Maddi Ane Txoperena Iribarreni elkarrizketa

Erdi nafarra eta erdi lapurtarra dela esan liteke edo erdi kazetaria, erdi antropologoa, erdi bertsolaria eta erdi idazlea dela. Maddi Ane Txoperena Iribarren (1994), ordea, nafarra, lapurtarra, kazetaria, bertsolaria eta idazlea da, ñabardura txikiak gustatzen zaizkio eta Ene baitan bizi da kaleratzear den eleberriaren egilea da.

20200121_100903

Sormenak ez du adinik baina zuk nahi adina sormen izan duzu umetatik. Kronologiari segiz gero, bertsotara hurbildu zinen, ustez, goizen.

Nahiko gazte hasi nintzen bertso eskolan eta nahiko gazte eskolartekotan ere, jendaurrean. Eskolarteko txapelketa haietan sari batzuk lortu nituen eta hamazazpi urte inguru betetzerako saio asko heltzen zitzaizkidan, sariketa asko… Egia esan, uste dut nahiko gaizki bizi izan nuela fase hori, agobiatu egin nintzen eta horrez gain, pertsonalki, bizitzako fase nahiko txarrean harrapatu ninduen. Orduan, urte batzuetara, bertsolaritza uztea erabaki nuen eta ez edonola, modu erradikalean gainera, bertso saioak ikustera joateari ere utzi egin nion. Urte batzuk horrela pasa ondoren, iaz-edo bizitzera Lesakara itzuli nintzenean, zerbait egitearren erabaki nuen Lesakako bertso eskolara joatea –partaideak aurretik ezagutzen nituen– eta pixkanaka bertso munduan sartzen hasi naiz berriz ere eta egia esan, momentu honetan nago fase batean oso gustura nagoena… Badauzkat bertso saio batzuk, niretzat behintzat aski, eta nire burua bortxatu gabe, horrelaxe segi nahi dut. Uste dut, bere garaian, guztiak oso bat-batean harrapatu ninduela eta inertziaz eman nituela urratsak bertso munduan, pentsatzeko astirik gabe. Orain, aldiz, inoiz baino kontzienteago ari naiz bertsotan eta gozatzen ari naiz. Errazago bereizten dut zein den bertsoari eman nahi diodan lekua eta denbora.

Ilusio handiagoz zabiltza orain. Zerk ito zintuen gaztaroan, presioak?

Batetik bai, baina batez ere nire garai hartako bizi momentuarekin, krisi une harekin lotu izan dut; bertsoa bakarrik ez, gauza gehiago alboratzea hautatu nuen garai hartan, oso momentu nahasia izan zen. Bestetik, garai hura, unibertsitatera joan nintzen garaia izan zen, justu, eta talderik gabe geratu nintzen, Hendaiako bertso eskola desegin egin zen eta nik kolektiboan bertsoa bizitzeko espazio baten falta sumatzen nuen eta lantzeko gunerik ez izateak konfiantza falta areagotzen zidan. Gasteizen saiakeraren bat egin genuen bertso eskola bat sortzeko, baina talde eder hura gehiago zen festarako aitzakia, bertsoa bera lantzeko baino. Gerora, adibidez, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik asko gustatu zitzaidan, irakurri nuenean gauza piloarekin identifikatu nintzen, eta pentsatu nuen gauza haietariko askok ere izango zutela nire erabakian eragina, genero ikuspegiak izan zuela pisua, alegia, baina ez dakit zehazki zer izan zen. Publikoarekiko beldur hori, jendaurrean egotea hain gazte izanik… Auskalo. Azken batean ez da bertsotan egitea bakarrik, ez dakit nora joatea da, hara joateko norbaiti eramateko eskatzea, hango jendearekin nola harremandu ere jakin behar duzu… Bertsotan egiteaz gain dauden beste faktore horiek handiegi geratzen zitzaizkidala sentitzen nuen. Orain poliki eta lasai hasi naiz murgiltzen eta nire erritmora.

