Zabalik dago 55. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarietara lanak aurkezteko epea

Bi urtean behin antolatzen dira Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, literaturaren sorkuntza eta hedapena sustatzeko xedearekin. Euskarazko zein gaztelaniazko narrazio-liburuak eta antzezlanak aurkez daitezke. Albiste honetan bildu ditugu deialdiari buruzko xehetasun batzuk.

literarios-sn-sn-2020-k-color-729x442

Kutxa Fundazioak 2020ko urteari dagozkion Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak antolatu ditu. Hemen irakur ditzakezue lehiaketaren oinarriak, osorik.

Parte-hartzaileak

Lehiaketa zabalik dago euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleentzat, edozein delarik berorien nazionalitatea, jatorria edota bizilekua; lan originalak eta lehendik partzialki edo osorik argitaratu gabeak (partzialki edo osorik sare sozial, blog, web edo beste edozein bidetatik zabaldu diren lanak ez dira lehiaketara onartuko) eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak aurkeztu ahal izango dira; baldintza hauek guztiek indarrean iraun behar dute epaia ematen den unera arte.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sari hauetara ezingo dira aurkeztu lehiaketaren edizio honetan Epaimahaikoak direnak, ezta, modalitate berean ere, deitua den honen aurretiko edizioan irabazle izandakoak ere.

Euskarazko modalitateak

Kontakizun-liburua: zeinahi gai eta eratako narrazioentzat, 100 orrialdetik gora, DIN-A4 orrietan eta lau kontakizunekin gutxienez. Saria: Garaikurra eta 10.000 euro.

Antzerkia: zeinahi gai eta aldaera dramatikozko antzerki-obrentzat, ohiko antzokietan edo antzoki alternatiboetan antzeztuak izateko modukoak eta gutxienez 75 eta gehienez 120 minutuko iraupenekoak izanez gero. Saria: Garaikurra eta 15.000 euro.

Obrak nola eta noiz aurkeztu

Obrak DIN A4 formatuko orritan aurkeztuko dira (210 x 297 mm), tarte bikoitzarekin mekanografiatuak. Lan bakoitzaren kopia bat bidali behar da paperean (bi aldetatik inprimatuta eta egoki koadernaturik edo josita) honako helbidera: “2020ko Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak”, Gureak Marketing. Gurutzegi Bidea 14-18. Pabellón 9. Belartza. 20018 Donostia-San Sebastian (Gipuzkoa), eta kopia bat PDF formatuan hona: literatursariak@kutxa.eus.  Lanak  onartzeko  epea  2020ko apirilaren 27an amaituko da. Erakunde antolatzaileak ez du erantzungo jatorrizkoak galtzea edo hondatzea gertatzen bada, ezta ere atzeratzea edo beste edozein zirkunstantzia gertatzen bada, betiere hori posta-bulegoari edo beste hirugarren batzuei egotz dakiekeena bada, nahiz eta Sariketan parte hartzeko lanen bidalketei eragin.

Sari-banaketa

Lan irabazleak erabakitzea, plikak irekitzea eta saridunen aldarrikatzea Donostian egingo da, 2020ko irailaren 12an, 13:00etan. Sariak emateko eguna erabakiaren berri ematen den egun berean jakinaraziko da.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.