IHAUTERIAK/(H)ARATOSTEAK/KARNABALAK, HAINBAT ZERTZELADA

66265164_2140788042710680_7451432435067125760_n

Atorrak, Markitos, Kotilungorriak, Zamaltzain, Erraldoitxoa, Hartza, Mamoxarroak, Ziripit eta Miel Otxin, Joaldunak, Zakuzaharrak, Momotxorroak, Kaskaboboak eta abar eta abar. Emango luke euskaldunek euren buruak mozorratzea oso atsegin dutela, bai. Halere, beldur naiz gustokoen dituzten mozorroak oso bestelakoak diren, eta ez gorputzak mozorratzeko hain zuzen, euren buruak baizik: inor baino aurrerakoiagoak”, ” inor baino solidarioagoak”, “inor baino esku/buruzabalagoak”, “inor baino jatorragoak”, “inor baino serio eta beharginagoak”, “inor baino ausarta eta zintzoagoak”, “benetako euskaltzaleak”…

 

Nire bi semeen eskolako ihauteriak/(h)aratosteak (aurrena batuerazkoa dela ondo asko jakinda ere, niri guztiz atseginagoa, gertuagoa, borobilagoa, esanguratsuagoa, begitantzen zait “(h)aratoste” berba, “haragi-oste”). Edonola ere, urteroko burrunba sumingarria, koinazo handia, ederra gainera, batik bat bozgorailuetako musikari dagokionez, zatarregia, gogaikarriegia nire belarri finetarako, hiru orduko oinaze aparta, benetan diot. Nire haurrak urtero bezala ere bikain. Beharko, nireak dira eta. Aurten ordea badirudi zertxobait prestatuta zutela ohol gainean antzezte aldera. Horrenbestez, bi ikaslek aurkezpen lanak egin dituzte gainerakoek antzeztekoa zutena azalduz textu baten bidez. Bi ikasleok testua gazteleraz eta… ingelesez ere irakurri dute jendaurrean. Bai, ingelesez bertan bilduta geunden ikasle, irakasle eta gurasoenetariko inork tutik ere gal ez zezan badaezpada, ondo asko baitakigu ingelesa Oviedon eguneroko hizkuntza dela guraso eta seme-alaben artean… Asturieraz aldiz tutik ere ez, asturiera ondo baino hobeto badakigulako baserritar ezjakinen hizkuntza dela, hau da, bertan bildutako gurasoen herenaren eguneroko hizkera gutxi gora behera, arlote hutsak Asturiaseko Hezkuntza Saileko arduradunen begietara edo. Ingelesa ordea bai, erakutsi behar baitute zer nolako eskola aurreratua, modernoa, kosmopolita den, nahiz eta egiatan eta oraingoz elebiduna ez izan, jakina; baina itxurak beti lehentasun, badaezpada, inork pentsa ez dezan gu kosmopaletoak ez garenik… barkatu, kosmopolitak, horixe. Eta halako gauzoi “normalak” deritzote bertoko asko eta askok. Izan ere, normala ez dena, batere ez gainera, Euskaldin edo Catalunian suertatzen dena bertako hizkuntza kaskar eta ziztrinen inposaketa zitalaz, hori betiere nazionalista gaiztoen eginkizuna omen da.

 

(H)aratosteak… Urte osoan zain gogotik gaiztoa izateko irrikitan, haurrak uxatzeko, atsoak izutzeko, gazteak astintzeko, nire burua bera iraultzeko, okela gustokoen dudala ozen-ozen aldarrikatzeko, futbola maite dudala esateko, besarkadak eta nire hurkoak ez direnei musuak ematen gorrotatzen dudala abisatzeko, zaborra bereizten ez dudala aitortzeko, txiza zutik egiten dudala ere ozen esateko, auskalo zer gehiago..! Gero bai, ihauteri aroa pasa eta gero herritar otzan eta onbera bat izatera itzuliko naiz, zin dagit.

 

Zalduondo, Arabako Ekialdeko Lautadako herrixka, 200 biztanle, galsoroak, patatasoroak, larre eta zelaiak, ez besterik; baina ezta nolanahikoa, ez, bertan Lazarragatarren adar aberats batek bere oinetxea zuen, “Palacio de los Gizones” delakoa, bertan Celedon mozkorrontzi parrandazale famatua jaio zen, bertan du Atxagak bere etxea, bertan ere nabarmendu zen urtetan alkate txit karismatiko bat eta badirudi gaur egungoa ere ez dela gutxiago haren aldean. Hortaz, ez nau batere harritu -inguruko beste herrixka batekoa izan balitz aldiz bai, dexente- gaurko albiste xelebre honek:

 “Zalduondoko Udalak eten egin du kontratua Iberdrolarekin Garoña irekitzeko eskatuz “irabaziak pertsonen segurtasunaren gainetik” jartzea leporatu dio Fernandez Villate alkateak Iberdrolari. Araba Garoñarik Gabe plataformak zentrala irekitzearen aurkako neurriak eskatu dizkie instituzioei.”

 

Elkarrekin egon nahi ez dutenek ez lukete egon behar, noski; baina gero gerokoak, elkarbizitzaren kateak hots, maite duzun horrekiko betekizunak. Halere, merezi al du, ba al du zentzurik, batere estimatzen ez zaituzten edota etengabe, eta betiere debalde, berenezkoa dutelako, eta batez ere edozein huskeriaren kontura, nahigabetzen/iraintzen/aztoratzen zaituztenon mahai inguruan esertzeak? Ez al da bizitza alperrik galtzeko oso modu negargarria euren ondoan nahi ez zaituztenokin inolako gizalegerik saiatzea? Noraino pairatu behar duzu “honaino iritsi gara” esan aurretik? Eta, batez ere, zer arraio egiten duzu zuk zoro arrotz batzuen mahai inguruan eserita euren haratoste odoltsuaren lekuko behartua zein behin behineko harrapakina/biktima izateaz gain?

 

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.