Tokarczuk eta Handke euskarara ekartzeko aukera

Hilaren hasieran banatu zen Literaturaren arloko Nobel sariak; iaz ez zuten eman, eta, aurten, beraz, bi idazlek jaso dute aitortza. Iazkoa, Olga Tokarczuk poloniarrak, eta, aurtengoan, Peter Handke austriarrak. Gurean, abian da Jokin Zaitegi beka, biak ala biak euskarara ekartzeko helburuarekin. Urtarrilaren 7ra arte aurkez daitezke laginak. (Irudia: Niklas Elmehed)

1570691358_209903_1570706776_noticia_fotograma

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta  Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute, Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena. Esan moduan, aurten bi saritu izan dira, eta beka, hortaz, bikoitza izango da: Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eleberria eta bestetik Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter eleberriak itzularaziko dira.

Hona hemen lehiaketaren oinarriak:

– Nobela horietako bata edo bestea itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa horietan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali:  aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 7an amaituko da.

– Itzuli beharreko testuak antolatzaileek jarriko dituzte partehartzaileen esku. Testuak Internet bidez lor litezke, hemen bertan:

Tokarczuklagina (.pdf)

Peter Handke (.pdf) 

– Epaimahai bi egongo dira, pertsona hauek osatuak: Amaia Donés, Monika Czerny eta Dorota Krajewska polonieratik euskaratutako testuetarako; eta David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria alemanetik itzulitakoetarako. Epaimahai bakoitzak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2020ko urtarrilaren amaiera baino lehen.

– Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, sari bat edo bestea hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke

– Irabazleek diru-kopuru hauek jasoko dituzte: 2.000 euro Peter Handkeren lana itzultzeko, eta 4.000 eurokoa Olga Tokarczuk itzultzeko. Kasu bakoitzean, diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du itzultzaileak, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2020ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

– Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Peter Handkeren eta Olga Tokarczuk-en eleberriak euskaraz, eta 2020ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

– Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.eus  943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

 

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.