Arrate Hidalgo: “Baztertutako identitateek betidanik idatzi dute zientzia fikzioa”

Arrate Hidalgorekin hitz egin dugu. Aurten, bigarren aldiz antolatu dute Bilbon Ansible Fest, zientzia fikzio feministari buruzko jaialdia, eta bera dugu arduradunetako bat. Horrez gain, itzultzailea ere bada Hidalgo.

yo-acett

Ansible Fest jaialdia antolatu duzue bigarren aldiz. Hasteko, zer da Ansible Fest, eta nolatan sortu zen jaialdia antolatzeko ideia eta proiektua, zer helburu zenituzten?

AnsibleFest zientzia fikzioak feminismoari lotutako arduretaz aritzeko daukan gaitasuna erakusteko eta indartzeko jaialdia da. Sangre Fucsia DIY irrati saio feministako kide den Laura Gaelxekin hizketan sortu zen ideia, eta, laster, beste bi kiderekin batera, Bilbon antolatzea erabaki genuen; alde batetik, Madril/Bartzelona zurrunbilotik atera nahian, eta beste alde batetik, euskaraz sortzen eta berreskuratzen ari zen emakumeen zientzia fikzioari lekua emateko. Helburu nagusia zen gaiari buruz sare sozialetan ematen ari ziren hainbeste elkarrizketei eremu fisikoa eskaintzea; hau da, digitalki handitzen ari zen olatua fisikoki gauzatzea eta sarea espekulatibo feminista indartzea, toki batean ezarriz.

Zer balantze egin duzue bigarren jaialdi honen ostean? Helburuak bete dituzue?

Gure helburua iaz hasitako elkarrizketekin jarraitzea eta bai gaiak bai zientzia fikzioaren eremuak (zinema, musika, rola…) are anitzagoak izatea zen, eta dudarik gabe, helburu hori bete dugu. Aurten argiago daukagu zenbat lagun etorri diren, badakigu ere hedabideen arreta ez dugula galdu, nobedadea ez izan arren, eta halako informazioa oso baliotsua da guretzat hirugarren jaialdi bat muntatzeari begira.

Lehen ediziotik bigarrenera ezer aldatu al da? Agian goiz da esateko, baina bide honekin jarraitzekoa asmoa al duzue? Zer aldatu/gehitu nahi zenukete?

Bigarren jaialdia antolatzean, iaz hasiberriak izatearen “komodina” falta zitzaigula pentsatzen nuen maiz. Gogo eta urduritasun handiz estreinatu ginen eta jaialdira etorri ziren guztien artean berritasun hori nabarmena zen. Une oro ospakizun giroa sentitzen genuen, oso elektrikoa. Aurten, alde horretatik, lasaiagoa izan da, askok bazekiten zer espero zezaketen (eta horrexegatik itzuliak ziren). AnsibleFest “instituzio” gisa oraindik ikusten ez badut ere, egia da iaz lortutako errespetua (baliteke) aurten baieztatu dugula eta alde horretatik oso pozik daude. Alde praktiko batetik, Gaelx falta izan zaigu aurten eta nabaritu dugu, baina jaialdira etorri zen, entzulea izatearekin pozik.

Datorren urteari begira, aniztasuna gehiago zabaltzea izango litzateke asmo bat (aurten hamaika arrazoiengatik sartu ez diren ikuspuntu eta gaien artean, adibidez, osasun mentala dago). Baina aipatzen duzun bideari dagokionez, jaialdiaren harremana erakundeekin eta jaialdiaren izate “feminista” hori aztertu nahi dugu: nola jarraitu bide feminista batetik, ez soilik arlo tematikoari begira, baizik eta antolakuntza praktikei ere.

Zer azpimarratuko zenuke jaialditik? Zer ikasi duzu edo zer geratu zaizu bereziki gogoan? 

Bi gauza azpimarratuko nituzke, oraintxe gogora datozkidanak: bat da jendearen prestutasuna; AnsibleFest-ek sortzen du giro ia magikoa non beti dagoen norbait guri edozein arazorekin laguntzeko, eta laguntza horri esker izan dugu halako arrakasta.

Bestea da euskarazko zientzia fikzioak aurten izan duen eremu zabalagoa. Oraindik harritzen nau zuk [Danele Sarriugarte] eta bertsolariek [Uxue Alberdi, Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Eli Pagola] baietz esan izana zientzia fikzio bertso saio bat antolatzeari, eta oso momentu berezia izan zen niretzat; bai zientzia fikzioari lotzen nauen ibilbide pertsonalarengatik, bai AnsibleFest kalera ateratzeko aukera eman zigulako.


 

Itzultzailea, editorea eta kultur eragilea zara. Kontatuko diguzu apur bat zein izan den zure ibilbidea alor horietan?

