`Negukoa ematen zuen udazkeneko gau hartan´

Sarean topatu genuen albistea, idazten.com web orrian hain zuzen. Izaskun Etxeberriaren narrazio berri batek irabazi duela Aguraingo Eskualdea II. Narrazio Lehiaketa. Negukoa ematen zuen udazkeneko gau hartan du izenburu ipuinak eta 36ko gerran girotua dagoela esan daiteke. Baina hau ez da Izaskun Etxeberriak irabazi duen sari bakarra. “Berriobeitiko Narrazio Erotikoen lehiaketa ere irabazi nuen joan zen udazkenean”, egileak berak e-postaz aitortu digunez. Guk, txoko honetan, Agurainen saritu dioten ipuina jaso nahi izan dugu. Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiogu Izaskun Etxeberriari bere sormen-lana gurekin partekatzeagatik. Ea zuek ere gustuko duzuen ipuin saritu hau.


Negukoa ematen zuen udazkeneko gau hartan



Euria zarra-zarra ari zuen negukoa ematen zuen udazkeneko egun hartan. Zopa-zopa eginik, San Adriango kobazulora hurbiltzea eta bertan atseden hartzea erabaki zuen Miguelek, Atabarrateko pasabidea seguruagoa zela esan zioten arren.
-Argi ibili hadi, Miguel, mikeleteak askotan San Adrianen egoten dituk ezkutuan ea inozoren bat harrapatzen duten, eta ez pentsa miñoiak baino gozoagoak direnik!
-Hortik joz gero berandutu egingo zaidak, Tomax!
-Buelta handiagoa duk, bazekiat, Miguel, baina ez dudarik egin, egidak kasu, hobe duk Atabarratetik pasatzea kabroi horiek harrapatzerik nahi ez baduk. Argi ibili, gero!

Iluntzeko puntuan atera zen bere Zegamako baserritik, mendi aldera ematen zuen atzeko ataritik. Etxeko txakurra, bere ohituretan desorduak izan arren eta askatuko zuelakoan, saltoka hasi zitzaion nagusiari ez baitzegoen ezusteko atsegin hura galtzeko prest. “Bat” gizajoari aldatu egin zitzaion begirada, ordea, atzetik joan ez zekion ukuiluan sartu eta erdiko zutabeko katean lotuta utzi zuenean. Lan gogorrak zailduriko bi beso haiek amultsuki besarkatu zuten lagun fidela, isil-isilik geratu zena gau hark ez zekarkiola onik bailekien. Gizonaren ez ohiko indar ahul hura animaliaren memorian iltzatuko zen. Miguelek, so egin gabe, begi nabarretan negar malkoak ikusi zizkion lagunari.
Ikasiko zuten biek bakarrik ibiltzen.

Aitonak oparitu zion ezpel-makila hartu zuen. Gurasoei ezer esan gabe alde egiteak barnea sastatzen zion, baina horrela hobe izango zen, ez zituen estualdi batean jarriko eta, apika, noizbait bueltatuko zen hainbeste maite zituen bihotz haien ondora, babestua sentiarazten zuen suaren epeltasun hartara. Ama gertatzen ari zitzaionaz jabetua zen harez gero, eta isiltasunetik hitz egiten zion azkeneko egunetan. Aita, berriz, zahatoak arintzen zion mundu inozoagoan bizi zen. Gaztainak erretzen utzi zituen sukaldeko txokoan, danbolinari eragin eta eragin.
Anttoni berriro ikusteko ilusioak kemena ematen zion.
Iluntasunak eta askotan behorren bila ibilitako bide ezagunak lagunduko zioten basoarekin bat izaten gau hartan.

