Aintzane Usandizagaren testua “Sinadurak” atalean: “Gotorleku jator eta pribilegiatu hori”

Aintzane Usandizagaren testu berria “Sinadurak” atalean: “Gotorleku jator eta pribilegiatu hori”.

Gotorleku jator eta pribilegiatu hori

Ez da bidezkoa hitz batekin tematzea, badakit, are gehiago jakinda hauen esanahia, fama eta pisua zein aldakorra den -gai honek beste zutabe baterako emango lidake-. Baina hitz honi halako ezinikusia hartu diot hainbat testuingurutan, onartu beharra daukat. Dena eta ezer ez esaten duelako. Sarri ezkutaleku bihurtzen delako gu eta gure sokakoak soilik ikusteko; gotorleku “besteak”, ezerosoak, kanpoan lagatzeko; aitzakia guztia dagoen moduan uzteko, ezer ez mugitzeko.

Hitza? Jatorra.

Baina, zer da benetan jatortasuna?

JATOR*:

1. on, ondradu, zintzo, zuzen, onestu, oso.
2. atsegin, gogoko.
3. esaneko, benetako, prestu.
4. iaio, jaseko, gisako.
5. jatorki, jatortasunez.
6. e. jatorri

1. Norentzat? zertarako? zeinen begietara?
2. Besteentzat, ZURE besteentzat; inoiz ez ezeroso, inoiz ez beste norabide batean.
3. Izan al liteke benetako eta esaneko aldi berean? nola?
4. Langilea, fina, beti prest eta gainontzekoen gisako: ez nabarmendu! (beste behin)
5. Jatorra izateko jatortzat sailkatua izan behar zara eta orduan zure jokaera jatorra izango da. Badu aristokratikotik zerbait: eremu jatorrean hazi bazara (familia, kuadrilla, ingurua…) ez duzu hainbeste frogatu beharko. Hala ez bada, hirukoiztu zure esfortzuak tokian tokiko jatorren erreinuan sartu ahal izateko. “Bere burua egin duen jator” hori izan zaitezke, zorte pixka batekin.
6. Jatorriz, berezko, hala delako. Honek aristokraziaren ideia sendotzen du batetik, eta tradizioa, gauzak hala izan behar dutelako direnaren ideia indartzen. (eta onartzen).

Tematuegi egon naiteke ni hitz honekin, edo hitz honek ekartzen dizkidan oihartzun itogarriekin… baina ez al dago tema orokor bat jatorra izatearekin? jatorrak garela demostratzearekin? Tarratarik seinalatzen digutenean besoak bularrera eramaten ditugu begiak zulora beharrean. Serieko hiltzailearen bizilagunak dioen moduan: “Nola ba! jator askoa zen eta! beti agurtzen gintuen!”. Zein zaila den “guria” ezbaian jartzea… Nola egongo da matxismoa gure eremuetan? Nola egongo da zapalkuntza edo xenofobia gu zapalduak izan bagara?

Ba bai, badago, eta horri buelta emango badiogu gure “jatortasuna” ere trabatu beharko zaigu eztarriko zuloan, behin eta berriro, benetan aldaketa, hobekuntza martxan jarriko badugu, guztiontzako eremuak sortuko baditugu.

Pentsatu beharko genuke tarteka zein pertsona, zein inguru, zein ekintza iruditzen zaizkigun jatorrak eta zergatik. Pentsatu zeintzuk ezeroso sentiarazten gaituzten, ezeroso geure onetik ateratzeraino eta zergatik. Agian hor badugu non murgildu.

* Sinonimo jatorrak Adorez hiztegitik hartuak izan dira

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.