Txakur Gorria kolektiboari elkarrizketa

Bi idazle, bi irudigile, lau sortzaile, zortzi istorio, hamaika errealitate, liburu bat: Errealitateak. Txakur Gorria kolektiboak argitalpen berria plazaratu zuen abenduan, haien ahotsetik ezagutu ahal izan dugu sakon: sorkuntza kolektiboaz, irudien esanahiez, hitzen intuizioez mintzatu gara jarraian duzuen elkarrizketan.

errealitateak-1

Errealitateak. Hasteko eta behin, zer nolako errealitateak dira bertan bildu dituzuenak?

Errealitate anitz samarrak bildu ditugula uste dugu. Guk erraz identifikatzen dugu liburuaren sorkuntza prozesuak iraun arteko hilabeteetan izandako bizipen eta gogoetetatik sortutako errealitateek direla orriotan kabida dutenak. Kasu askotan, gainera, denbora tarte horretan arreta eman ziguten detaile txikiren batetik tiraka sortutako kontakizun eta irudiak dira.

Zergatik jo duzue errealitate horietara, zein izan da sorkuntzarako motorra?

Aldiro sorkuntzarako estimulu ezberdinak topatzen ahalegintzen gara. Kasu honetan, zortzi kolore hautatu eta horietatik abiatuz sortzea otu zitzaigun eta hala egin genuen. Nereak eta Anek launa kolore aukeratu zituzten eta kolore bakoitzetik abiatuz testu bana ondu zuten. Ondoren, bigarren pauso batean, Mariñe eta Malenek irudi bat gehitu zioten kontakizun bakoitzari. Kolore bakoitzak sentimendu bat iradokitzen du askotan, giro bat, paisaia bat… eta polita izan da koloreak abiapuntutzat hartuta sortzea.

“Irabazleek irabazten jarraitzen dute; galtzaileek koherentzia bilatzen dute beren bizitzan.” 33. orr.
“Eta, zelan azaldu… iruditzen zaio inork ez duela aukeratu dagoen lekuan egotea, baina beranduegi dela dagoeneko beste ezer imajinatzen hasteko”. 65. orr.
“Errealitateak” izanik, zapore mingotsa topatuko dugu testuotan, ezinbestean?

Ez du zertan. Liburuan zehar zapore ezberdinak topatuko ditugu; esnearen mina, inbidiaren pikantea, bikote egonkor(egi) baten geza, akuario baten gazia… Sortzen duguna, oro har, bizi ditugun gatazka sozialek zeharkatuta dagoela uste dugu eta akaso horren ondorio da aipatzen duzun mingostasuna.

“Xake-Mate” ipuinean: “Hiru peoi txiki ikusi ditut nigana astiro hurbiltzen. Hiru langile direla esango nuke. Apustu kolektiboa, kooperatibismoa, sormena arma gisa, zaintza erdigunean eta halako abstrakzioak errepikatzen entzun ditut beren diskurtsoetan, etengabeko erredundantzian galduta. Uneren batean ezetz esaten ikasi beharko dudala gomendatu didate erruki aurpegiarekin, ezinezkoa dela eta, gainera, ez dela batere osasungarria bizitzako ate guztiak hain modu konpultsiboan irekitzen saiatzea.” 24. orr.
Ironia da minaren kolorea?

Izan daiteke. Gure ustez, umorea sendagarri moduko bat da minarentzat. Eta ironia, gainera, kritikarako – eta, beraz, autokritikarako- tresna oso baliotsua da; min ematen diguten egoera horiek aldarazteko edo seinalatzeko balio dezakeelako.

Mockups Design(Argazkia: Txakur Gorria)

Irudiei dagokionez, gure ezjakintasunean, baina zuen lanetan konstanteak diren moduak, tonuak, teknikak topatu ditugu. Noiz hasten da zuentzat collagea, noiz ilustrazioa? Nola osatzen dute elkar?

Collagea marrazteko teknika konkretu bat da, ilustrazioaren barnean kokatzen duguna. Ilustrazioa emaitza bera da, nolabait. Liburu honetan, agian, aurrekoetan baino argiago bereizi daitezke bi teknika horiek; atzean bi egile ezberdin dituztenak. Batak gehiago jorratu du collagearen teknika eta besteak bestelako ilustrazioak. Kostraste hori nabarmena da orriotan.

Mina, errealitatea, mingostasuna, ironia… aipatu ditugu. Liburu honetan horiek argitasuna dute, baina ez halabeharrez kolore bizia. Lurrari loturiko koloreak edo zeru indezisoenak dira nagusi horrelako gaiekin?