Kobazuloko aire korrontea saihesteko, baselizaren hormak haitzaren kontra egiten duen zuloan eseri da Miguel. Hotzak gogorturiko eskuak igurtzi ditu soinean daraman zakuz egindako kapa lodia kendu baino lehen. Dardarka dago. Euriak ez du une bakar batean atertu. Joan zen urteko edozein unetan gozatuko zuen euriak, hosto eta orbelek lagundurik, konposatzen zuen doinuaz; gaurkoan, ordea, maldizioka ibili da urak irristarazi duen bakoitzean. Bere hats itoa aditu ahal izan du soilik San Adriango bidean. Ez dago garai bateko zintzarri hotsik baso eta larreetan.
Ixo! Zer ote duk hori? … Kurriloak! Kurriloak dituk!
Irribarrea sortarazi dio hegaztiak entzun izanak, gutxi iraun diona txoriek ere, berak bezalaxe, jaiotetxea abandonatu dutela konturatu denean.
Kurriloek behintzat, nik ez bezala, bazekitek nora doazen. Kurriloak, ni ez bezala, ez zituk inork atzerriko bidean jarri. Kurriloak, ni ez bezala, udaberriarekin batera etxeratuko dituk.
Kobazuloko haitz umelaren kontra kuxkurturik, hatz minduek atera ahal izan dute aitak amari gizondu duk gure Miguel esan zion goiz hartan oparitu zion kate erlojua. Orduan, inoren laguntzarik gabe, gobernatu zituen berak baserriko animaliak eta pago egur guztia txikitu eta pilatu ere egin zuelako. Garaiz habil berretsi dio bere buruari. Lokatzak xenda oztopatu arren, sekula baino agudoago egin du etxetik harainoko bidea. Bai, atsedenalditxoa egingo du bideari ekin baino lehen. Suerte handia eduki du: ez dago mikeleterik, ezta guardia zibilen arrastorik ere. Gustatuko litzaioke Tomax lagun handia lasaitzea, arriskurik gabe dabilela jakinaraztea. Su txiki bat egingo du: eskuak berotu, abarkak kendu eta artilezko galtzerdi lodiak pixka bat bada ere, lehortzeko.
Begiak iluntasunean ohiturik, hasi da txotx abarrak biltzen. Oso erreza ez den arren txoko batean bilatu ditu, baita orbel lehor eta adar lodixeagoak ere.

Hori dek! Suak indarberriturik ekin ahal izango diok Agurainera ailegatzeko falta zaidak puxkari. Eguna argitzerako Anttonirenean egongo nauk, ni naizela ezin sinetsirik ez zidak atea erabat zabalduko; neuk bultzatu egin beharko diat kale gorrian utz ez nazan, etxekoandrea ohar ez zedin. Miguel? Miguel! Hi haiz? Nola etorri haiz? Ondo al hago? Zer egiten duk hemen? Zerbait gertatu al zaik? Gure aita enteratzen baduk …! – esango zidak pasatzen utzitakoan- Nola bilatu duk etxea?
Pilatu ditu orbela, txotxa abarrak, adar lodixeagoak… Sartu du eskua atorrako poltsikoan.


Poxpoloak? Non kristo gorde dizkiat mistoak? Ez al dizkiat, ba, poltsiko honetan gorde? Kabendio!! Praketan… Praketan ere ez! Ezta zorroan ere! Ostia !! Bidean eroriko zituan, edo… hementxe bertan! Begiratzera noak. Ez, ez zegok hemen poxpoloren arrastorik. Inutila, Miguel! Orain ezin izango duk surik egin, mozoloa!
Amorruak harturik, baselizaren ondoko zuloan eseri da, atzera ere. Besoak belaun gainean gurutzaturik pausatu du burua paretaren kontra.
Uste baino atsedenalditxo motzagoa egin beharko duk, ba, Miguel. Hotzak akabatzerik nahi ez baduk.
Bere buruarekin konformeago, begiak itxi ditu. Badaki nolakoa den falta zaion bidea, behin baino gehiagotan egina duen ibilbidea baita. Feria handiak ziren Aguraingoak. Ondo ordaintzen zen han ganadua, inguruko eta kanpoko tratanteek urte guztian espero zuten egun handia izaten zen. Miguelen baserriko behorrak ere feria ospetsuak eskatzen zituen mailako buruak ziren: kategoriakoak, indartsuak, sendoak. Gogoan du behor rubia hura, ahal zuen guztietan Urbiako bidea hartzen zuena. Hango belar fina nahi dik; hango larreak gustatzen zaizkiok gure rubiari, Miguel! Esaten zion aitak behorraren bila abiatzen ziren bakoitzean.
Gaur ere salto batean jarriko da Zalduondoko Gurutze Bidean eta handik, herrian mugimendu susmagarririk ote dagoen egiaztatu ahalko du. Euri jasa lagungarria izango du gau honetan, ilargi amandreak ere luzatuko dio eskua, ez baitu agertzeko asmorik edukiko. Ez du arimarik ikusiko lo dagoen herria zeharkatzean eta zubi txikira iritsitakoan, salbu sentituko du bere burua, Lazarragako soldadu mutuek ez baitiote inori antzeman duten itzalaren berri emango. Dena den, ezin da fidatu, zuhurtziaz egin beharko du soro arteko bidea, baita Ordoñanatik pasatzerakoan ere, nahiz uniformerik ez dagoela jakin. Ezin du bere burua arriskuan jarri orain. Orain ez, behintzat, Anttoni besarkatzeko hain gutxi falta zaionean.
Baselizako paretaren kontra lo hartzen ari dela konturatzean, ikaratu egin da eta begiak igurtzi ditu jakin badakielako hori txarra dela, oso txarra; loa eta hotza elkartzen direnean deabruak direla. Leherturik dago gizajoa, ordea, eta ezin dio begiak zabalik edukitzeari eutsi. Azkeneko gauetan ezin izan du begirik bildu beldurrak jota, atorra urdineko taldea, ilunpea gaizkide, agertuko ote zitzaion ate joka gehien atsegin zuten garaian. Baziren egun batzuk Tomaxek, Anttoniren aitak salatu zuela egiaztatu ziola, eta kolkotik helduz alde egin beharko zuela herritik gaztigatu ziola.
-Hoa, Miguel! Alde egin behar duk! Hire burua salba ezak!
-Alde egin? Nora, ordea? Nola?
Herritik alde egin? Zer egin zuen, bada, jaiotetxea, gurasoak, “Bat”, lagunak … utzi behar izateko? Bera ez zen bazterrak nahasten ibiltzen zen horietakoa noren alde zegoen argi zuen arren. Gizon isila zen. Zergatik alde egin behar zuen? Eta ama eta aita? Ez al zen nahiko zigorra Anttoni galdu izana?
Tomaxek Anttoni aitarekin tren apeaderoan ikusia zuela kontatu zion argitu berria zen egun eguzkitsu hartan. Anttoni. Trenak eraman zuen.