Prekarietate aro honetan arraroa egiten zait nire lana edo ibilbidea finkoa balitz bezala deskribatzea, baina bai, nire ogibide nagusia itzulpengintza dela esango nuke. Badira sei urte nire kabuz hastea erabaki nuela, eta literaturatik aparte hedabideentzat, akademiarentzat eta bezero komertzial batzuentzat itzultzen dut. Zientzia fikzioaren arloan, itzultzeaz gain, AEBko argitaletxe feminista Aqueduct Press-en editore-lanak egiten ditut, eta urriaren amaiera arte izendatuko ez dudan beste proiektu bat prestatzen ari naiz. Kultura eragile gisa, consonni radio con AZ programaren parte den “¿Qué haría Barbarella?” irrati saioa sortu dut Laura Lazcanorekin, eta Zarauzko sare LGTBQ-rekin ZFFZ! irakurle kluba antolatzen dut, zeinean zientzia fikzioa irakurtzen dugun, ahal bada euskaraz, eta ikuspuntu feminista/kuir batetik komentatzen dugu.

Atzerrian ibili zara, ezta? Zer ekarpen egin dizu hemendik kanpo ezagututakoak? 

Bai, Erresuma Batuan bizi izan nintzen zazpi urtez, Seattle-n ia urte erdiz, eta aukera izan dudanean beste leku batzuetan igaro dut boladaren bat. Kanpoan bizitzeak eta lan egiteak, nirea ez den beste hizkuntza batean egunerokoak egiteak, erabat aldatu ninduten pertsona gisa: gazteleratik eta hiri txiki batetik nentorrela, Londreseko mega-hirian egin ahal izan nuen generoarekiko esperimentatze horrek salbatu egin ninduen nolabait. Politizatua bueltatu nintzen, erradikalagoa, agian, han ezagututako jendeari esker.


 

Noiz zaletu zinen zientzia-fikzioarekin? Zer etorri zen lehenago, zientzia-fikzioa ala feminismoa? Alegia, zientzia-fikzioaren bidez iritsi ziren feminismora, ala alderantziz izan zen? 

Txikitan ez nuen zifia hain gustuko; zifi mota asko daudela eta niri gustatzen zitzaidana aurkitu nezakeela deskubritu nuen Ray Bradbury-ri esker, nerabezaroan. Eta handik urte batzuetara, Leeds-en ikasle nintzela, zientzia fikzioaren bidez, feminismora iritsi nintzen. Joana Russ-en The Female Man (“Gizon emea”) irakurtzean, hain zuzen. Oso liburu haserrea, sutsua, eder-ederra.

Zientzia-fikzioaren eta feminismoaren inguruan hainbat aurreiritzi edo topiko daude, ez dakit zientzia-fikzio feminista esanda inori ezer argirik okurrituko ote zaion. Nola deskribatuko zenuke zientzia-fikzio feminista? Zerk sortzen dizu halako erakarmena?

“Zientzia fikzio feminista” izena ematen zaie 60eko hamarkadan AEBn sortutako zientzia fikzio lan batzuei, Russek edo Le Guin-ek adibidez idatzitakoak. Baina gaur egun nik esango nuke feminismoarentzat garrantzitsuak diren gaiez aritzen den zientzia fikzioa dela, eta feminismoa diodanean esan nahi dut sexualitateari, arrazari, desgaitasunari, herritartasun/kolonialismoari eta beste esperientziei lotutako izateak barne hartzen dituen feminismoa. Nik mundua ezagutu egin dut beti fikzioaren bidez, istorioen bidez, eta nik bezala, beste askok. Errealitate ezberdinak, posibleak, ezinezkoak irakurtzea gustatzen zait, eta horien artean, izaki politizatu gisa, gai politikoetan aritzen den literatura “prospektiboa” eta arraroa da nire gogokoena.

Gogoko dituzu idazle batzuk aipatuko?

Samuel Delany, Ursula Le Guin eta Octavia Butler izendatuko ditut hasieratik, zientzia fikzioan eta fantasian arituak (Delanyk kuir literatura orokorrean asko argitaratu badu ere). Baina beste hamaika daude: Hiromi Goto, Isaac Fellman, Gabrielle Squailia, Sofia Samatar, Luis Carlos Barragán, Karen Lord, Almijara Barbero Carvajal, Liliana Colanzi… Eta, aurreko batean, C.J. Cherryh-ren Foreigner sagaren hirugarrena amaitu nuen, space opera politiko bikaina.

Aurtengo Pikarako aldizkarian zientzia fikzioa deskolonizatzeari buruzko artikulu bat argitaratu zenuen, eta bigarren Ansiblen zera aztertu duzue, LGTB harremanek nolako presentzia duten zientzia fikzioa. Gizartean nagusi diren botere-harremanen aurkako alternatibek nolako tokia dute eremu horretan?

