Munduko feminismoa, euskarari emana

Jatorrizkoa argitaratu zenetik 70 urte pasa diren honetan, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua argitaratu du Eskafandrak euskaraz, Irene Arraratsek itzulita. Ez da baina, azken urteetan euskarara ekarritako teoria feministaren liburu bakarra. Euskarazko itzulpengintza eta feminismoa, kostatako bide batetik, fruituak ematen ari den praktika da dagoeneko.

bigarren-sexua-txalaparta-eus

“Emakume ez da jaiotzen, izatera iristen da”. Hori da, hain zuzen, 1949an Simone de Beauvoirrek Bigarren sexuasaiakerarekin teoria feministari utzitako irakaspena. Mugatua da baina, bi zatitan argitaratuko den lan mardulak hori bakarrik utzi zuela esatea, eta 70 urteren ostean, Eskafandra bildumak, Irene Arraratsen itzulpenarekin, euskaraz xehetzeko aukera emango die euskal irakurleei. Zazpi hamarkada behar izan dira horretarako, eta beste hainbeste, teoria feministaren beste hainbat obra eta autore gurean izateko. Zein bide izan du euskarazko itzulpengintza feministak? Nor ari da inurri lan horretan?

Bakartxo Arrizabalagak, azken olatu honen aurretik, 2007an, Senez aldizkarian idatzitako, “Itzulpena eta feminismoa” artikuluan, eman zituen jada bizi zen egoeraren inguruko hainbat zertzelada: “Baina zeregin horretan argitaletxe arruntek oso interes eskasa erakusten dute. (…) Baina, oro har, esan daiteke testu feministen hedapena emakumeen eskuz egiten dela, argitaletxe txikien eta autoedizioaren bitartez”. 

Ez zebilen inondik inora oker Arrizabalaga. Urte batzuk geroago 2012a zen eta ‘crowdfunding’ formula indar betean zegoen. Hori bera baliatu zuen consonnik Virginia Woolfen Gela bat norberarena euskarara ekartzeko, eta baita irakurleen aldetik erantzuna jaso ere. Urte horretan plazaratu zen Maria Coleraren itzulpena. Lehenago ere autore beraren aleren bat euskarara ekarria izan bazen ere, hurrengo urteetan ikusiko genuen Woolfen obra alez-ale euskaratzen, esaterako, Dalloway andrea eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea. Itziar Diez de Ultzurrun eta Ana I. Morales. Edo! Argitaletxea, 2014.

Lehen ale haiek izan ziren agian, hurrengo urteetan –bereziki azken hauetan–, euskarak bere egin dituen teoria, fikzio eta saiakera feministen emaria aurreikusten zutenak. Hauek guztiak, sarri hain ikusgarri egin ez ditugun itzultzaileek ekarriak eta onduak. Argitaletxeek ere egin dute apustua azken sasoian, eta horrek ere eman dio jauzia hastapenetako crowdfunding, autoedizio eta militantzia lanei.

Irene Arraratsek ere, militantzia horretatik gogoratzen du Bigarren sexuaitzultzen hasi izana: “Aspaldi hasi nintzen, liburua osorik itzultzeko eta argitara emateko inolako asmorik gabe. Lehendik irakurria nuen, eta gogoan nuen arrunt ona iruditu zitzaidala. Itzultzea gogoko dudanez eta feminista naizenez, hasieran ariketa gozagarri bat izan zen niretzat Bigarren sexua euskaratzen hastea, entretenigarri bat kasik. Aurrera egin ahala, ikusi nuen buka nezakeela eta izango zuela nork publikatua”.


Euskarria eta babesa

Arraratsek nola, beste hainbat itzultzaileek ere topatu dituzte haien testuak argitaratuko dituzten  hainbat euskarri, bilduma, edota argitaletxe. Elkar argitaletxeko Eskafandra bilduma da horren adibide argi bat. Haren koordinatzaileetako batek, Lorea Agirre Dorronsorok hain zuzen, bilduma estreinatuko zuen Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea (Danele Sarriugarte. Elkar, 2016) aurkezpenean hala adierazi zuen: “Euskarari eta feminismoari, biei, eskutik helduta arnasa ematea da gure helburua”. Lortu bidean emankor ari da, izan ere, hiru urte oparoetan, Silvia Federicci, Virginie Despentes, Judith Butler edota Carole Pateman bezalako autoreen lanak ekarri dituztelako euskarara.

Ez dira bakarrak ordea. Olatu honetan dabiltza beste hainbat argitaletxe ere. Esaterako, Katakrakek, azken urteetan Angela Davis, Silvia Federicci, Rosa Luxemburg, bell hooks edota Leslie Feinberg, ekarri ditu euskarara, besteak beste. Itzulpengintzan oinarritzen ez bada ere, Susa argitaletxeko Lisipe bildumak ere Monique Witting euskaratu zuen 2017an.