Aurreko galderan marrazteko bi teknika ezberdin baliatu direla aipatu dugu, baina, era berean, egia da koloreen erabilerak koherentzia moduko bat ematen diela guztiei. Liburu honen hasierako planteamenduak, gainera, normalki horrenbeste erabiltzen ez dituzten koloreak ere nahitaez erabiltzera bultzatu ditu ilustratzaileak, hala nola, berde pistatxoa, arrosa… Oro har, lurrari loturiko koloreak badira gure lanen bereizgarri bat, Mariñe eta Malenek hauek baliatu ohi dituztelako maiz. Aipatzekoa da, bestalde, koloreak ez ditugula figuratiboki erabiltzen, hau da, marraztea iradokitzea dela guretzat eta zerua marraztu behar badugu ez dugula sekula zeru urdin argi bat marraztera joko.

Zortzi kontakizun, eta zortzi ilustrazio. Kolore ezberdineko zortzi ate, zortzi maratila, irakurlearen esku. Bi lagun arduratzen zarete testuez, bi lagun irudiez. Txakur Gorriaren lanak ezagutzen dituenak ez du harriduraz hartuko obra berri hau, lan kolektiboaren ildotik datorrelako beste behin, hitza eta irudia uztartuz, sormena bide. Hala ere, behin eta berriz harrigarria egiten zaigu posible izatea hainbeste eskutara sortzea lan bat… Lerroz lerro, trazoz-trazo egiten den lana da intuizioz, edo negoziazioaren bitartez modu antolatuan?

Lan kolektibo honek ere, aurrekoen moduan, bietatik izan duela uste dugu; bai negoziazioaren bidezko antolakuntzatik eta baita ere, bigarren pauso batean agian, norberaren eta taldearen intuiziotik. Hasierako ideia denon artean zehaztu genuen, denon artean hautatu genituen sorkuntzarako aitzaki izango genituen koloreak eta denon artea egin genuen planing moduko bat. Ondoren, Nereak eta Anek launa testu hautatu zituzten eta hortik aurrera eman zitzaion leku gehiago intuizioari, bai testuak sortzeko orduan, bai eta gerora marrazterakoan ere. Taldekide bakoitzak sortu duena konpartitua izan da, hala ere, prozesuaren une ezberdinetan; bai kolore bakoitzak zer iradokitzen zigun gogoetatzeko garaian, bai testuak orrazterakoan, bai testugile batek irudigileari berari idatzi bitartean burura zer irudi zetorkion konpartitzeko garaian..

Bi lagun arduratu zarete testuez, eta egia esan, estilo aldetik, ahots aldetik, batasun handia topatu dugu. Nola idazten da lau eskutara, edo nola gerturatu baten ahotsa bestearengana? Zenbat kafe, infusio, zurito edo ardo kopa dago testu bakoitzaren oinarrian?

Aurrez esan bezala, gaiak konpartitu ditugu gure artean, irakurketak, blokeo momentuak… baina gero, egia da, bakoitzak idatzi duela berari zegokion pasartea. Ez dugu saiakera bereziegirik egin baten ahotsa bestearengana hurbiltzeko, baina, irudien kasuan gertatzen den bezala, bistakoa izan daiteke zuk aipatzen duzun batasun hori. Asko ezagutzen dugu elkar eta elkarrekin horrenbeste denbora pasatzeak ere eragingo du horretan ziurrenik. Hala ere, guk uste dugu argi samar bereiz daitekeela nork idatzi duen zer, eta irakurle zenbaitek ere hala jakinarazi digute. Badirudi batzuentzat erronka moduko bat izan dela liburua irakurri bitartean Nereak zer eta Anek zer idatzi duen asmatzen saiatzea.

Kolektiboki sortzearen zailtasuna eta tentsioa beti dago hor, lan bati ekiterakoan? Edo, agian, lanetik lanera zuen formula-kolektibo propioa osatzen joan zarete, Errealitateak bezalako emaitza bat posible izan dadin?

Laurok bat gatoz Errealitateak orain arteko gure lanik osoena izan daitekeela esaterakoan. Liburu honek asebete gaitu gehien eta betetasun hau, noski, aurretik egindako lan eta frogen emaitza ere izan daiteke. Orain sentitzen dugu badugula taldean egonkortasun moduko bat eta uste dugu horrek ahalbidetu digula lan-prozesuarekin eta emaitzarekin horrenbeste gozatu izana. Egiteko modu jakin batzuk garatu ditugu gure artean, urte hauetako jardunak eman digu talde bezala esperientzia bat eta gauza asko hitz egin gabe ere ateratzen zaizkigu jada. Beste talderen batekin lan egitea egokitu izan zaigunean argi ikusi dugu hau.

Zortzi testu, eta bakoitzaren ostean, ate bat irudikatzen duen heldulekua. Hura zabaldu, eta irakurri berri dugunari forma emango dion orrialde bikoitzeko ilustrazioa. Liburu honetan, hitza joan da beti aurretik, ondoren irudia?

