoan-edo, eta konturatzen nintzen, ingurukoek ere antzeko joera zutela. Elkarrizketatuek agerian jarri dute gordetakoa, isilik egon bada ere, ez dela izan geldi egon den memoria bat. Bakoitzak egin ditu bere ariketak, eta liburu honetan, horietako batzuk azaltzen dira. Ez da orain dela hamabi urtekoa gogoratzeko liburu bat bakarrik, denbora tarte honetan bakoitzaren gogoetak eta bilakaerak ere azaldu nahi izan ditut, eta zintzoki erakutsi. Denek zuten sentsazioa nebulosarena zen, egun haietako ezer gogoratzen ez genuelako ustea, baina hitz egin ahala ordenatzen joan gara, eta akaso hori falta zen. Elkarrizketak baino, solasaldiak izan dira.

Memoriak, ordea, behar ditu mugarriak, eta Moioren egunetako bat apirilaren 23a da. Zer egin izan duzu egun horretan?

Lagun bat eta biok modu bakunean gogoratzen saiatu gara: Santa Barbaran loreak utzi ditugu, edo gure tabernan trago batzuk hartu. Eguna iristean, mezuren bat bidali edo jaso dugu, eta prentsan idaztea egokitu zaidanetangaiaren inguruan idatzi izan dut. Keinu txikiak izan dira, sentimenduak konpartitzeko beharretik eginak.

Liburuan aipatzen duzu askotan ahazteko beharra sentitzen dugula, mina sendatzeko modu bakarra hori dela sinetsita.

Uste dut gauza desberdinak direlaahaztea eta gogoratu behar eza. Nik ere izan dut Moiorena ezgogoratzekobeharra, eta herriak ere izan duela uste dut. Minaren digestioa egitea garrantzitsua da, eta nik digestio horren ondorenean kokatu nahi izan dut. Liburuarekin nuen beldur handienetako bat minaren pornografia egitea zen. Nire drama bat kontatzen ari nintzela iruditzen zitzaidan: “Oh, ze gogorra, bere lagun batek bere buruaz beste egitea”. Hori, agian, beste liburu bat da, baina nik ez nuen hori egin nahi.

Egia da Moioren inguruko liburua dela, baina Moiori buruz ezer gutxi azaltzen da. Halere, askotan galdetuko zizuten: ‘Nolakoa zen?’; eta halere, sor dezake haren inguruan gehiago jakiteko jakin-mina; morbotik hurbilegi, seguruenik.

Bai, Aimarnolakoa zen galdetu izan didate, baina normalean, ez dut erantzuten, horrek ez du inporta, hori, ezagutu genuenok dakigu. Banituen bere gauzak eta liburuan marraztu nezakeen gehiago, bainaez egitea erabaki nuen. Bakoitzarentzat izan denaz haraindi, Moio memoria historiko baten erreferentea da.

Moioren agurraeta herriak emandako erantzuna admirablea dela dio Maialen Lujanbiok. Liburuaren aurkezpenean ere, Biteri aretoa bete egin zen.

Gerora baloratu dut herriaren erantzuna, eta,bai, oso potentea da. Urte hauetan egon den isiltasuna, ez nuke esango tabutik izan denik, gehiago izan da beharretik, berriz nola hartu ez jakitetik. Liburu honek harrotasun puntu bat eman dio herriari, eta aitzakia bat ere bai. Eta hori niretzat izugarria da. Lan hau aitzakia bat da hala-nolako ekarpen literario baino gehiago.

Iratxe Retolazak Ekai Lertxundiren eta Moioren kasuak lotzen ditu. Hernani eta Ondarru bezalako herri politizatuetan erantzuna hain azkarra izatea ez dela kasualitate dio.

Iratxeren irakurketa ez nuen egina, eta, bai, eragina izan dezakeela iruditzen zait. Brayanek [Hernaniko gazte transexualak] ere aipatzen du, berak Moioren berri gerora eta sare sozialen bidez jaso arren, herrian sumatu duela ordukoaren aztarna.

Ordukoaren aztarnak, bi tabu baititu bere baitan. Maialenek Moioren albistea hurrenkera honetan eman ziotela gogoratzen du: “Gazte bat hil da; bere buruaz beste egin du eta transexuala zen”. Zuk nola xehetu zenuen albistea?