Aldatu da egoera beraz, eta hainbat argitaletxek ikusi dute beharrari euskarriak emateko urgentzia. Nor dabil ordea, testu hauen atzean? Noren interesei tiraka heldu da une hau?


Beharretik eragitera

Maialen Berasategik gogoz eutsi zion Carole Patemanen Kontratu soziala (Elkar, 2018) itzultzearen erronkari. Lehenago ere, Monique Wittigen Pentsamentu heterozuzena (Susa, 2017) taldean itzultzen ibilia zen. Azken garaiko euskarazko itzulpen feministen emariaz eta beharraz galdetuta, hala dio: “Behar handia zegoen. Urte asko eman ditugu pentsalari feminista garrantzitsuen obrak geure hizkuntzan irakurri ezinik, eta oraindik ere mordo bat daude erdaraz bakarrik leitu ditzakegunak. Jakina, bada jende bat ez duena feminismoa nahi erdaraz bakarrik, eta haien goseari emandako erantzun bat da, nire ustez, azken urteetako itzulpen-boladatxoa. Topiko samarra da, baina feminismoak lantzen dituen gai guztiek bizimodua zeharkatzen digute gutxi-asko, eta garrantzitsua da horien inguruko eduki –eta hizkuntza– erreferenteak euskaraz edukitzea, bestela beti herren ibiliko baikara. Obra feministak euskaratzea da horretarako bide oparoetako bat”.

Arraratsek itzulpen horiek eskatzen duten esfortzuan jarri du indarra, baita garai honen emankortasunaren zergatietan ere: “Batetik, lan ikaragarria da munduko idazlerik eta pentsalaririk garrantzizkoenen lanak euskaratzea: bai testuen kopurua sekulakoa delako, bai euskara normalizatu gabeko hizkuntza bat delako, eta bai euskaldunon komunitatea oso txikia delako. Lan itzel horretan ahaleginak egin izan direnean, garaian garaiko interesen edo kanonaren arabera aukeratu dira obrak, eta garaian garaiko kultur eragileen gustuen eta lehentasunen arabera. Feminismoa oraintsu arte ez da egon euskal kulturaren eta euskaltzaletasunaren lehentasunen artean, eta feminista euskaltzaleek ez dute baliabiderik edo egiturarik izan halako lanak euskaratu eta argitaratzeko. Orain, berriz, ematen du pixkanaka betetzen ari dela hutsune hori, itzultzaile feminista askoren eta zenbait argitaletxeren ekimenez”.

Danele Sarriugartek Eskafandra bildumaren lehen ale hura itzuli zuen; Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea (Elkar, 2016), baita Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzenaren talde-itzulpena ere. Urte gutxi pasa badira ere, bere horretan gozo geratzeko intentziorik ez du erakutsi, nahiz eta jardunaren mugak argi izan: “Autore batzuen oihartzunak iritsi zaizkigu, autore oso interesgarriak, eta ni oso pozik eta oso eskertuta nago ekarpen horiekin guztiekin, jakina. Orain, autore gehiago eta korronte gehiagotakoak nahi nituzke, agian hobetsiko nuke autoreak ugaritzea, eta ez autore beraren hainbat obra ekartzea. Bi bideak ez dira berez kontrajarriak, nik nahiago nuke dena, baina uste dut, zabar esanda, diruak mugatzen duela asuntoa”.


Itzulpengintza, jardun patriarkala?

Lehenago aipatutako Arrizabalagaren artikuluan argigarriki zioen itzulpengintzaren nolakotasunak berak eragiten zuela sektore feminizatu bat izatera: “Itzulpengintzaren ezaugarriak direla medio (aritzailearen izengabetasuna edo ikusezintasuna, beste baten mesedetan lan egin eta bigarren mailan gordetzea, etxean lan egitea, apaltasuna, lanbidearen egituratze eta zedarritze maila urria, etab.) emakume anitz bideratu dela beti ogibide horretara, baina ezaugarri horiek beraiek ekarri dute ere, besteak beste, emakumea itzulpengintzaren barruan ikusezina izatea”. Atzetik hala gehitu zuen: “Itzultzaile gehienak emazteak izanagatik ere itzultzailearen irudia gizonezkoa dela, oro har, eta are eta nabarmenago itzultzaile sonatu edo ereduzko direnen artean”.

