Kalean da Bernado Atxagaren nobela berria

Duela astebete aurkeztu zuen Bernardo Atxagak bere liburu berria, Etxeak eta hilobiak, jendaurrean; Pamiela etxearen eskutik argitaratu du. Atxagaren ibilbideko hamargarren eleberria da, eta autoreak berak argitalpenaren aurretik hainbat tokitan esan duenez, azkena izatea nahi luke. Duela 40 urte El Pardoko kuartelean aditu zuen mika baten kanta izan da eleberriaren lehen izpia.

Captura-4-1024x564

Kalean da Bernardo Atxagaren liburu berria, Etxeak eta hilobiak. Bere ibilbideko hamargarren nobela da, eta autoreak berak argitalpenaren aurretik hainbat tokitan esan duenez, azkena izatea nahi luke, bestelako jardun txikiago batzuei tokia egin nahi baitie.

Atxagaren kolpeak

Pamiela etxearen eskutik kaleratu du lana, ohi bezala, eta aurkezpenean lagun izan zuen bertako editore Pello Elzaburu. Editoreak berak nabarmendu zuen Atxagaren traiektoria, esanez Etxeak eta hilobiak dela Atxagak zenbait urtean behin eman ohi duen kolpe horietako bat, hala nola izan diren Nevadako egunak (2013), Soinujolearen semea (2003) eta, jakina, Obabakoak (1988).

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu zuten liburua, eta aurkezpenaren mahaia osatzeko, hantxe egon zen, egilearekin eta Elzabururekin batera, Frantxis Lopez-Landatxe, kulturguneko zuzendari ohia. “Irakurle xume” baten iritzia eskaini nahi izan zuen Lopez-Landatxek, eta hala zerrendatu zituen Atxagaren eleberria maisulan bihurtzen duten ezaugarriak, besteak beste, pertsonaiak zehazteko abilezia, oroitzapenak, beldurrak, gabeziak, etsipena, alaitasuna eta beste hainbat sentipen irudien bidez era naturalean aurkezteko gaitasuna, hizkuntza arin, natural eta lasaia eta irakurleak giroan murgiltzeko trebezia.

Mahaian ez egonagatik, Asun Garikanorekin egindako elkarlana azpimarratu zuen idazleak. Liburuaren kreditu-orrian dio Garikanok egin duela edizio-lana, baina Atxagak ñabardura gehitu zion, esanez edizio-lana baino gehiago, bien arteko kolaborazio estua izan dela eleberrian.

Mende erdi historia, mika baten kantuan

Txori bat izan omen zen Etxeak eta hilobiak lanaren abiapuntua. Txori hark, mika bat, abiatu zuen oroitzapenen segida, eta eman zion bidea historiari. Duela 40 urte aditu zuen Atxagak mika haren kanta, El Pardoko kuartelean, soldadutza egiten ari zela, eta aldean eraman du harrezkeroztik, iruditzen baitzaio halako leku batean dagoen txoriak gauza oso inportanteak bil zitzakeela, gai unibertsalekin lotutako kontuak. Edonola ere, autoreak adierazi zuen ideiek beti behar dituztela hegoak, hegan egin nahi badute, eta bere mikak hainbat saialdi egin ei zituen harik eta mugitzeko gai izan arte.

Beraz, mikari eta kuartelari dagozkionak ez dira agertzen bigarren atalera arte –nobelak sei ditu denera–. Hori baino lehen, kuartelarekin antz handia duen beste instituzio bat agertzen da: kolegioa (diziplina, egitura bera, mutil eta gizon gazte asko biltzen dira elkarrekin…). Hara joan da, Paueko kolegio batera, Elias mutikoa, frantsesa ikastera. Joan, eta mutu itzuli da. Lehen atal horretako pertsonaiak aurkituko ditugu beranduago liburuaren beste ataletan ere: Eliseo, bikiak…

Obabakoak lan sonatuarekiko alde bat aipatu zuen Atxagak: liburu berrian, atal guztiek dute data bat (salbu eta bosgarrenak, telebistan gertatzen baita). Zer esan nahi duen horrek? Bada, Atxagaren hitzetan, kontuan hartu duela historia, historian kokatuta daudela gertakariak. Egunkarietako datuak agertzen dira (adibidez, 1972ko Olinpiar Jokoak), baina, horrez gainera, historikotasun horrek esan nahi du liburu honetako mika ez dela mika mitiko edo magiko bat, ezpada bere garaiak kutsatutako mika guztiz material bat. 1970ekoa da eleberriko atalik zaharrena, 2017koa berriena. Mende erdia, kasik, non dena aldatu baita: objektuak, noski, baina baita jendearen izaera ere.

Aldaketa, mugimendua: horixe da eleberri honen funtsetako bat; hori nabarmendu zuen autoreak aurkezpenean. Gauza bera ei dira bizitza eta mugimendua, bizitza eta aldaketa. “Mugimendu horiek ahalik eta gehien eta zuzenean” jaso nahi izan ditu Atxagak nobela honetan, eta bere erronka izan da “mugimendu horiek jasotzea, mugimendua duen testu batekin”.

Kritikak, elkarrizketak eta ikastaroak

Egile honen liburuek jakin-min handia pizten dute aldiro, horren erakusgarri da Koldo Mitxelenako aretoa leporaino bete zuen jende saldoa, kazetari zein zale. Pasa den asteburuan argitaratu zen eleberriari buruzko lehen kritika, Joannes Jauregik sinatua (hementxe irakur dezakezue) eta egileak dagoeneko eskaini ditu liburuari buruzko elkarrizketa batzuk, hala nola irratian, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta El Diario Vasco egunkarian. Bestalde, azaroaren 8an eta 9an, idazketari buruzko tailer bat eskainiko du Atxagak Donostia Kulturaren ikastaro-programaren barruan: “Nola jarri zintzarria katuari”. Xehetasun gehiago, hemen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.