HIK EZ DAKIK ZER DEN BELDURRA – KARLOS LINAZASORO

224

 Oso gogoko izan ohi dut Karlos Linazasororen lana, lan oparoa gainera, nola edo hala jenero guztiak jorratu dituena eta betiere oso ukitu propio, berezi eta zoli batez, fundamentuzko edozein egileri halabeharrez eskatu behar litzaiokeena. Zertan datza, ordea, Linazasororen ukitu berezi propio hori? Ez ditut denak zenbatuko, nire ustez oinarri diren biak baino: begiratu ironiko zein jostagarria eta hizkera jaso zein malgua. Badaude beste batzuk noski, beharbada jenero bakoitza aitzakia dela idazkera gogara moldatzekoa. Edonola ere, begibistakoa da Karlos Linazasororen tentu literarioa ikaragarri joria dela, ez dela literatura kontuetan batere moldaerraza, hots, nola edo hala bere ekarri osoa bide berekoa dela edo izango dela. Hori ere ageri da bere azken liburu honetan, non aurreko emaitzen aldean, eta bere jarraitzaleok doi espero bezala, eta batez ere gaiari dagokionez, ikuspuntu literario berri bati ekin dion.

 Izenburuak berak aurre erakusten digu liburuko ipuinen nondik norakoak: Hik ez dakik zer den beldurra. Beldurra, patu beltza, bizitzaren gordina, ozta-ozta gizakiaren berezko krudeltasunak eragiten dituen gaizki guztiak. Horrenbestez, gai gordin-gordinak, idazteko potoloak, areago ipuin motzetan kontatzeko, hain zuzen ere motz, edo agian guztiz bestelakoa, betiere geratzeko arrisku bizia dagoelako. Izan ere, hamazortzi ipuin motz ditugu, benetako perlak baina berez ere oso bestelako baliokoak, erabat ulergarria dena ia ezinezkoa baita guzti-guztiak nahitatez gailentzea; baina, azken hau betiere oso arrazoi zehatz bategatik: hamazortzietatik badaude bizpahiru gainerakoei gaina hartzen dietenak. Horrek ez du inondik inora esan gainerakook makalak direnik, ez horixe. Horrek esan nahi du ni naiz irakurleak Hemendik ez da zozorik ikusten, Suteak garaitu zirenekoa edo Bizi osoa pasa nian gizon haien bila ipuinak gogokoago izan ditudalako arrazoi erabat subjetiboengatik, ez besterik, beharbada haietan sakontasun narratibo idartsuago bat somatu dudalako gure errealitate historikoarekikoa, nik neuk halakoak gehiago estimatzen ditudalako. Halere, ez dakit nik hiru ipuinok nabarmentzerakoan bidegabe jokatzen ari naizelako, egia esanda badaudelako beste ipuin batzuk, Auzitegiko medikuaren harritxoak, La vie est belle edo Bakarri utzi nauzu, kasuko, izugarri ere gustatu zaizkidanak, non Linazasorori hainbeste ederresten diodan ikutu ironikoa, umore jostagarria, nabarmenago begitandu zaizkidan; baina, zintzo esanda, beharbada lehenengo hirurok baino gutxiago hunkitu nautenak. Eta egon badago ere baten bat non apika estilo hutsarekin jolasteko grina oso nabaria begitandu ere egin zaidan, alegia.

Edonola ere, hamazortzi ipuinek merezi dute benetan banan-banan eta ezari-ezarian gozatuak izatea, posible baldin bada egunean behin bakoitza behar bezala dastatzeko, delako eta ezinbesteko konparaketaren ajeak saiheste aldera edo, hau da, egunero hartu beharrezko pilula bailitzan, euskaraz literatu onaz elikatzeko asmotan behinik behin.

Eta bai, nire ustetan ipuin guztietan Hik ez dakik zer den beldurra letaniak indar handia, berezia, aproposa, omen du ipuin guztiak batzen dituen nondik norako larria, fatala, betiere gogoa izatearren. Bestalde, ipuin bakoitzean tartekatzen diren poemak –egileak asmatu behar dira liburuaren aurreneko horrialdeetan datorren Karlos zorretan dagoen idazleen zerrendarekin- beti eskertzekoak dira; baina, ezin asmatu norainokoak diren uztargarriak laguntzen duten ipuinekin.

 

Txema Arinas

Oviedon, 2020/01/10

 

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.