“Nerudaren postaria” antzezlana Booktegin

Antonio Skarmetak idatzitako liburuan oinarrituta, Nerudaren postaria antzezlana taularatu zuen Maskarada taldeak 1997an, Patxo Telleriaren itzulpenarekin. Booktegik berreskuratu du testu hura, “Drama” atalean publikatu duen liburu elektronikoan. (Argazkia: Il Postino filmako irudia).

el-cartero-y-pablo-neruda-15-04-16-a

Beste garai batzuk ziren. Maskarada taldea euskaraz profesionaltasunera pausua ematen lehenengoetarikoa izan zen 80eko hamarkadan, lehena ez bada. Haien artean ezagun egin ziren egun aski ezagunak zaizkigun izenak, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Jokin Oregi eta Karlos Panera bezala. Azkeneko biek egin zuten Antonio Skarmetaren liburu ezagunaren egokitzapena, eta Patxo Telleriak itzuli zuen euskarara. 90eko hamarkadan Maskarada taldeak bide berri bat hartu zuen, bere estreinaldien gaztelerazko eta euskarazko bertsioak taularatuz, garai hartan Euskal Herriko talde askok hartu zuen bide berdina. Maskarada apurka-apurka desegiten joan zen, hala ere, handik aurrera.

Antonio Skarmeta idazle txiletarrak 1984an publikatu zuen Ardiente paciencia nobela. Kurioski, liburu hura egileak berak 1983an zuzenduriko filma baten egokitzapena zen. Horren ostean, Michael Radford-el 1994an estreinatu zuen Il postino (El cartero y Pablo Neruda), filma harekin sekulako arrakasta erdietsiz.

Istorioa xumea da: Mario izeneko gazteari lan kuriosoa eman diote, bezero bakarreko postari lana betetzea, bizi den irla apartatuan. Bere kliente hori Pablo Neruda poeta izango da, eta Mario gazteak pixkanaka harremana hasiko du berarekin, metaforak izango dituzte sarritan hizpide, eta hari horretatik tiraka Mariokbirlako emakume batekiko sentitzen duen maitasun istorioa harilkatuko da. Adiskidetasun horrek urteak iraungo ditu, Nerudak irla utzi eta bere heriotzera gerturatuko zuten gertakizun historikoak narrazioan kateatzen diren arte.

Pelikularako istorioaren kokapena eta garaia aldatu egin ziren: jatorrizko filmean eta liburuan Neruda Isla Negran dago eta 70.eko hamarkada da, ondorengo filma arrakastatsuan Italiako Isla de Salina da 50.eko hamarkadaren bueltan. Ez da filmak ekarriko zuen aldaketa bakarra: mundu osoko arrakastak eraginda (besteak beste, oihartzun handia izan zuen Oscar sarietan) liburuari titulu komertziala aldatzera iritsi ziren, Ardiente paciencia bigarren plano batean utzi eta El cartero de Neruda bezala zabalduz aurrerantzean.

nerudaren postaria

Antzerkirako egokitzapena

Esan bezala, Euskal Herrian Maskarada taldeak egin zuen, filmak arrakasta erdietsi eta gutxira, antzerkirako egokitzapena. Orain Booktegi proiektuaren webgunean deskargatu dezakegu testua osorik, Patxo Telleriak orduan egindako lanari esker. Jarraian dituzue sinopsia eta lotura:

Istorioa Txilen kokatzen da, 1969tik 1973ra bitartean hain zuzen. Mario Txileko herrixka batean bizi den mutil gaztea da. Mario arrantzan aritzen da bere aitarekin batera, baina ez du inolaz ere gogoko egiten duen lana. Behin posta bulegoko atean zintzilik dagoen notatxo batean postari laguntzailea behar dela irakurri eta bitan pentsatu gabe bere burua aurkezten du. Marioren lan berria gutunak Isla Negrara eramatea izango da, zehatzago esanda, Pablo Nerudari eraman beharko dio posta. Poetak idazteko eta lasai egoteko etxetxoa du Isla Negran. Egunen joanean adiskidantza berezia sortuko da bien artean. Nerudak olerkien mundua hurbilduko dio Mariori, metafora aberats, ezti eta zentsualez osaturiko unibertsoan murgilduko du. Mariok Beatriz Gonzalez ezagutu eta itsu-itsu berarekin maiteminduko da. Neska erakartzeko Nerudari laguntza eskatuko dio. Txileko Lehendakaritzarako hauteskundeak ospatzear daude. Alderdi Komunistaren hautagaia Neruda da eta beraz, kanpainan parte hartzeko badoa Isla Negratik. Mariok bere kabuz maitemindu beharko du Beatriz, ez du beste erremediorik. Halere, gauzak ez zaizkio berak nahi bezala ateratzen. Rosa, Beatrizen ama oztopo gaindiezina da. Neruda Isla Negrara itzuliko da, alderdi ezkertiarrak elkartu eta hautagai bakartzat Salvador Allende aurkeztu dutelako. Nerudaren laguntzari esker Mariok Beatrizekin ezkontzea lortuko du. Allendek hauteskundeak irabazi ondoren Neruda Txileko enbaxadore izendatzen du Parisen lan egin dezan. Allenderen garaipenak, lorpen sozialei dagokienean, aurrera pausu ikaragarria suposatuko du. Dena den, Estatu Batuetako multinazionalak eta Txileko sektore kontserbadoreenak ez datoz bat gobernu berriak hartu duen norabidearekin eta Allende kargutik lehenbailehen kentzea erabakitzen dute. Horretarako desestabilizazio plan bat jartzen dute martxan. Txileko ekonomia krisi sakonean murgiltzen da. Mario egoera hau sufritzen duenetako bat da, baina batez ere, Neruda, bere lagun mina berarekin ez dagoelako sufritzen du. Txileko egoera larriagotuz doa, estatu kolpearen mehatxua argia da. Gauzak horrela, Neruda Isla Negrara bueltatzen da, baina gaixo dago eta Mariok ezingo du ikusi. Augusto Pinochetek, beste komandante batzuekin batera, ordenu konstituzionalaren kontra eraso egiten du. Inork ezingo du estatu kolpea eragotzi. Mariok Nerudarengana joan eta berarentzat dagoeneko pilatu den posta eramatea erabakitzen du. Neruda hiltzorian dago. Biak elkarrekin daudela soldaduak hurbiltzen dira eta…

IKUS ETA DESKARGATU liburua HEMEN.

Antzezlan gehiago Booktegin

Aukera bikaina ematen digu Nerudaren postariaren argitalpenak Booktegi proiektuaren orrialdeetan nabigatzeko, eta bertan “Drama” atala arkatzeko. Bada bertan Patxo Telleriaren sinadura daramaten testu gehiago ere: Zergatik Jamil, Lingua Nabajorum, Tabernaria… Badira egile gehiago ere, Xabier Lopez Askasibar (Piztu gabeko zigarroak), Lutxo Egia (Identitarteak)… Ikus.etzunezko lanen gidoiak ere topa daitezke bertan, Amama filmarena kasu, edo Koldo Almandozek sinatutako Hubert Le Blonen azken hegaldiarena.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.