Txillardegi gogoan, hil zeneko VIII. urteurrenean

Urtarrilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zeneko 8. urteurrena izango da. Hori dela eta, 2020ko urtarrilaren 9an, osteguna, eta 12an, igandean, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak bi ekitaldi antolatu ditu. (Argazkia: Naiz).

El escritor euskaldun Txillardegi. 2002-5-8, Donostia, IMANOL OTEGI

Hauek dira Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak antolatu dituen ekimenak:

1.- 2020ko urtarrilaren 9an, ostegunean, “Txillardegiren Santa Klara uharte maitea” hitzaldi eta bideo emanaldia Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko liburutegiko Kripta, 19:30ean. Bertan parte hartuko dute:

Elixabete Garmendia kazetariak, Txillardegik idatzi zuen Santa Klara uhartea izena daraman liburua aurkeztuko du, uhartean bertan Txillardegiri ETBrentzat egin zion elkarrizketaren bideoa aurkeztuz.

Parkea Bizirik Elkarteko J-G. de Vicente kide ekologistak, uharteko faroan Cristina Iglesias eskultoreak egingo duen obra jartzeak ekarriko dituen kalte ekologikoak azalduko ditu, Elkartean prestatutako bideoa eskainiz.

Bizilagunekin Plataformako A. Arechalde eta M. Agirrek, Udalak Santa Klara uhartean egin nahi duen proiektuaren azterketa egingo dute, Donostiak azken urteotan jasaten ari den hirigintza eraldaketaren logiko ikuspegi kritiko batetik azalduz.

2.- 2020ko urtarrilaren 12an, igandean, “Txillardegiren Antigua” II. Ibilaldi Gidatua.

• 11:30ean, “Txillardegiren Antigua” II. Ibilaldi Gidatua Josu Tellabideren eskutik. Aurtengoa, joan den urtean egindakoaren osagarria izango da, baina Antiguaren beste aldetik mugituz, irla eta Itsas Orrazi aldera.

• 13:30ean, ekitaldia Txillardegi Plazan, duela bi urte margotutako horma-irudiaren aurrean ekitaldia izango da, Bertan, Mikel Antza idazle antiguatarrak parte hartuko du, Eneko Sierra saxojolearen laguntza musikatuarekin.

KARTELA 2020 TXILLARDEGI BIAK AZKENA

“Txillardegiren Antigua”ri buruzko informazio osagarria, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren eskutik:

Hauxe ekimeneko arduradunek zabaldu duten testua, bere horretan:

“Euskaldunon aberria euskara da”, esan zuen Txillardegik, Sabino Arana parafraseatuz eta aldi berean euskal nazionalismo tradizionalarekin hautsiz. Beraz, Txillardegiren aberria Euskal Herria zen, euskararen herria, alegia. Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen eta aberri horretan, leku berezia zuen Santa Klara uharteak. Eta hori oso garbi geratu zen Santa Klara, gure uharte ezezaguna izeneko liburuan, memoria- eta maitasun-ariketa harrigarri hartan. Hain justu, aipatutako liburuan oin hartuta prestatu dugu “Txillardegiren Antigua” II. ibilaldia. Abiapuntua, 11:30ean, Txillardegi Plazan (Gaskuña) izango da. Izan ere, bertan zegoen Txillardegi etxea. Eta ondoren Txillardegiren haurtzaroaren eta Antigua zahar haren lekuko izan ziren hainbat leku ezagutuko ditugu, baina oraingoan Itsas Orrazi eta uhartearen bidean. Lekuan lekuko azalpenak Josu Tellabide etnologoak emango ditu. Halaber, tarteka, Txillardegik berak leku horiei buruz idatzitako testu laburrak irakurriko ditugu. Ibilaldia ordu eta erdi iraungo du, gutxi gorabehera. Nolanahi ere, gutxi gorabehera, 13:15erako Txillardegi Plazan egongo gara berriz, 13:30ean hasiko den ekitaldian parte hartzeko prest. Bertan izango dira Mikel Antza idazlea eta Eneko Sierra musikaria gure zain.

