Eider Perezen hirugarren sormen lana: “(Bertan behera)”

Eider Perezek hirugarren kolaborazioa publikatu du “Sormen lanak” atalean: (Bertan Behera). Irudiaren egilea: Esti Unanue.

(Bertan Behera) Irudia

( BERTAN BEHERA )

Subjektua 10: Hori da zuk diozuna. Nik nola sentitu naizen adierazi dut, besterik ez.

Subjektua 12: Niri ez zait iruditzen desberdin tratatzen zaitudanik. Urteak badoaz, lagunak gara eta konfiantzak hori du. Batzuetan, galdu egiten da lagun-min izateko arrazoia. Gehiegi ezagutzen zaitut. Zure kuleroak buruz zerrendatu ditzaket, zaharrenetik berrienera.

Subjektua 10: Muki bat duzu hor.

Subjektua 12: Alergia.

Subjektua 10: “Gehiegi ezagutzen zaitut?” Edo ez. Esango nuke ez nauzula hainbeste ezagutzen. Oraindik ez duzu mukia kendu. Bizitzen aldatu egiten gara. Gu biok ez gara gure forma berriak ikusteko gai. Iraganeko elkarren irudian trabatuta geratu gara.

Subjektua 12: Viva el drama! Mari Purtzil eta Bridget Jones inbokatu dituzu. Pesada. Petarda. Plasta. Plomo. Gehiegi pentsatzen duzu. Animaliago izango bazina. (A-ni-ma-li-a-go i-zan-go ba-zi-na). Animaliago. Basurde. Suge. Kilker. Akuri. Arratoi.

Kri, kri! Kri, kri!

Subjektua 10: Aitortu behar dut nazka ematen didazula batzuetan. Hodei lodi bat jartzen zait buru-gainean zurekin nagoenean eta ezin dut kendu. Zuk egiten duzun edozerrek egiten dit traba. Zure denak egiten dit enbarazu. Muki-zapia beste behin sofa bazterrean, ala! Zure maniak. Gauza serioez hitz egin, eta txantxa noiz datorren ezin da jakin zurekin. Zure begiraden ezerosotasuna. Ez da amorrua. Zuganako miresmena ere badut, baina…

Subjektua 12: Bai nik ere, baina…

Subjektua 10: Nora joango zara orain?

Subjektua 12: Arraina erosiko dut afaltzeko. Muki-zapirik baduzu?

Analista: Nora zoazte ba? Amaitu al da? Listo?

Subjektua 10: To.

Analista: Orduan, bertan behera utziko dugu sesioa? Bai? Nora zoazte ba? Seguru? Bertan behera bat, bertan behera bi, bertan behera…

Gora ba, drama!

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.