Bai, kasu honetan hala izan da. Orain arteko frogetan egin izan dugu beste modu batzuetan, adibidez, testua eta irudiak elkarri harilkatuz eta irudiek ere testuei bide emanez, baina kasu honetan hala izan da. Aurrera begira, hala ere, gogotsu gaude alderantzizko bideekin ere esperimentatzen jarraitzeko.

Azkenaldian lan ugari egin duzue, baina bereziki batek, Berrian egindako kolaborazioek, liburu hau ekarri digu gogora. Izan ere, Berria-koetan kontakizun bat eta irudi bat baitatoz aldiro eskuz-esku. Kasu horrekiko badira aldeak: batetik idazle bat eta ilustratzaile bat zatozte izen-abizenez, eta testuen tonuak gogoetaren bidetik doaz, zuzenak dira, ez zaie poesiarik falta, baina badira zorrotzak. Hitza eta irudia elkartzea, errazagoa ala zailagoa da literaturan ala iritzi artikulu batean?

Badirudi, a priori behintzat, iritzia ematearekin lotutako gauzek beste pisu bat hartzen dutela, edo hori da behintzat guk ere kanpotik izandako pertzepzioa. Gure kasuan, argi daukagu edozer sortzen dugunean ere iritzia ematen ari garela, nolabait, nahiz eta agian ez izan hain modu esplizituan. Hala ere, aitortzen dugu Errealitateak-ek jolaserako tarte gehiago eskaini digula eta ondorioz, plazera ere handiagoa izan dela. Irudiari dagokionez, Errealitateak-en ilustratzaileak mundu oso bat irudikatzen ahalegindu dira, formatuak ere horretarako tartea uzten zielako. Berriako kasuan, aldiz, muga gehiago sentitzen dute zentzu honetan.

Autoekoizpena. Zuentzat zer ari da izaten, ikasbidea edo helmuga?

Biak aldi berean; bai ikasbidea eta bai helmuga. Aukera handi bat izaten ari da. Autonomia handia ematen digu, guk nahi duguna egin dezakegu, eta askeago sentitzen gara ideia bat bururatzen zaigun unetik inprentara arteko bide horretan. Bide horretan inor konbentzitu beharrik ez izatean alde handia dagoela iruditzen zaigu eta, beraz, ez dizkiogula gure sormenari hainbeste muga jartzen.

Dagoeneko hainbat liburu publikatu dituzue, eta aldiro objektu-gisa eta edukiak lantzeko modu gisa forma ezberdin bat hartu dute lanek. Zer nolako ibilbidea egin duzue liburuz-liburu, zer aldatu da lehenengo argitalpenetatik oraingora?

Asko zaindu dugu denetan liburua objektu gisa pentsatu eta osatzearena. Paperaren, maketazioaren… mundua gehiago ezagutu dugu liburuz liburu eta ezagutza horrek aukera ezberdinak ireki dizkigula uste dugu. Orain, aurrez aipatu dugun taldearen egonkortasunari esker, eduki luzeago eta osoagodun lanak egiteko erraztasun handiagoa izan dezakegula sentitzen dugu.

Kolektiboa. Sarritan errepikatzen duzuen kontzeptua, zuen komunikazioetan eta adierazpenetan. Esan daiteke, egun, kolektibotasuna gutxietsia den hitz bat dela, “modaz pasatakoa”, edo kontrara “gazteen” edo “hippyen” gauza bat balitz moduan?

Edo, akaso, berreskuratzen eta berrasmatzen ari den zerbait da? Guk ez dugu inoiz sentitu izan kolektibo izateagatik gutxietsiak garenik, kontrara, ate asko ireki dizkigu kolektibotasunak eta bakarka iritsi ezin ginen leku askotara iritsi gara taldean. Egia izan daiteke, agian, gaur egun errazegi erabiltzen den hitz bat dela eta, era berean, artista indibidualak goratu eta izen-abizenak azpimarratzeko beharra duen sistema batean bizi garela. Guk horregatik aldarrikatu nahi dugu kolektibotasuna eta horregatik jarraitzen diegu hain adi hala egiten duten beste zenbait proiekturi (esaterako, Itu Bandari).

Kolektibotasunak ahalduntzea ekarri digu, gainera. Atzera begira jarriz ohartzen gara bakarka egitera ausartuko ez ginatekeen gauza asko egin ditugula elkarrekin eta, zentzu horretan, ez dugu uste lau emakume sortzaile elkartu izana kasualitatea denik. Feminismoak eta beste zenbait mugimenduk erakutsi digute kolektiboaren beharra eta gure asmoa mugimendu horietan ikasitakoa ere sormenera ekartzea litzateke.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.