Kalean da Hegats aldizkariaren 57. zenbakia

Kalean da Euskal Idazleen Elkarteak kaleratu ohi duen Hegats aldizkariaren 57. zenbakia. Diseinua aldatu zuen aldizkariak duela lau urte, eta orduz geroztik argazkiz eta diseinu ausartez jantzi izan da. Etapa berri honetan aldiro idazle batek zuzendu du aldizkaria, aurten Mikel Antzak hartu du bere gain ardura hori. “Beti da bihar, datozen literaturak” izenburuarekin plazaratu dute.

hegats 57

Goiko argazkian ikus daitekeen bezala, Ahotsenean aurkeztu zen Hegats aldizkariaren 57. zenbakia. Honatx aldizkariko hitzaurre argigarria:

hegats 57

“NONDIK ELIKATZEN DIRA LITERATUR GOSE DIREN GAZTEAK?

Galderari erantzuten saiatuz, askotan literaturarekin lotzen ez diren diziplina edo modalitate batzuetan ari dien sei arlo arakatu ditugu.

Bertsolariak izango dira euskal kulturan azken hamarkadatan berritasun, aberastasun eta dinamika handiena erakutsi duten literaturagileak. Atal hau osatu duten bost literaturagileek (Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Sarai Robles eta Maddi Ane Txoperena) idazletza eta bertsolaritza nola bizi duten erakutsi digute.

Kantagintza eta poesiaren arteko korapiloetan barneratu gara ondoren. Kanten hitzak poesia dira? Literatura da? Zer harreman dute kantariek beren kanten hitzekin? Batetik, Jon Basaguren, Olatz Salvador eta Gorka Urbizu jarri ditugu gaiaren inguruan hausnartzen. Bestetik, Anarirekin hizketaldia izan dugu.

Komikia indarrean dabil gurean, baina maizegi azpigenerotzat baztertua izaten da. Literaturarekin duen harremana irudi eta hitzen arteko portzentajearen araberakoa bailitzan. Beren ikuspegia ematera gonbidatu ditugu hiru marrazkigile: Axpi, Dani Fano eta Adur Larrea.

Antzerkiaren munduan zer haize berri dabilen eta antzerkilari berriek nola bizi duten beren diziplinaren literaturtasuna azaltzen digun erreportajea dator horren ondotik.

Poesia paperetik oholtzara, tintatik ahotsera. Prozesu hori nola gertatzen den eta nolako esperientziak ari diren ontzen erakusten digu hurrengo erreportajeak.

Azken erreportajeak, gazteek sare eta mugikorren bidezko materiatik gabeko esparru berrian literatura nola darabilten ikertzen du.”

Hegats aldizkaria liburu-dendetan eta EIEra eskatuta eskuratu daiteke: eie@idazleak.eus

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.