Baztertutako identitateetatik betidanik idatzi egin da zientzia fikzioa: hor dira Rokeya Sakhawat Hossain-en Sultana’s Dreambezalako eta ez-bezalako emakumeen gizarte utopikoak (asko nahiko kolonialistak baziren ere), edo gizarte arrazistei begira egin dieten klasikoak, W.E.B. Du Boisen 1920eko “The Comet”, adibidez. Argudiatu egin da ZF-ren garapena, Mendebaldean ezagutzen dugun moduan, herrialde jakin batzuen (AEB eta SESB, nagusiki) hedapen kolonialari lotuta dagoela, baina pentsamolde espekulatiboak itxura anitzak hartzen ditu, eta badira “zientzia” eta ezagutza edo aurrerapentzat hartzen dugunari erronka egiten dioten mugimendu deskolonialak; afrofuturimoa, esate baterako. Mugimendu honetan presentzia handia daukan Walidah Imarishak dio aktibismoa zientzia fikzioa dela, etorkizunari begira gauzatzen baita.


 

Euskal Herrira itzultzearekin batera, euskararekiko lotura berreskuratu duzula uste dut. Hainbat egitasmotan zabiltza: Zarautzen zientzia-fikzio irakurle-talde bat sortu duzue, Ansiblen bertan euskarazko ekitaldi gehiago antolatu duzue aurten. Mayi Pelot idazlearen omenezko mahai-inguruan parte hartu zenuen… Kontatuko didazu nola bizi dituzun lotura horiek? Deskubrimenduak? 

Zientzia fikzioaren bidez mugitu egin naiz munduan zehar aspalditik jada, eta banekien Euskal Herrira bueltatzean lotura hori mantenduko nuela; ezin naiz geldirik egon. Zarauzko taldea osatzea kasualitatez gertatu zen, Leire Lopez Ziluaga editorearen proposamenari esker, eta euskarara bueltatzeko aukera ederra eman dit, nahiko prozesu emozionala niretzat, bide batez. Nik ikastetxean eta senide batzuekin baino ez dut euskaraz egin 30 urte bete arte, egiatan, eta 17 urte nituenetik euskaraz kasik egin gabe bueltatu nintzen Bilbora duela urte pare bat, euskaraz egitearen lotsez. Zuk izendatu dituzun gertakizun horiek, eta prestatzen ari naizen beste batzuk, ezinezkoak lirateke hainbeste jende beso-zabalik hartu ez balu nire lana (eta nire burua): Zarauzko LGTBQ taldea, Sareinak taldea, Ana Morales, Itxaro Borda… Horregatik diot prozesu emozionala dela: nire lana (aktibismoa, “gorputza jartzea”), nire izate kuir deserrotu hau ongi etorria izatea itzela zait. Zientzia fikzioari esker euskararekiko inoiz izan ez dudan harremana daukat orain, eta harreman horrek mundu berri-berria zabaldu du nire aurrean.


 

Charlene A. Carruthersen liburu bat itzultzen ari zara; azaroan argitaratuko du consonni argitaletxeak. Zer moduz doa lana? Zuk aukeratu zenuen obra hau itzultzea? Hitz egingo zenidake apur bat gehiago honi buruz? 

consonnitik idazlearen identitatea (beltza, lesbiana) partekatzen zuen itzultzaile baten bila egon ziren, baina itzulpengintza literarioaren arloa, eta argitalpen mundua orokorrean, oso zuria da oraindik. Momentu hartan nik ez nuen lana har zezakeen inor ezagutzen; zorionez nire itzultzaile sarea zabaldu da azken boladan. Igaro zen denbora eta, beste proiektu batengatik harremanetan geundenez, azkenean deitu zidaten lana eskaintzeko. Nire itzulpena amaituta dago momentuz, orain zuzentzen ari dira. Londreseko eta AEBko aktibistekin lotuta egoteari esker liburuaren testuingurua ondo ezagutzen nuen. Lan konplikatua izan da, dena dela, AEB-ko hiztegi politikoari eta errealitate kulturari berariazkoak diren hitz ugari daudelako (arrazari eta identitate kuir-ei dagozkienak, adibidez), eta gaztelerazko testuinguruan erabilgarriak direnak aurkitzea ez da beti agerikoa. Gazteleraren “maskulino generiko”-arekin bueltaka ere ibili gara.

Zer itzuli nahi zenuke, zein dira zure ametsak alor horretan?

Amets bat betetzen ari naiz oraintxe bertan, idazle baten itzulpenarekin, baina ezin dut oraindik esan nor den. Inoiz Samuel Delany itzultzea, agian eskarmentu gehiago daukadanean

Besterik?

Egon adi Durangoko azokan, besterik ez! Kar, kar.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.