Bernarda Albaren etxea defendatuko dute

Ugaitz_Agirre

Maite Artolak tertuliakidea moztu eta Madrilera egin du jauzi. 9:30ak bueltan dira eta Kataluniako Procesaren inguruko epaia aditzera eman dute. Jada aurreko egunetako filtrazioek giroa berotua zuten, eta astelehenekoa aste bukaeraren konfirmazioa besterik ez da izan. Katalanak kalera irten dira haserre eta suminduta. Kaleak moztu dituzte protestara irten direnek, baita Prateko aireportua blokatu ere. Eta hauen aldetik indarkeria zantzurik ikusten ez bada ere sare sozialetan zabaltzen diren irudietan, poliziak kargekin erantzuten du.

Hala ere, ez dut gehiago sakondu nahi horretan. Gutxienez astebeteko atzerapenarekin irakurriko duzu testu hau eta ez dakit zer nolako bilakaera izango duten astean osoan zehar deitu diren ekitaldiek. Egokiagoa iruditzen zait aldatuko ez diren gauzei buruz hitz egitea, horrela testutxo hau ez dadin anakroniko bihurtu.

Urriaren 14ean, Espainiako Gobernuak Twitter bidez zabaldutako bideo baten berri eman dute irratian. “Espainia denen etxea” izenburuarekin, gazteleraz eta ingelesez, Espainia estatu demokratikoa dela erakutsi asmo du gazteleraz, ingelesez eta frantsesez mintzo diren gobernukideek osatu duten bideoak. Berria entzun bezala barre ironikoak eztanda egin dit garunean. Artolaren tertuliakideetako batek dio zein puntutara iritsi den epaiketa, non gobernua behartua sentitu den halako demokraziaren autobaieztapena egitera. Demowashing kontzeptua erabili du beste batek.

Baina aurpegi zuriketa hori kanpora begira egiten dute. Bere maila berean aurkitzen diren solaskideei hitz egiten die, demokrazia falta salatzen dugunok beherago kokatzen gara eta hainbatetan aipatzen duten eztabaidarako gonbita apaizaren sermoiak dira: pulpituko bakarrizketa eta behekoek amen. Hala izan ezean, kastigua bekatariari. Horregatik ez dute katalanik, euskararik edo galegorik ahoan ministroek.

Bernarda Albari aurre egiteak heriotza esan nahi du. Hori eta etxeko trapu zikinak etxean gordetzea esango dutenaren beldur.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.