Narratiba nobedadeak Durangoko Azokan

Durangoko Azokaren aurretik ugaritzen dira liburu-aurkezpenak eta ez da beti erraza nobedadeen gurpilari zorabiatu gabe jarraitzea. Horregatik, Azokarako gidak osatuko ditugu datozen egunetan, generoka. Hasteko, narratiba.

Afrikanerrak, Eneko Barberena (Elkar)

Etorkizun hurbil batean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dute, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz. Armadan izena emateko nahiko gazterik ez, eta zozketa bidez hornitu beharko dira Magreben gure zibilizazioaren balioak zainduko dituzten euskal konpainiak. Handik aski urrun, lanaren eta ezkonbizitzaren errutinan katigaturik bizi dira Eider eta Aitor: herriko liburutegiko langilea da bata, Gasteizen eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak ere funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak.

Arrasaten, jaioterrian, kokatu du Eneko Barberenak bere estreinako eleberria, Agustin Zubikarai bekaren hauspoari esker osatua, eta ale bat gehitu dio distopien tradizio luzeari.


 

Aitaren etxea, Karmele Jaio (Elkar)

Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Horretarako baliatu ditu hiru ahots: Ismael, krisian dagoen idazlea; Jasone, Ismaelen emaztea, idazketaren zaletasuna berreskuratu duena, eta Libe, Ismaelen arreba eta Jasoneren gaztetako laguna; duela hogei urte Berlinen bizi dena. Irakurri hemen liburuaren aurrerapena eta entzun autorearen elkarrizketa Arratsean irratsaioan.

aitaren-etxea-txalaparta-eus


 

Erbesteko elurra, Felipe Juaristi (Erein)

Zazpigarren eleberria du Felipe Juaristik, eta hauxe dio sinopsiak: “Erruak erro luzeak ditu. Mina da, eta ez jakintza, kontzientziaren giltza. Egon nahi ez dugun tokian egotea da erbestea. Elurra egiten du, eta hotzak gorputzak hartzen, erbestea ez-toki baita. Fermin Alberdi euskal kazetaria Madrila bidaltzen dute Sebastian Saldiasen azken egunak nolakoak izan ziren kontatzeko. Horrek bizitza aldaraziko dio. Hori da eleberri honen abiapuntua. Baina, funtsean, maitasuna zer den adierazi nahia da. Maitasunari eustea bizitzari eustea baita; bizitza maite duenak ezin maitasunik gabe bizi. Musikarik gabe ere ezin bizi, berak eramaten gaitu egon nahi dugun tokira. Bakea, azken finean, errurik gabeko mundu berrira sartzea baino ez da”.


 

Etxeak eta hilobiak, Bernardo Atxaga (Pamiela)

Atxagaren ibilbideko hamargarren eleberria da Etxeak eta hilobiak, eta autoreak berak argitalpenaren aurretik hainbat tokitan esan duenez, azkena izatea nahi luke, bestelako jardun txikiago batzuei tokia egin nahi baitie. Duela 40 urte El Pardoko kuartelean aditu zuen mika baten kanta izan da eleberriaren lehen izpia. Gure atarian bildu genuen liburuaren aurkezpenaren berri, hemen. Bestalde, irakurri liburuaren pasarte bat eta entzun Arratsean irratsaioan autoreari egindako elkarrizketa.

Etxeak_hilobiakx300


 

Hik ez dakik zer den beldurra, Karlos Linazasoro (Erein)

Ipuin-liburu gogorra da. “Hik ez dakik zer den beldurra” da ipuin guztietan entzungo den melodia, leitmotiv-a, eta melodiak bere baitan biltzen dituen geruza-azalak inpaktu handikoak dira. Gaizkiari buruzko gogoeta gupidagabea. Handia da ipuinen tentsio psikologikoa, eta ez apalagoa irakurlearengan sortutako deserosotasuna. Irakurleari ezinegona sortzen dioten galderak eta hausnarketak egiten dira. Denok daramagula barruan munstro bat, denok garela min egiteko kapaz.


 

Hori zen dena, Goiatz Labandibar (Alberdania)

Giza harremanak landu ditu Labandibarrek istorio hauetan, era askotakoak, baina hurbilekoak: familiak, bikotea, adiskidetasuna… Dramarik gabe begiratu die. Hain justu ere, izenburua, Hori zen dena, horregatixe hautatu du, ipuin batean baino gehiago agertzen delako esaldi hori, eta bukaera adierazteko balio arren, esaldiak orobat adierazten duelako, batzuetan, hori zela dena, hori baino ez, ez zela hain konplikatua.