Ni suizidioarenak gehiago kolpatu ninduen transexualitatearenak baino. Ezbairik gabe gainera.

Suizidioa edo zera, gertakizun hura, pasatutakoa… Horrelakoak darabiltzazu.

Bai, asko kostatzen zitzaidan izendatzea, eta askotan egiten duguna da hori egunerokotasunean: “Orduan pasatu-zen-beste-hori”, edo “bai… beste hura ba!”. Liburu honen helburua ere bazen gertatu zena izendatzea, baina konturatu nintzenelkarrizketatu bakoitzak izendapen desberdina ematen ziola. Ez zen “suizidioa” bakarrik gertatu. Horregatik zera erabili dut askotan, eufemismotik harago, gauza desberdinak biltzen zituen hitzik ez nuelako. Bakoitzak jarri diezaiola berea.

Anderrek, Moioren anaiak, bere buruaz beste egiteak baino, transexualitatearenak eragin handiagoa izan duela dio.

Anderrek suizidioaren zergatia azaldu beharra oso zaila egin zaiola esan zidan. Harritu egin ninduen, eta norberaren testuinguruaren eragina ikusten da hor. Anderrek urte hauetan bizi izan duen isiltasuna ez zen osatzeko beharrarena, ezpada pareta baten kontra aritu nahi eza, entzuten zituen tontakeriei nola erantzun ez jakitea. Urte hauetan egindako lanketaren poderioz, gaur Anderrek lasai hitz egin dezake oraindik ere askorentzat tabu den horren inguruan, eta liburuan hortik hitz egiten du. Niri bere buruaz beste egiteak gehiago eragin zidan arren, transfobia atzean duen suizidioa dela nabarmena da eta haserre bat sortzen dizu horrek. Jipoi bat emateagatik hil izan balitz, oso erraz ikusiko genukeen, baina modu honetan, eta 21 urterekin, ez.

Elkarrizketen artean hirugarrenak Txurrus eta Itu dira. 2007. urtean, Hernanin feminismoa sustatzeko lanean zebiltzan Medeak talde transfeministatik. Feminismoaren eta transexualitatean lotura oso ahula zela aipatzen da. Aldatu dira gauzak.

Bai, garai hartan apenas genuen loturatik transexualitatearekin. Nola ba, ez zen existitzen eta! 2007ko buelta hartan beste lehentasun batzuk zituen mugimendu feministak. Nik trans munduarekin harreman gehien Euskal Herritik kanpora joan nintzenean izan nuen. Egun, Brayanek mugimendu feminista goraipatu egiten du, generoa ezbaian jartzen duen mugimendu feminista bere erosotasunerako funtsezkoa izan dela dio. Simone Beauvoirrek emakume jaio ez, egin egiten zela esaten zuen, hau da, generoa egitetik ulertu beharreko kontua dela. Transek arau hori kasik materialki gorpuzten dute, agerian utziz generoa sozializazioaren bidez eraikitzen dugula. Brayanek izugarri ondo azaltzen du hori elkarrizketan. Berak garbi dio, helburua bera kimera bat dela. Zer da helburua, passing-a lortzea? Gizon cis hetero bat bihurtzea? Ez, helburua ez da bukaera duen zerbait. Garen hori izateko helburuak jartzen ditugu, baina garen horrek ez du bukaerarik, beti ari gara birsortzen, erabakitzen zeintzuk garen, denok. Moioren lehen intuizioa zen “errore” bat zegoela bere baitan, bere izatetik bera zenera, baina ez zuen diskurtsorik hori azaltzeko. Gizon bezala identifikatzen zen, baina ez dakit esaten transekin zenbaterainoko ispilua sentitzen zuen. Nik uste, bere kezka nagusia etorkizun ezatik zetorrela. Bai, esan zigun Aimar zela, eta izena aldatzea pausu handi bat zen, baina iruditzen zait ezinezkotzat zuela sentitzen ari zenari forma ematea.

