Iñigo Lopez Simon: “Ez dago gaur egungo Bilbo ulertzerik etxola-auzoen fenomenoa kontuan izan gabe”

Tene Mujika saria irabazi du Iñigo Lopez Simonek, 1950eko hamarkadatik aurrera Bilboko hainbat tokitan eraiki ziren etxola-auzoei buruzko proiektu batekin. Elkar argitaletxeak eta Debako udalak antolatzen du lehiaketa, Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko helburuarekin. Lopez Simonekin hitz egin dugu bere proiektuaz. (Irudia: Uretamendi, 1959. urtea).

332 Uretamendi 1959 - copia

Elkar argitaletxeak eta Debako udalak urtero antolatzen dute Tene Mujika beka, Euskal Herriko historia hurbila aztertuko duten ez-fikziozko proiektuak hauspotzeko. Aurtengo edizioa Iñigo Lopez Simonek irabazi du, 1950eko hamarkadatik aurrera Bilboko hainbat tokitan eraiki ziren etxola-auzoei buruzko proiektu batekin.

“1950etik aurrera hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo aldean eta beste zenbait inguru industrialetan. Aldi berean, Espainiako hainbat zonatan, milaka gazte bere lurra uzteko eta migratzeko prest zeuden, etorkizun hobe baten bila. Hortaz, Extremadura, Galizia edo Gaztelako landa-lurretatik samaldaka iritsi ziren gizon-emakumeak, baina garaiko agintariek ez zituzten azpiegiturak abiada berean prestatu, eta etxebizitzen gabeziari aurre egiteko etxolak eraiki behar izan zituzten migratzaile haiek. Horrela sortu ziren txabola-auzoak Bilboren inguru osoan 50eko hamarkada amaieratik aurrera, eta fenomeno hori gertutik aztertu nahi du liburu honek, bai testuinguru sozioekonomikoan kokatuz, bai protagonisten bizipenak ahoz aho jasoz”.

Proiektuaz gehiago jakin nahian, galdera batzuk luzatu dizkiogu Iñigo Lopez Simon egileari.

IMG-20190107-WA0007


 

Titanioaren eta makro-ekitaldien azpiko hiria

Tene Mujika irabazi duzu: pozik al zaude? Nola hartu duzu albistea?

Bai, oso pozik. Orain dela bi hilabete proiektua aurkeztu nuen eta ordutik ez dizkiot buelta askorik eman nahi izan. Beste gauza batzuetan ibili naiz murgilduta eta orain aste bi jaso nuen albistea. Poza handia izan da, mimo handiarekin prestatu dudan proiektua delako eta gogo handiak ditudalako honi buruz idazteko, aspaldi. Beka jasotzea nolabaiteko babesa da, ez soilik ekonomikoa, proiektuaren interesa balioesten baitu.

Nola eta zergatik hasi zinen gai horren inguruan ikertzen?

Orain zortzi urte inguru hasi nintzen honekin. Historiako lizentziatura bukatuta, Historia Garaikidearen Masterrean matrikulatu nintzen. Master bukaerako lanaren gaia aukeratu behar izan nuenean, 70-80 hamarkadetan Espainiar Estatuan eman zen kinkien, gazte delinkuenteen fenomenoari buruz ikertuko nuela argi neukan. Zinema kinkiaren zale amorratua naiz eta, Masterra egiten ari nintzela, Bilboko Alhondegian “Quinquis de los 80” erakusketa antolatu zuten. Erakusketa hartan, fenomenoaren ernamuina 60. hamarkadan eraikitako langile auzoetan zegoela aipatzen zen. Era berean, auzo horiek aurretik egondako etxola-auzoekin bukatzeko eraiki zirela jakin nuen. Orduan izan nuen honen berri eta horrela erabaki nuen nire ikerketari ikuspuntu urbanistikoa ematea, hots, gazte-delinkuentziaren atzean zeuden faktoreen artean hirigintza aztertzea. Doktore tesian etxola auzoak aztertu banituen ere, ezin izan nuen gaian nahi beste sakondu. Behin tesia defendatuta, gai honi berriz ekiteko momentua dela uste dut. Proiektu hau tesiaren spin-off moduko bat dela esan dezakegu.

Uste duzu agian gai hau bazterrean dagoela eta Euskal Herrian ez dela asko ezagutzen?