Plaza batzuetan kantuan ari zara eta 2019ko Taldekako Xilaba bertso txapelketan ere partaide eta txapeldun izan zen zuen taldea, Ez otoi pentsa izenpean. Taldean bizitzeak arintzen dizu pisu hori edo motibazio handiagoa ematen dizu?

Zalantzarik gabe. Oro har, oso giro onean aritu gara eta gainera taldeak babes handiagoa ematen du, kantatzeko garaian. Horrek ez du esan nahi urduritasunik sentitu ez dudanik, urduri ere egon naiz, baina oso gustura aritu gara.

Gauzak taldean bizitzeari garrantzia handia ematen diozu, harremantzeko moduek interesa sortzen dizute, jendartea aztertzeko joera handia duzu… Lantzen dituzun alor ezberdin guztiek –antropologiak, kazetaritzak eta literaturak– badute halako lotura bat…

Guztia dago moduren batean lotuta, bai. Izan liteke. Gizartearen azterketa egitea gustatu egiten zait. Begiratzea gustatu egiten zait, erne egotea. Antropologia oso erroetara begiratzeko baliagarria da, gizarteko fenomenoak azaltzen saiatzen da oinarrian dauden sistemenen arabera, eta asko gustatzen zaizkit erabiltzen diren teknikak; nola aukeratzen diren kasu zehatzak, behaketa luzeak edo elkarrizketa sakonak egin eta hortik nola eraman litezkeen eskala handira, egiturara. Txikitasun horretan zein gauza handiak ikus daitezkeen aztertzea interesgarria da.

Begirada aztertzailea bakarrik ez, integrala eta sortzailea ere baduzula esango nuke. Orain literaturara pausua eman duzu, Ene baitan bizi da argitaratuko duzu aurki, baina zure idazteko joera ez da berria.

Idazketarekin oso txikitatik daukat harremana, nire burua askoz “idazleagotzat” izan dut, “bertsolaritzat” baino, nahiz eta ez dudan argitara lanik eman… Beti nire buruari begiratu izan diodanean errazago idazle bat. Beti daukat koaderno bat edo beste eskuko poltsan eta umetatik idazketarako egunerokoak eduki ditut. Lehendabizikoa zortzi urtetxorekin idatzi nuen eta orduz geroztik idatzitako guztiak gordeta dauzkat. Txorakeriak kontatzen nituen garai hartan, noski, baina gustatzen zait gordetzea eta begiratzea. Beti asko lagundu izan nauen tresna bat izan da, terapeutikoa, alde batetik, eta sortzailea bestetik, oso umetatik sortu ditut ipuinak eta azken urteetan lagunekin partekatu ditut nire ipuinak eta horrek, bere horretan, ase izan nau. Azken urte honetan, berriz, Gazteluma bekara proiektu bat aurkeztu eta irabazi egin nuenez, niretzat zorte eta plazera izan da denboraz eta dedikazioz horretan aritu ahal izatea.

Zein proiektu aurkeztu zenuen, argi zenuen ideia?

Hasierako ideia 1950-1960 hamarkadatan Iparraldean neskame lanean aritu ziren Bortzirietako emakumeez idaztea zen, nire amatxi horietariko bat izan zenez beti kontatu izan dizkidalako istorio horiek. Hasieran, aspaldi, antropologikoki lantzea pentsatzen nuen, jasoak nituen bizipen batzuk baina arazoak nituen garatzeko orduan; emakume horiek ez zuten beren istorioa seriotasun horrekin lantzeko moduko zerbait bezala ikusten, lan baterako zela esaten nien bakoitzean atzera egiten zuten. Hala erabaki nuen literaturatik lantzea, fikziotik. Hura izan zen abiapuntua eta eleberri bihurtu da. Gaia hori da, garai hartako ogibide haren gorabeherak, baina ez da pisu handiena duena. Protagonista neska gazte bat da, Marie, eta bere amona da, Josefina, gaztetan Iparraldean neskame gisa lanean ibili zena. Eleberriak, funtsean, amonaren eta bilobaren arteko harremana erakusten du, Marie, Parisen ikasten ari den gazteak uda bat Beran, amonarenean, igarotzen duen garaia oinarri hartuz. Denbora aldetik jolastia da, eleberria iraganetik orainera eta orainetik iraganera doa saltoka.

