“Literaturaz hitz egitea bizitzaz hitz egitea da, ez elite batek baino ulertzen ez duen mundu hertsi bati buruz”

Bere aurreko lanekin konparatuta, Iturriak badu alde nabarmen bat Unai Elorriagaren beste lanekin: ipuin-bilduma bat da. Berezia, ordea. Ipuinak egon badaude, baina badago, orobat, ipuinak inguratzen dituen marko bat, ipuinak Iturria delako gizon misteriotsu batek argitaratzen baititu Europan barrena, eta haren bila dabiltza Soro Barturen eta Erroman adiskideak. Autorearekin hitz egin dugu honetaz guztiaz.

Iturria_azala_content UnaiElorriaga

Sarrera

Liburua irakurri ostean egiten ditu elkarrizketatzaileak galderak. Horregatik, hona Iturria liburuaren sinopsi txiki bat, kokatzeko:

Pedro Iturriak obsesio bat dauka: ipuin itxurako testuak idazten ditu. Ez dakigu jatorriz zer hizkuntzatan idazten dituen, baina badakigu Txekian txekieraz argitaratzen duela, Hungarian hungarieraz. Soro Barturenen gaztetako laguna da Iturria, eta Sorori iruditzen zaio berari buruz ari dela ipuinotan, berari begira idazten dituela.Horregatik ari dira agian Soro eta Erroman Iturriaren bila Europan zehar: hegazkinak hartzen, hoteletan lo egiten, laster laurogei urte izango dituzten arren. Herrialderen batean Iturriaren ipuinen bat argitaratu dela dakiten bakoitzean hara abiatuko dira: itzultzaile bat lortu, ipuina irakurri, Iturria non bizi den ikasi… Baina ez dute hain erraz topatuko laguna.

Orain bai, has gaitezen.


 

Duela bi hilabete eskas aurkeztu zenuen Iturria. Gustura geratu zara liburuarekin? 

Oso sentsazio arraroarekin amaitu nuen liburua. Pentsatu nuen: zer da egin dudan hau? Nor erakarriko du honek? Egingo al du biderik? Nik frontisera bidali nahi nuen pilota horrek bi horma jo ditu eta zoruan ere bote arraroa egin du… Gai izango da irakurleren bat erantzuna emateko?

Eta? Nolako harrera izan du? 

Aurreko zalantza guztiak aipatuta, harritu egin nau harrerak, uste nuenaren guztiz kontrakoa izan da. Orain arteko irakurle guztiek esan dute asko gozatu dutela liburuarekin, hari nagusiak “engantxatu” egin dituela eta ipuinak itzelak iruditu zaizkiela. Argitaratu baino lehen, nire burutik pasako zen azken hitza izango zen “engantxatu” hori; izan ere, nire ideia ipuin oso desberdinen bilduma egitea zen eta halako liburu batek ez dauka irakurlea erakartzeko ahalmen hori normalean.

Honen aurretik, Iazko hezurrak argitaratu zenuen, oso liburu diferentea. Literaturaren ikuspegi jolastiago bat berreskuratzeko gogoa zenuen

Dudarik gabe. Iazko hezurrak idazten asko sufritu nuen zentzu askotan. Literarioki proiektu anbiziotsua zen eta lan zein neke handiak eskatu zizkidan. Bestalde, gaiari begiratzen badiogu, oso arlo latzetan sartzen zen, sufrimendu handiko esparruetan. Halako ilunpetan bost urtez sartuta egoteak pisu handia ekar diezaioke idazle bati. Iturrialiburuarekin, beraz, guztiz kontrakoa egin nahi izan dut, gozatu, barre egin, lasaitu… Orain ulertzen ari naiz gozamen hori transmititu egiten dela, irakurleak kutsatu egiten direla eta eroso daudela liburua irakurri bitartean. Horrek ez dio kentzen mingostasun puntu bat liburuari, baita parterik umoretsuenean ere.

Zein izan zen liburu honen abiapuntua?

Ipuin-liburua idatzi nahi nuen nik. Baneuzkan ipuin batzuk buruan, oso argi batzuk, lausoago beste zenbait. Argi eta garbi daukat ipuin idazlea naizela, nahiz eta, orain arte, ipuin-bildumarik ez argitaratu. Ipuinak bai, nire aurreko nobeletan ere badira ipuinak, batzuk agerikoak, beste batzuk ezkutuan datozenak, baina ipuina beti ageri da publikatu dudan gauza guztietan… Hala ere, ipuin-bildumei museo tankera hartzen diet (horregatik ez dut publikatu inoiz alerik): artelanak pilatuta daude museoetan eta, hasierakoei bai beharbada, baina korridoreetan aurrera egin ahala, ez diegu kasurik egiten koadroei. Halaxe gerta liteke ipuin edo poesia bildumekin ere… Eta ez nuenez hori nahi, marko narratibo bat eman nien ipuinei, unitate batek, artelan batek bil zitzan artelan txiki guztiak, arretari (arreta literarioari, arte arretari) amaieraraino eusteko. Irakurleari eginiko iruzur txiker bat baino ez.