Irakurri autoreari egin genion elkarrizketa.

 

Hori..


 

Iturria, Unai Elorriaga (Susa)

Pedro Iturriak obsesio bat dauka: ipuin itxurako testuak idazten ditu. Ez dakigu jatorriz zer hizkuntzatan idazten dituen, baina badakigu Txekian txekieraz argitaratzen duela, Hungarian hungarieraz. Soro Barturenen gaztetako laguna da Iturria, eta Sorori iruditzen zaio berari buruz ari dela ipuinotan, berari begira idazten dituela.Horregatik ari dira agian Soro eta Erroman Iturriaren bila Europan zehar: hegazkinak hartzen, hoteletan lo egiten, laster laurogei urte izango dituzten arren. Herrialderen batean Iturriaren ipuinen bat argitaratu dela dakiten bakoitzean hara abiatuko dira: itzultzaile bat lortu, ipuina irakurri, Iturria non bizi den ikasi… Baina ez dute hain erraz topatuko laguna.

Nobela bat ezkutatzen du Unai Elorriagaren ipuin-liburu berriak. Irakurri hemen liburua osorik eta entzun autorearen elkarrizketa Arratsean irratsaioan.

narr130


 

Miren eta erromantizismoa, Ramon Saizarbitoria (Erein)

Modu ezohikoan aurkeztu du Ramon Saizarbitoriak bere nobela berria: Donostiako Usandizaga institutuko ikasleak lagun, haiek irakurri baitute eleberria inork baino lehen, eta beren ikuspuntua eman. Izan ere, institutuko ikasle dira, orobat, eleberriko pertsonaiak: “Ikasgelara mutil marokoar bat iritsi da. Said mutil azkarra eta atsegina da, eta gainera guapoa. Bigarren batxilergoko neska guztien begiak harentzako dira. Klarak bereganatu du mutila. Maitemintzea (eta maitatzea) sakrifizio eta sufrimenduarekin batzen dituen estereotipo patetikoenean elikatzen da Klara”.


 

Susmaezinak, Itxaro Borda (Alberdania)

Aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan gaude. Hemerotekan-eta berunezko urtetzat ezagutzen diren haietan. Iparraldean, ETAko iheslari errefuxiatuek aterpe bilatzen dute, eta hori baino gehiago ere bai. Hegoaldetik ihesi joandakoez gain, Iparraldeko militanteak ere badira erakundearen sareetan, baita hainbat komando aktibotan ere. Horien artean, luzaroan ibiltari aritutako komando bateko kideak dira eleberriaren protagonista nagusiak. Ez bakarrak, ordea.

Entzun autorearen elkarrizketa Arratsean irratsaioan.

Liburu_azala

 


 

Txipiroiak bere beltzean, Rafa Egiguren (Susa)

Hamahiru ipuin bildu ditu Rafa Egigurenek bere liburu berrian, hainbat gai eta pertsonaia: Japonian misiotan dela antzerki zuzendari batekin pilota apustua egiten duen jesuita; Donostiako Alde Zaharrean Pintxo Tasting Tour batean dabilen bitartean molotov koktelak hegan ikusten dituen kataluniarra; 36ko gerraostean, ezkonbidaia Santoñan preso duten senidea bisitatzeko baliatzen duen bikotea; Euskal Herriko etxe baten eta jabearen bilakaera kontatzen dituen xurgagailu japoniarra; antolakunde klandestino batean, bikotekidearen kontrako ildoa aukeratzen duen militantea; XVI. mendeko Txinako nobela batetik ateratzen den pertsonaia, donostiar baten desioa betetzeko..

Irakurri hemen liburua osorik.

Txipiroiak..


 

Txoria nintzela, Xabier Etxeberria (Elkar)

1980tik 90era doan hamarkadan zehar, Euskal Herriko edozein txokotan egon litekeen herri ertain batean, neska-mutil sorta bat, gero nerabe bihurtzen direnak eta geroago gazte. Elkarrekin txirikordatzen diren istorio hauetan umetako jolas ez beti inuzenteak ikusiko ditugu, norbere identitate sexualaren deskubrimendua, jaietako parrandak, oso lagunak ez diren adiskideak, politikak etsaitzen dituenak…

Narratibaren apalean ez ezik, komikien sailean ere aurkituko duzue aurten Etxeberriaren izena, izan ere, Martin anaiarekin eta Aritz Trueba marrazkilariarekin batera osatu baitute Buyan izeneko lana.

txoria_nintzela

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.