2019, TXILLARDEGIREN AITORTZA OFIZIALAREN ALDEKO URTE GARRANTZITSUA

2018an, euskara batuaren 50. urteurreneko ospakizunetan, Txillardegiren figura behin eta berriz goraipatua izan bazen, sorkuntza horretan izan zuen garrantzia inork ez baitu ukatzen. 2019a, berriz, Txillardegiren aitortza publiko zein ofizialean urte garrantzitsua izan da.

Aitortzea horretan, lau izan dira 2019an “Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak” azpimarratu nahi dituen ekimen nagusiak, kronologikoki:

Hendaiako Udalarekin hitzaldia eta erakusketa. Horrelakoetan beti egiten ohi dugun moduan, ekimen hau ere Udalarekin elkarlanean antolatu genuen, Txillardegiren aitortza ofizialean urrats berria emateko asmoz.

KORRIKA ekimenak Txillardegiri eginiko aitormena eta Klipa. Euskararen aldeko herri ekimenak bultzatuta Txillardegiren figura Euskal Herri osoa gurutzatu zuen punta batetik bestera eta dozenaka izan ziren herriz herriz Txillardegiren alde antolaturiko hitzaldiak. “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimenak horietako askotan parte hartu zuen.

EHUko Donostia Kanpuseko Erakusketa Aretoa eta “Txillardegi Hausnarketa Saria” Klustarreran eskutik. Txillardegiren aitortza ofizialtasunaren bidean urrats bereziki nabarmena ematea lortu da arten, EHU, Klusterra eta “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimenak bideraturiko elkarlanean. Batetik, Karlos Santamaria zentroan Txillardegi izena eramango duen Erakusketa Aretoa inauguratu zen eta, bestetik, soziolinguistika alorreko sariari izena osatu eta etorkizunean “Txillardegi Hausnartzen Saria” izena jarri zaio. Bi ekitaldi hauetan parte hartu zuten, besteak beste, Nekane Balluerka errektoreak, Klusterreko ordezkaria den Jon Zaratek, “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimeneko Fito Rodriguezek eta Jone Forcada, Txillardegiren emazteak. Azpimarratu nahi dugu, ekitaldia bultzatu dutela zuzenean eta zeharka, Euskal Autonomi Elkarteko erakunde ofizial nagusi guztiek.

Txillardegi multimedia emanaldia, Txillardegi aretoan, abenduaren 13an. Dorleta Urretabizkaiak eta Asier Hernandezek Txillardegiren bost testu hautatu irakurri zituzten. Tartekatuz, Garazi Goñi pianistak Mussorgskyren Erakusketa baterako koadroak interpretatu zituen. Eta Unai Gaztelumendik Txillardegiren irudi bat marraztu zuen.

Hiru ekitaldi nagusi hauez gain, joan den urtarrilean, Txillardegiren heriotzaren VII. Urteurrenean Antiguan “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimenak antolatutako ekimenean Jean Louis Davant euskaltzainak izan zuen esku-hartzea azpimarratu nahi dugu, bera baita Euskal Idazkaritza izeneko elkartean biltzen zirenen artean, bizirik dagoen kide bakarra.

Honako guztia kontuan izanik, azpimarragarritzat jotzen dugu “Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak” zuen laguntzarekin 2019an egin duen lana. Gure asmoa 2020a oraindik ere emankorragoa izatea da. Gauzak horrela, datorren urtarrilean antolatu ditugun ekimenetan parte har dezazuen dei egiten dizuegu eta, nola ez, baita ere urtero egiten dugun moduan zuen diru laguntza eskatzea ere ausartuko gara, datorren urtean ere etekin hona aterako diogulako. Urterako zure borondatezko ekarpena Elkartearen kontu korrontean sartzea eskertuko genizueke: LABORAL Kutxa: ES31-3035 0075 47 0750058627

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.