Egungo datuei begiratuta, egoera ez da beste disziplinetatik asko urruntzen. Esaterako, Euskadi Literatura Sarietako itzulpenen irabazleei begiratuta, 23 itzultzaileetatik 4 dira soilik emakumezkoak, eta jatorrizko lanen egileei erreparatuta, 23tik 3 dira emakumeek idatziak.

Berasategik baikortasunez eutsi dio euskarazko emakume itzultzaileen egoerari: “Emakume itzultzaileen ikusgaitasuna gero eta handiagoa da, hori ziur, eta aitortza ere bai, gure ghetto koxkorretan behintzat –betiere kontuan hartuta gure ofizioa oro har nahiko ezkutukoa dela, salbuespenak salbuespen–. Ez dut uste prestigioa oraindik ere berdin-berdin banatuta dagoenik itzultzaile gizonen eta itzultzaile emakumeen artean, baina pentsatu nahi dut, fede itsurik gabe bada ere, hori orekatzeko bidean dagoela, eta, gainera, nire esperientziagatik behintzat, lanbide honetan gabiltzanok ez gabiltza prestigio bila”. 

Arraratsek emakumeen presentziak ekarri dezakeen aldaketan jarri du fokua: “Itzulpengintza-ikasketetan emakumeak dira nagusi, eta beste hainbeste gertatzen da itzulpengintzako ikastaroetan. Oso sektore feminizatua da, eta ez da harritzekoa: kulturaren munduko jardun bat da, baina gehienetan ez du eskatzen kulturaren lehen lerroan ibiltzea aurpegia ematen; kualifikazio profesional handia eskatzen du, baina gaizki ordainduta dago; gainera, oso fama txarra du euskaldunen artean… Administraziotik kanpo, oso lanbide prekarioa da, eta badakigu sektore prekarioak feminizatuak egoten direla gehienetan. Hala ere, literaturan eta sariketetan gehienbat gizonak ibili dira oraintsu arte, hori baita itzulpengintzaren barruan prestigiorik handiena duen alorra. Urrezko Bibliotekako 20 lanen itzultzaileetan, hamabost gizonak dira, eta bost emakumeak: proportzio hori ez da lanbidean oro har dagoen bera, inondik ere. Literatura Unibertsalean, 177 liburu itzuli dira guztira: itzultzaile guztietatik 25 bakarrik dira emakumezkoak. Zorionez, badirudi aldatzeko bidean dela hori, eta inork ez du ukatzen bikainak direla emakume itzultzaile askoren lanak. Espero dut hemendik aurrera emakumeak errazago ausartzea goi-literaturako lanak itzultzera, plazara ateratzeko beldurrik gabe”. 

Berasategi aitortzaren beste esparru bati begira jarri da: “Nolanahi ere, nork bere buruari egiten dion aitortzaren kontua ere aztertzekoa da, gizarteko esparru guztietan bezala; adibide txoro baina esanguratsu bat: azken urteetan trebatzeko asmoz egin ditudan ikastaroetan, gizon gutxi izan ditut ikaskide; haiek dena dakite, antza. Guk ere, halako batean, benetan sinesten hasi beharko dugu kapazak garela. Gainera, datuek argi diote: gero eta gehiago gara, eta, teorian behintzat, gero eta gehiago izango gara. Feminizatuz doa ogibide hau, eta horrek, egia esan, beldurra ere ematen dit: badakigu ofizio baten feminizazioa eta prekarizazioa zuzenki proportzionalak izan ohi direla”.


 Modu feministan itzultzea 

Testu feministak itzultzen ari diren itzultzaileen gehiengoa emakumea ez ezik feminista da egun. Arraratsek ez du ezinbestekotzat jotzen, baina bai komenigarri: “Zernahi testu ondo itzultzeko, bi gauza dira funtsezkoak: itzultzailea profesional ona izatea, eta ahalik eta gehien jakitea testuaren gaiaz. Beraz, itzuli beharrekoa testu feminista bat bada, hobe itzultzailea ere feminista bada; ez da ezinbestekoa, baina bai komenigarria. AEBetan Bigarren sexualehen aldiz ingeleseratu zutenean, zoologo bati eman zioten itzultzeko enkargua, eta sekulako triskantza egin zuen, ez baitzen ez itzultzaile ona, ez gaian jantzitako feminista edo filosofoa. Feminista bada, itzultzaileak ezagunak izango ditu kontzeptuak, gertukoak izango zaizkio erreferentziak, eta irakurria izango du euskaraz feminismoaz idatzitakoa: horrek guztiak modua emango dio itzulpen hobea egiteko”.