Orain Miguelek ez du hotzik sentitzen. Norbaitek begiratu ahal izango balio irribarre goxoa, bakean dagoen gizonaren aurpegia ikusiko luke.
Hi, Miguel! Neska hori ez duk hiretako! Denbora galtzen ari haiz!
Zenbat aldiz ez ote zion Tomaxek hori errepikatuko. Oker zebilen, bada. Ez ziren, ez, maila berekoak: Miguel, baserri xume bateko maizterren semea. Anttoni, herriko etxe fuertenetako alaba. Dena kontra eduki arren, elkarri begiratzen zioten bakoitzean, zirrara ozen batek zeharkatzen zien barrena.

Anttoni. Nola desiratzen zuen gorputz hura! Ez zuen, ordea, sekula ukitu. Errespetatu egiten zuen. Anttonik nahi arte.
Orain ondo-ondoan dauka, bere aldamenean eseri zaio. Bero ematen dio negukoa ematen duen udazkeneko gau honetan. Azkeneko lanek lazturiko Anttoniren eskua sentitzen du atorraren botoiak askatzen. Bularra ferekatzen dio, geldi-geldi, suabe-suabe, hatz meheak bilo artean entretenituz, titiburuak tentetu araziz. Bai ondo! Anttoni, maitea! Belarriak goxatzen ditu Anttonik xuxurlatzen dizkion maitasun hitzak. Esku meheak beherako bideari ekin dio gorputz ezezagunaren bazter guztiei erreparatuz, erresistentziarik egin gabe kolonizatuko dituenak. Anttoniren eskuak gizonaren zentzumen guztiak bildurik, indar berri batek darama, poliki, deskriba ezinezko bakean murgilduz.

-Aizak, hi! Zer zegok hor?
-Hor, non?
-Higandik goraxeago, baselizako pareta ondoan, haitzak egiten duen zuloan!
-Ardiren bat izango duk!
-Ardirik? Noiztik ez diagu ardirik ikusi paraje hauetan? Ez dituk lehengo garaiak, ahaztu al zaik ala?
-Ostia! Gizon bat duk! Hator! Seko zegok!
-Kolperik edo tirorik ba al zeukak? Ez? Ihesi zebilen gorriren bat izango duk! Hotzak akabatuko zian. Naturak bazekik zer egiten duen, natura gurekin zegok! Kaka hiretako, sasikumea! Uztak, goazemak Atabarrate aldera, berandu duk eta!

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>