Zeri eman nahi zenion pisua edo zerk hartu du uste baino pisu handiagoa?

Hasieran iraganekoak eta gaur egungoak pisu antzekoa izango zutela espero nuen baina egungoak hartu du pisu gehien. Batetik, ziurrenik, gazte bat delako egungoan protagonista eta ni ere hala izanik errazagoa egiten zaidalako, eta bestetik iraganeko pasarteekin blokatu egin naizelako batzuetan; errealismoa eman nahi nion, garai harekiko fidela izan eta ez nuen irudimena nahi beste askatzeko ausardiarik biltzen, guztia egokia zela frogatu behar bat sentitzen nuen. Dokumentazio lan handi bat egin nuen horregatik lehen fasean, eta ondoren, 2019ko udaran, idatzi eta idatzi ibili naiz, askeago eta tarteka gainbegiratzen nuen idatzitakoa, lekuz kanpokorik edo garaiz kanpokorik idatzi nuen begiratzeko. Beste gatazka bat izan dut irakurlearekiko, askatasuna kendu izan didana; jendeak testuaz zer pentsatuko zuen pentsatzen nuen testuan baino gehiago, eta gerora lortu nuen ikuspegia aldatu eta nirea egitea, jendearen iritziari pisu txikiagoa emanda.

Ezagutzen ez ditugunontzat, nolakoak dira Marie eta Josefina?

Marie Donibane Lohizunekoa da, Parisen Zientzia Politikoak ikasten ari da. Zalantzatia denez buelta asko ematen dizkio buruari. Eta, azkenean, ustez nahi ez dituenak egiten ditu maiz. Harreman korapilatsu samarrak eraikitzen ditu orokorrean eta babesa Berako amatxirengan eta lagunengan bilatzen du. Josefina, berriz, askoz ziurragoa da eta berez bezala egiten ditu gauzak, balegozkio bezala-edo. Langilea, zorrotza eta hotza da lehen begiratuan baina aldi berean bihotz onekoa eta gozoa. Ez ditu Ipar Euskal Herrian eta Parisen neskato ibili zeneko garaiak gogoratu nahi izaten.

Eta pertsonaien bestaldean zu zaude, zain. Apirila inguruan argitaratuko da Ene baitan bizi da eta zeure aldetik egin beharrekoak eginda daude. Zain egote horrek ezinegonik sortzen dizu orain?

Bertigo pixka bat sentitzen dut. Ingurukoei liburu bat idazten ari nintzela esatea ere kosta egin zait, pentsa! Beldurra sortzen didate jendearen espektatibek… Nire burua gutxiesteko joera dudala daukadala uste dut; egiten dudana gutxiestekoa eta iruditzen zait, egiten ditudan gauza askotan, behar baino gehiago espero dutela nitaz. Horregatik ari naiz guztiei eleberria motza eta sinplea dela esaten… Karga kentzeko eta ahalik eta aurre-itxaropen gutxien izan dezaten. Bestalde, nahiko nuke jendeak benetan pentsatzen duena esatea, gustatzen zaiena eta ez zaiena lasai asko esatea. Kezkak kezka, pozik nago, azken batean nik nahi nuen istorioa kontatu dut, gustura ibili naiz idazten eta hortik aurrerakoa ez dago nire esku.

Bertsolari bezala zure sortzeko eraz izango du irudi bat jendeak, beste irudi bat zeure kazetari lanaz, zutabegile bezala ere utzi zenuen arrastoa… Eleberri baten testuinguruan orain arte ez zaitugu ezagutu, zer duzu zure idazkerak aipagarritik edo bereizgarritik?

