Ea, H-a galdu duen herria

Kultur jardunaldiak antolatu ditu Hea kultur elkarteak abenduaren 27, 28 eta 29an. Egitarauaren barruan Eako historiari begirada luzatuko diote ikuspegi ezberdinetatik: etnografikoa, antropologikoa, eta baita literarioa ere. Julio Cortazarren familiak Earekin izan duen harremana oinarri bere literaturan murgilduko dira.

cortazar

Julio Cortazarren aitona, aitaren aldetik, Ean bizi izan omen zen. Bertatik atera zen Ameriketara, eta han jarraituko zuen literaturzaleontzat ezinbestekoa izan den istorio familiarra. Julio Cortazarrek berak ez zuen esperientzia onik izan aitarekin, eta ez omen zuen gustuko hartaz eta euskal jatorriez hitz egitea. Aukera ona izan daiteke honakoa Iñigo Astizek Berrian publikaturiko erreportajea irakurtzeko: “Makurtuta gurutzatu zuen atea”.

Hala ere, hari erreparatuko diote ekimen berri honen barruan, abenduaren 29an. Lehenik eta behin, Mikel Sotok hitzaldia eskainiko du, eta ondoren Oier Guillanek Pertsegitzailea ipuinaren irakurketa dramatizatua egingo du, Iñaki Zudaire saxo-jolearen laguntzarekin. Pertsegitzailea ipuina Jon Muñozek ekarri du euskarara, eta Harkaitz Canok egin du zuzenean irakurria izateko egokitzapena. Ez kasualitatez, ekimen honen antolatzaileak iaz desagertutako Eako Poesia egunen antolatzaile berberak dira, eta horregatik poesia egunen testuinguruan martxan jarritako Zaldiarri bildumaren barruan publikatuko dute Pertsegitzailea ipuina, Canoren hitzaurrearekin. Zaldiarri bildumako 10. zenbakia izango da.

Baina horren aurretik, Earen historiari erreparatuko dioten ekitaldiak izango dira. Honatx egitaraua osorik:

-Abenduak 27

EQUS CABALLUS EAENSIS
18:30ean Hezur fosilen erakusketaren irekiera.
19:00etan hitzaldia: Orain dela 100.000 urte, (H)ea izan aurretik, Pero Castaños eta Xabier Murelagaren eskutik.

-Abenduak 28

GURE AURREKOEN (H)EA
12:00etan argazki erakusketa irekiera.
12:15ean hitzaldia: Urrats galduen herria, Iñigo Aranbarriren eskutik.

-Abenduak 29

JULIO CORTAZARREN BILA
12:00etan, Ea, Julio hitzaldia Mikel Sotoren eskutik.
13:00etan, irakurketa dramatizatua musikarekin: Julio Cortazarren Pertsegitzailea ipuina, Oier Guillan eta Iñaki Zudaireren eskutik.

KARTELA JPG

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.