Saiakera honetan askotan irakurtzen da “ezjakintasun” hitza; errepikatzen da sentsazio hori;“Orain dakigun erdia orduan jakingo bagenu…”

Jakintzarenak badauka bere tranpa konparazioetan hasterakoan, testuinguruarekin erabat lotuta baitago. Lagun taldeko solasaldian aipatzen da, transexualitateaz bakarrik ez, baten bat gaizki bazegoen zer egin behar zen ere ez genekiela. Eta hori, asko hitz egiten genuen lagun taldea izanda!Adinak eta sozializazio motak eragiten du, noski, baina transexualitatearen kasuan erreferente falta zen gakoa. Gaur egun, sare sozialetatik etorri den aldaketa positibo nabarmenena hori da niretzat: erreferentzialtasuna. Orain hamabi urte, bai, bazeuden foro batzuk baina oso diskurtso traumatikotik hitz egiten zuten, eta oso norberarenetik. Brayanek izen aldaketa sare sozialen bidez eman zuen aditzera, eta pausu hori emateko erraztasun bezala ulertzen du interneta. Arriskuak ere baditu: erasoak jasateko oso espazio zaurgarriak dira, baina Brayanek anekdotiko bezala kontatzen ditu. Beste belaunaldi batekoa da bera, atzora arteko sentimendu traumatikoak, militantziarako motortzat dituzten belaunaldikoa. Oraindik ere, gizarte bezala, ez gaude puntu horretan.

Moio: gordetzea ezinezkoa zen, zure bigarren argitalpena da. Lehen liburua Igartza Beka medio idatzia; hau, berriz, Tene Mujika bekarekin. Bi liburuen harreran desberdintasunik sumatu duzu?

Moio-ren harrera lasaiagoa izan da: saiakera da, oso gai zehatzekoa, maiatzean argitaratua… Ez dut uste harrera txarra izan duenik, baina helburuak desberdinak ziren. Niretzat garrantzitsua zen herrian eta familian ondo hartzea, eta memoria jasotzeko tresna bihurtzea. Ez dut irakurlearengan horrenbeste pentsatu. Lehen liburuarekin nekatuta bukatu nuen, elkarrizketa eta irakurle-talde asko izan ziren, eta oraingoan ez nuen hori egin nahi. Idazketa oso intentsoa izan zen, eta, gainera, ez nuen edozein lekutan hitz egin nahi liburuaz, espazio zehatzetan, mugimendu feministarekin lotutakoetan… Hortxe nahi nuen Moio.

Nobela bat aurretik, saiakera ondoren. Idazlea zarela zein tonutan esaten duzu?

Jartzea asko kostatzen zaidan etiketa bat da. Besteek jartzen badidate, hobe! Emakumeoi gertatzen zaigu: dibertsifikatu egiten gara, literaturan ere, genero desberdinetan gabiltza, bakarrean gelditzeko beldurrez. Hanka askoko mahaia erortzen zailagoa dela usteko bagenu bezala. Joera horretatik badu “idazle” bakarrik ez izan nahiak, baina badu baita nahitik. Idazle izan nahi dudan arren, ez dut hori bakarrik izan nahi, eta hori baino gehiago naiz aldi berean.

Eider Rodriguezek lau emakume idazle elkarrizketatu ditu, eta idazkuntza gorputzarekin lotu. Zuk nola sumatzen duzu gorputza idazterako garaian?

Ni intuizioen arabera jokatzen saiatzen naiz. Jarri eta egin. Ez naiz aurreikustekoa. Arrakastari loturiko presioa kendu nahi izaten dut. Egingo dudana, niretik egingo dut, ez naiz hasiko nigan edo nire inguruan ez dauden zapalkuntzez idazten. Eta gorputz pribilegiatuagoak marrazten baditut, halaxe egingo dut; hau da, bankero baten bizitzaz ez dut idatziko, ezpada nik ekonomiarekin izan dudan harremana azaltzeko. Aurreko liburuko pertsonaia lesbiana zen eta asko galdetu zidaten horren inguruan. Egia esan, asko pentsatu gabe egin nuen, ni halaxe naizelako, eta heterosexualitateaz hitz egin behar badut oso modu kritikotik hitz egin beharko nukeelako. Bai, nire gorputzabadago nire obran, eta ez zait interesatzen ariketa estetiko-artistiko hutsak egitea, obratik bereizitako idazlea izatea. Zintzoagoa iruditzen zait niretik aritzea, ez literaturan bakarrik, edozein sorkuntza motatan.

 

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.