Eta euskarak, abantailarik ematen al dio itzultzaileari? Sarriugartek testuaren nolakotasunari erreparatzen dio: “Testuaren araberakoa da, eta euskarara itzultzen ari garenean gure alde daukagu (nahiz eta abantaila tranpatia izan daitekeen) hizkuntzak oro har ez duela generoaren markarik hartzen, eta beraz beste hizkuntza batzuetan izan dituzten arazoak ez ditugu bere horretan konpondu behar. Beste erronka batzuk ditugu. Harira etorrita, testu feminista bat itzultzean, nik behintzat askatasun gehiago sentitzen dut feminismoak dakarren eta neure egiten dudan munduaren ikuskera zabalago hori txertatzeko”.

Ohikoak dira, baita ere, taldekako itzulpenak, Berasategik hala bizi du praktika hau: “Lan bakartia izan arren, sareak eta saretxoak dauzkagu, eta elkarri laguntzen diogu (duda linguistikoak argituz, elkarrekin trebatuz, elkarri itzulpenak orraztuz eta abar); ez dut sumatzen lehiakortasunik gure artean, salbuespenak ere egongo diren arren; emakume batzuk, gainera, saiatzen ari gara elkar ahalduntzen eta babesten. Hori dena, nire ustez, modu feminista batean jardutea da”.

Sarriugartek etxe gisan bizi du itzulpengintza: “Euskarazko itzultzaile erreferente asko dago, eta hainbat dira emakumeak. Baina ez dakit oso ikusgarriak diren. Niretzat oso erreferentzialak dira, oso argi daukat, seguru asko idazletzan baino arropatuagoa sentitu naiz itzulpengintzan”.

Kontzientzia feminista horrek abantailak ditu testu feministak itzultzerakoan, baina bestelakoetan ere, traba izan daiteke sarri. Berasategik hala dio: “Bestalde, eragozpenen bat ere badauka agian, itzultzaile feministaren ongizate mentalerako batez ere, norberaren balioekin guztiz bat ez datozen testuak itzuli behar izaten ditugulako batzuetan: gogor samarra izan daiteke, agian gogo bizia izango duzulako zerbait beste modu batean jartzeko baina badakizulako ezin duzula, ez dela zure testua. Dena den, kontzientzia-eragozpenera jotzeko adinako testurik ez dut nik sekula izan esku artean, zorionez”.

 Sarriugartek potentzial gisa ikusten du hau bera: “Uste dut kazetariei eta idazketa lantzen duten beste emakume feministei bezala eragiten digula. Kontzientzia hori daukazu piztuta eta ikusten dituzu hizkuntzaren bidez erreproduzitzen direla botere-harremanak, zapalkuntzak eta kategoria sozialak. Kontzientzia hori edukita, nik behintzat eraldatu nahi nituzke gauzak, eta batzuetan aukera handiagoa daukat hori egiteko eta beste batzuetan txikiagoa, baina ikuspuntua barnean daramazu, berdin du zer itzultzen ari zaren”.


Euskaraz, pentsatzen jarraitzeko

Sarri aditzen da euskarazko itzulpengintzari lotuta, Euskal Herriko beste hizkuntzetan badugu, zertarako euskaratu? Arraratsek argi du: “Eta zergatik ez euskaratu? Munduan osasuntsu dabiltzan hizkuntza guztiek berera ekartzen dituzte bai pentsamenduko eta literaturako obra funtsezkoak, bai bestseller komertzialenak, eta garbi daukate horren balioa. Liburu feminista bat euskaratzen denean, liburu hori euskal kulturaren parte bihurtzen da. Munduko kulturaren eta pentsamenduaren zer ekarpen nahi ditugu gure kulturarako? Argi dago gauden egoeran selektiboa izan behar duela euskal komunitateak, ez duela gaitasunik behar adina obra itzultzeko; beraz, oso ondo aukeratu behar du, euskal kultura aberasteko eta mundua hobetzeko modua emango duten lanak hobetsita. Euskara eta feminismoa egiatan geure bizitzaren oinarri baldin badira, pentsatzen badugu euskal kultura egiazkoa dela eta ez dela simulakro bat, galdera da zeren zain gauden interesatzen zaizkigun eta erdaraz jasotzen ditugun obrak euskaratzeko, zergatik ez ditugun baliabideak jartzen halako lanak baldintza duinetan egiteko”.

Berasategik bide honen emaria indartu du azken hitzekin: “Feminismoa itzultzea, nolabait esateko, euskaldunona, geurea ere baden mugimendu eta ikuspegi unibertsal bat benetan geureratzea da niretzat; eta, ez dizut gezurrik esango, plazer eta satisfazio handia ere bai: ekarpen beharrezko bat egiten ari garela sentiarazten dit. Sinetsi beharra dut Bigarren sexuaoraindik irakurri ez duen jende batek orain euskaraz irakurriko duela”.

 

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.