Berez oso gai hurbila da, ez baitira hainbeste urte igaro. Baina Bilbon gertatutako fenomeno bat izanik, hiri honek jaso baitzuen Euskal Herrian etorkin kopururik handiena, ez da oso ezaguna Bilbo Handitik kanpo. Hala ere, Bilbon bertan ere ahaztu antzean dago. Etxolak gure herriaren iraganaren pasarte lotsagarri bat dira, ez dugu garaiko albisteak irakurri besterik egin behar: lokatza, miseria, gosea… tokiko gobernuak bizkarra ematen zieten bitartean. Historiako pasarte honek gaur egun batzuek saldu nahi duten Bilboren irudiaren aurka egiten du, guztiz. Errealitate hau titanio eta makro-ekitaldien azpian estratifikatu eta ahaztuta utzi nahi izan dute, baina ez dago gaur egungo Bilbo ulertzerik fenomeno hau kontuan izan gabe. Orain 60 urte etorri zirenek, baita beraien seme-alabek eta ilobek ere, osatzen dugu eta izaera ematen diogu 2020. urteko Bilbori.

Bilboko zer auzotan edo ingurutan garatu ziren etxolak, eta nolako garapena izan zuten?

Ez ziren fenomeno isolatu bat izan. Etorkin asko heldu ziren Bilbora, lana soberan baitzegoen. Guztientzako etxebizitzarik, ordea, ez. 1950. hamarkadaren hasieran agertu ziren eta 1960 urterako etxola-auzoek hiri osoa inguratu zuten: Kobeta, Masustegi, Artxanda, Los Caños, Enekuri… Bilbo erdian ere bazeuden, Campa de los Ingleses (gaur egun Guggenheim dagoen leku berean) edo eta San Mames inguruan, esaterako. Milaka pertsona bizi ziren auzo hauetan. Etxolak askotarikoak baziren ere, etxola tipoa oso txikia zen, hormak egurrezkoak ziren, teilatua metalezko xafla bat zen eta gela bakar bat zuen. Gela horretan bizi ziren senide guztiak eta bertan egiten zuten jan eta lo. Etxola auzoetan ez zegoen baliabiderik, auzokideek sortutakoak ez baziren. Modu honetan auzo batzuetan eskolak, elizak, tabernak… eraiki zituzten auzokideek.

Protagonisten bizipenak bildu nahi dituzu, izan duzu harremanik haiekin lehenago? Zer-nolako gauzak kontatzen/azpimarratzen dituzte?

Master amaierarako lanerako zein tesirako etxola-auzoetako bizilagun izandakoekin harremana izan nuen eta hainbat elkarrizketa burutu nituen. Nire asmoa elkarrizketa gehiago egitea eta bizipen gehiago biltzea da. Horrela, herri honen historiaren atal hau bizi izan zutenek kontatzea nahi dut, beraien errealitatea eta eguneroko bizitza ezagutarazteko. Aspektu asko landu nahi ditut: jatorria; etorrera; lana; familiaren osaketa; eguneroko zailtasunei aurre egiteko borroka; sortu zituzten zaintza sareak, lehen auzo-elkarteen abiapuntua izan zirenak; emakumeek guzti hau nola bizi izan zuten aztertu nahi dut, haiek baitziren etxoletan geratzen zirenak familia, etxea eta auzoaren kargu hartzen senarra soldatapeko lanean zegoen bitartean…

Zer eratako liburua izango da? Kronika, elkarrizketa, saiakera?

Estruktura ez dut oraindik zehaztu, ez baitut aurretik mugarik jarri nahi. Orain arte kaleratutako lan akademikoetatik urrundu nahi dut, hori bai. Izaera zientifikoa mantenduko du, ezin liteke bestela izan, baina askoz hurbilagoa eta pertsonalagoa izango da, akademiaren tonu hotzetik aldendu nahi dut eta. Aipatu dituzun hirurak agertuko dira, garaiko kronika, protagonisten testigantzak eta saiakera historikoaren nahasketa bat izango da.


 

Aurreko urteetako irabazleak

Historia hurbila hainbat ikuspegitatik lantzeko aukera eskaintzen du Tene Mujika bekak. Iaz, adibidez, Moio. Gordetzea ezinezkoa zen izeneko liburua argitaratu zuen Kattalin Minerrek, Aimar Elosegi gazte transexualaren historia abiapuntutatzat hartuta.  Hementxe irakur dezakezue liburuaren inguruan egin genion elkarrizketa. Aurten, ordea, Eneko Aizpuruaren liburua aterako da argitara. “Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio” bilduko ditu. Hementxe irakur dezakezu egileari proiektuaren inguruan egin genion elkarrizketa.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.