Esango nuke erraz irakurtzen dela nik idazten dudana. Jendeak ere hori baloratzen duela esan izan dit. Gustatuko litzaidake ahalik eta jende gehienak ulertzea edo jasotzea. Oso eskualde jakin bateko problematikari erantzuten dio eta gustatuko litzaidake eskualdeko gazteek irakurriko balute, poztuko nintzateke. Bestetik, Gazteluma bekaren oinarriei segiz, lapurteraz idatzita dago baina bortziriar-lapurtar nahasketa bat ere badu euskarak. Kontatzeko garaian, ñabardura txikiak bilatzen eta garatzen saiatu naiz. Detaileei erreparatu diet; ez da ezer handia gertatzen, pertsonaien arteko harremanak erakusten eta pertsonaiak marrazten jarri dut indarra. Esperimentu txiki batzuk-edo ere egin ditut eta horiekin oso gustura geratu naiz. Pasarte batzuk absurdu samarrak dira, ulertzeko hain gardenak ez behintzat. Hari solteak zintzilik utzi ditut pasarte horietan eta irakurri dutenek esan didate hari horiek jakin-mina utzi dietela… Ea gainerako irakurleentzat ere hala den, poztuko nintzateke gose hori geratuko balitzaie.

Eta izenburua, Ene baitan bizi da. Erraz hautatu duzu?

Kosta zait erabakitzea. Hasieratik izenburu hau aukera bat izan da baina amaiera arte ez dut argi izan, irakurleak eleberriaren amaieran ulertuko du izenburuaren esanahia. Kapitulu bakoitzak ere izenburu bat dauka eta horiek jartzea ere ez zait erraza egin baina lortu dut azkenean. Kapitulu bakoitzak badu osotasun bat; hasiera eta amaiera nolabait esateko, ipuinez osatutako eleberri bat dela ere pentsa litekeela uste dut. Ene baitan bizi dak kapitulu mordo batez gain, bost atal dauzka.

Topatu atarian ibili zara lanean, baita Zizelkariak dokumentalean ere, Berrian, bertsotan zabiltza, liburu bat argitaratzeko zorian zaude… Sortzeko joera aspalditik datorkizu eta ez duzu joeraz aldatzeko asmo handirik. Oztopokoak oztopo eta beldurrak beldur, bidean jarraitu duzu. Sortzeko ilusio hori, behar hori, bulkada horrek zerk pizten duela ustez duzu, baduzu gai bultzagarri nagusirik, ezinegon errepikaturen bat…

Ez dakit gai zehatzik badudan, baina badakit genero ikuspegiak zeharkatzen nauela eta nire lanetan hori ikus litekeela. Liburua ere emakumeen arteko istorio bat da, ardatza hori da. Harremanen baitako gauza txikien zalea ere banaiz, txiki horien handitzeko gaitasuna ikusi zalea. Bestalde, Euskal Herrian egiten den Iparralde eta Hegoalde bereizketa horrek ere astintzen nauela uste dut. Nik oso natural bizi izan dut Lapurdi-Gipuzkoa-Nafarroa arteko harreman hori, nire bizitza batetik bestera eta bestetik baterakoa izan da, eta jendeak hain natural ez bizitzeak talka egiten du nire ikuspegiarekin, batzuetan baita haserretu ere, eta nik bizitzen dudan modu horri ikusgarritasuna ematea ere interesatzen zait.

Beranduenez Sarako Biltzarrerako kalean izango da Ene baitan bizi da. Hori bidean da baina zuk egin duzu horrekikoa. Beste sormen proiekturen baterantz joan al zaigu gogoa edo oraindik ez?

Badaukat bat buruan baina nahiago dut oraingoz ez aipatu, ez dakit aurrera egingo ote duen eta, baina egia esan, beti daukat buruan martxan. Ene baitan bizi da amaitu berritan jada buruan neukan ideia berri bat, zuzenketetan nenbilela, nik idatzitako testuak behin eta berriz irakurri beharra astun samarra egin zait, ona eta txarra bereizteko gaitasuna galtzen hasten zarelako gauza bera askotan irakurriz gero eta prozesu horretan irudimena bestelakoetara joaten zitzaidan, beste ideia horri heltzeko gogoz egon naiz. Orain agian…

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.