Ipuinak daude, eta ipuinak inguratzen dituen markoa; ipuinen idazlearen bila Europan barrena dabiltzan bi lagun: Soro Barturen eta Erroman. Ipuinak daude, eta, ondoren, ipuinez hitz egiteko tartea. Badirudi irakurleari berari ematen diozula aukera ipuinean oharkabean pasa zaizkionak edo arreta piztu diotenak aztertzeko… azkenean, ordea, ez duzu ematen “benetako esanahiari” buruzko erantzunik. 

Egia da. Soro Barturen ipuinei buruz hitz egiten hasten denean, ematen du giltzarri literario guztiak emango dituela, nola irakurri behar den ipuin hori, baina azkenerako konturatzen da irakurlea Sorok galderak baino ez dituela egiten, hori baita hausnarrean aritzeko moduetako bat. Egia ere bada ipuinetako mugarri asko jotzen dituela, literatur klabe asko iradokitzen dituela, baina beti uzten ditu hari solteak irakurleak hausnar ditzan. Eta hori guztia umorez egiten du, inongo termino akademikorik aipatu gabe, edo zenbaitetan, terminologia akademikoari barre eginez. Azken batean literaturaz hitz egitea bizitzaz hitz egitea baita, ez elite batek baino ulertzen ez duen mundu hertsi bati buruz.

Ipuinek badute halako arroztasun kutsu bat… Ipuinak non eta noiz gertatzen diren ez dago oso argi, eta irudipen hori areagotzen du atzerriko aldizkarietan eta hizkuntzatan argitaratu direla jakiteak. Hautatu dituzun kokalekuak zerikusia dute ipuinen estiloarekin, hau da, toki horietako literaturari keinurik egin nahi izan diozu?

Aipatzen ditudan herrialdeei emandako bostekoa ere izan nahi zuten ipuinek. Hau da, ordu asko eman ditut egile txekiarrekin, poloniarrekin, hungariarrekin, errusiarrekin… Horiek guztiek sortu dute nigan harridura literariorik handiena azken urteetan, eta eskerrak emateko modu bat ere bada.

Literaturaren ikuspegi jolastia aipatu dut lehen, baina hori akaso ipuinak inguratzen dituen markoan dago batez ere, ipuinak eurak badutelako kutsu ilun bat: heriotza agertzen da, heriotzaren inguruko errituak, pobrezia, herritarren lekualdatze behartuak, askatasun eza, gaixotasunak… Zergatik halako gaiak?

Beti aipatzen dudan Augusto Monterrosoren aipu bati jarri behar diogu arreta, beharbada, galdera honi erantzuteko. Idazle handi horrek, ohiko zuen umore surrealista hura baliatuz, esaten zuen munduan hiru gai baino ez daudela: “heriotza, maitasuna eta euliak”. Nik, batez ere, lehenengoari buruz idazten dut, izan ere, gaixotasuna, esate baterako, heriotzaren aldaki bat baino ez da… Munduan geratzen den misterio handi bakarrenetakoa da heriotza; misterio gehienak ebatzita daude, beste batzuen inguruan zientzialariak ari dira hausnartzen. Idazleoi geratzen zaigun bakarrenetakoa da heriotza.

Liburuaren bukaeran dator pasarte hau: “Hainbat herrialdetan lortu du Iturriak testuak publikatzea, hain leku desberdinetan, kultura, pentsaera, izateko modua ere desberdina dutenetan… Eta guztiei iruditu zaie Iturria bikaina, nahiz eta ez duten haren erreferentziarik izan, herrialde horretan aurretik beste inon publikatu ez badu ere… Narrazioek eurek egin dute bidea, laguntzarik gabe, onak direlako, oso onak, dardarka jartzen dituztelako suitzarrak, txekiarrak, poloniarrak, berdin dio nor diren, zer diren”. Hala al da? Narrazioek egin al dezakete beren bidea laguntzarik gabe, onak direlako, oso onak? 

Inondik inora ere. Ez gaitezen inuzenteak izan… Zenbat narrazio, eleberri, poema… geratu da tiradera batean, publikazio txiker batean, aldizkari pobre batean nahiz eta kalitatez ikaragarri onak izan? Zenbat testu on erreskatatu da in extremisahanzturaren mugetan zegoenean? Literaturaren historian bikaintzat hartzen den zenbat liburu argitaratu da kasualitate hutsez, pertsona baten bultzada txikiari esker? Beti behar da laguntza apur bat. Iturriaren kasuan baten batek bilatzen zituen aldizkariak atzerrian, hara bidaltzen zituen testuak, herrialde haietara bidaiatzen zuen pertsona batek editoreekin hitz egitera… Egia da bultzada hori behar dela, ia beti, baina testuak ez badira onak, ez dute bide luzerik egingo. Testuak onak badira, ordea, lehen bultzada txiki horren ostean (beste bultzada batzuei esker), bidea egingo dute, buruak zabalduko dituzte, eskema batzuk apurtuko dituzte, hedatu egingo dira, eta, aipuak dioen moduan, “nahiz eta erreferentziarik ez izan, herrialde horietan beste inon publikatu ez bada ere” urruneko herrialde ezezagunetan arrakasta izango dute, sarri, testu horiek.

 


Albistea honen uberan: 

Susa argitaletxearen eskutik argitaratu du Iturria Elorriagak. Hementxe irakur dezakezue.

Dagoeneko kaleratu dira liburuari buruzko kritikak, hementxe irakur ditzakezue.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.