Etorkizunaren zirriborroak

Azala kreazio espazioak “Zirriborroak eta gero” izeneko proiektua abiatu du, etorkizuneko munduei buruzko fabula espekulatiboak sortzeko asmoz. Oraingoz bi ipuin argitaratu dituzte: Katixa Agirreren Loratze perimetroa eta Iban Zalduaren Bisita bat Arma Museora.

Captura de pantalla 2020-02-18 a las 12.43.05

 

Iaz abiatu zuten Zirriborroak eta gero izeneko egitasmoa Azala kreazio espazioko kideek. Etorkizunera begiratuta, ez da erraza gauzak baikortasunez ikustea, baina Azalako kideek badakite “lurralde guztietan, gero eta pertsona, talde eta erakunde gehiago [ari direla] erantzun indibidualak edo kolektiboak ematen erronka” ekologiko, ekonomiko, kultural, sozial eta abarren aurrean. Eta horregatik sortu dute Zirriborroak eta gero proiektua, ezinbestekoa iruditzen baitzaie “lurralde bati errotutako egitasmo errealak transmititzeko kanalak abian jartzea”.

Arantxa Mendiharatek koordinatu du proiektua, Idoia Zabaleta Azalako kidearekin batera, eta 2020ko edizioan, gainera, Unai Pascualek ere parte hartu du proiektuan, egitasmo sozio-ekologikoen zerrenda osatzen lagunduz. Arabako proiektuak hautatu dituzte, Azala espazioa bertan dagoelako, Lasierran hain zuzen ere. Ondoren, idazleei deitu, eta beren alternatiba hautatzeko eskatu diete. Galdera hauxe izango litzateke: zer gertatuko litzateke baldin eta gaur egun martxan diren alternatiba sozio-ekologikoak hedatuko balira?


 

Loratze-perimetroa eta Arma Museoa

Iaz argitaratu zuten zerogarren fabula. Katixa Agirrek Loratze perimetroa irudikatu zuen Errekaleor auzoaren inguruan. Josune Urrutiak egin zituen fabularen ilustrazioak. Hemen irakur edo entzun dezakezue ipuina osorik, eta hemen, aldiz, Irakurrieran saioan Agirrek eta Rozasek proiektuaz esandakoak entzun ditzakezue.

Iban Zalduak, berriz, Gerrarako Eusko Label Armak plataformaren lana oinarritzat hartuta, Bisita bat Arma Museora izeneko fabula argitaratu berri du, Gorka Olmoren marrazkiekin. Etzi kaleratuko dugu gaiaren harira Zalduari egin diogun elkarrizketa.

Bestalde, aurten beste hiru fabula argitaratuko dituzte, Danele Sarriugarte, Karmele Jaio eta Belen Gopegui idazleenak, hain zuzen.


 

Non eta nola eskuratu?

Zalduaren fabularen ale fisikoak Arabako hainbat puntutan eskuratu daitezke, debalde. Euskarri digitalean ere irakur daiteke ipuina, eta Telegram eta WhatsApp aplikazioen bidez ere jaso daiteke, testuan ala audioan, proiektuaren kanalean alta emanda. Hemen daukazue informazio guztia.


 

Amu bat

Esan moduan, etzi argitaratuko dugu Bisita bat Arma Museora ipuinari buruzko elkarrizketa; bien bitartean, hona hemen autoreak fabulari buruz kontatu dituenak, bideo batean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.