GOLDSMITHEN IKASLEA – JOXEAN AGIRRE

20190607_110407


 Zergatik ditut hain gustuko Joxean Agirren liburuak? Autore peto-petoa delako nire kontzeptuaren arabera behintzat, hau da, estilo eta mundu propioak, bereziak, kuttunak dituelako. Taxuzko idazlea erraz eta atseginez bereizten den idazkera baten jabea delako. Nire ustetan behintzat, berriro diot, literatura garbi-garbia euskaraz egiten duten bakanetako bat, hau da, unean uneko moda edo joera literarioei muzin eginez bere bideari eusten dioten bakanetakoa. Joxean Aigurren helburu nagusia bere mundu/eremu literario apartekoa bezain apaina erakitzea, eskeintzea, ederrestea baita. Eta zer topa dezakegu Joxean Agirreren mundo/eremu literario propio eder horretan? Ezer baino lehen literatura jostailu zein inspirazio iturri naroa duena, literatura baita bere liburu guztietan aitzakia nagusia istorioak eta pertsonaiak asmatzeko, mota guztietako gogoetak egiteko, giro apartak sortzeko, beharbada barra-barra idazteko soil-soilik. Metaliteratura goxo-goxoa, inondik inora aspertzen ez duena guztiz kontrakoa baino joko eder eta oso argigarria baita. Horrez gain badaude beste osagai batzuk berehalaxe antzematen zazkionak Joxean Agirreren literaturari, sexoarekiko gorabeherak edo, menturaz gehienbat, bikote artekoak, irakaskuntzarekikoak, euskal kulturarekikoak, egiazko kosmolopolitismo zaildu batekikoak eta batik bat bizitza gozatzeko grinarekikoak, besteak beste. Alabaina, baldin badago osagai bat benetan nabarmentzekoa, haren liburu guztiak nolabait sostengatzen dituena, hori da duda izpirik gabe umorea. Umore txit fina, sotila, hau da, leitu ahala irriparrea ezpainetan etengabe eusten dizuna, baita, nire kasuan behintzat, irakurketa amaieraino laguntzen duena ere. Bai, Joxean Agirren liburuetan egoten ez baita egiazko tramarik, gehienetan pasadizo zein gogoeta sorta baten erreskada baita, non pertsonaien aurkezpena zein barne/bizi giroen eraikuntza guztiz garrantzitsuagoak, mamitsuagoak, diren. Hori guztiori ezin txukunago, trebeago, idatzirik eta kontaturik, Agirreren idazketa hitz-uhar ezti eta jostagarri bat baita ezari-ezarian bizipozez zipriztintzen zaituena, plazeren zirmiria.

Egia esanda, eta agian gehiegitxo laburbilduz edo, Agirren literatura ez hain aspaldiko frantses literaturarekin parekatzeko joera bizia izaten dut: Modiano, Echenoz, Djian, Joncour, Quignard, non munduari eta batez ere gizakumeei begiratzeko sotiltasuna nagusi, oinarri, den; baina, Joxeaxen kasuan umorez, edo ironia are zorratzagoaz, gertukoagoaz. Izan ere, Joxean Agirreren liburuetan oso frantses kutsu nabaria begitantzen zait, edo baliteke nik neuk holaxe izatea nahi dudala, auskalo, delako kutsua askotxo estimatzen dudalako. Edonola ere, Goldsmithen Ikaslea eleberriari buruz ezer gutxi esan nezake bere nondik norakoen kontura; narrazioa abiatzen denerako AEBetako unibertsitate batean idazketa ez-sortzailea irakasten duen Kenneth Goldsmith ospetsuaren ikastaro batean izena emanda dago narratzailea. Ikastaro bitxia da hau, bideo-jokoen antzera kokaleku zein pertsonaia birtualak —azken horiek ikastaroan parte hartzen ari direnen errepresentazioak dira— biltzen baititu, hasieran ikastaroaren planteamenduarekiko pixka bat eszeptiko agertzen bada ere, Goldsmithen onarpena lortzearren gogotik ekiten dio narratzaileak idazteari. Ezer gutxi gozatu baino egin ez baitut irakurri ahala, bertan topatzea espero nuena eurrez topatu baitut betiko lez, gogotik asebete nau beste behin ere. Eta zenbait pasartetan gogaitu ere egin naiz, hori baita estilo eta mundu propioko idazleek izan ohi duten akats nagusia, gauza bertsuak behin eta berriz esateko joera/arriskua izaten dutela askotan, hari beretik tiraka lehenago edo kontatutakoa bestelako molde baten azpian berriro azaltzen dutela enegarrenez. Baina berdin dio emaitzak ustezko akatsok ezin hobeto zuritzen dituelako. Horretarako, jakina, idazkera baten oso zalea izan behar duzu ezinbestez, ederto dakizulako zu gogobetetzen zaituenak beste batzuk asper ditzakeela. Izan ere, eta gorago adierazi bezala, niri Joxean Agirreren idazkera izugarri gustatzen zait oraintsu arte oso modan zegoen literatura agian zaharkitu baten tankera duelako, ezer baino lehen literatura egin nahi duena, ezer baino lehen bizitza ederretsi nahi duena, ezer baino lehen irakurleari poz eman nahi diona. Badirudi, ordea, egun puri-purian dagoena oso bestelakoa dena, beste behin ere konpromisoa xede duena, errealitatea errotik irauli nahi duena, kontzientziak kosta ahala kosta inarrosi nahi dituena. Horrexegatik ez da batere harritzekoa zenbait kritikalarik idatzi izana: “Ezin esan daiteke “Goldsmithen ikaslea” nobelak aurkezten digun maskulinitate toxikoa nobedadea denik. Aitzitik, euskal literaturan horren adibide gehiegi aurki daitezke.” Bai, baliteke, gaur egungo inkisidoreen hitzetan edo “zakilzaharren” literatura. Zorionez, Joxean Agirren liburuak nire apaletan egongo dira noizbaiten nire ezpainetan irribarre bat, auskalo nolakoa, konplizitatekoa edo guztiz kontrakoa baina betiere irakurtzen gozatzeko asmoz, marrazte aldera. Eta, gainera, baldin badu aukera zenbait inkisidore asaldatzeko, atsegin handiagoz. Panfletoak, berriz, denboraren poderioz lizuntzen dira.

 

Txema Arinas

Oviedon, 2019/11/08


Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.