Literatur Kibiztak izeneko zikloa antolatu dute Zarautzen

Zarauzko LGTB+ sareak Literatur Kibiztak izeneko zikloa antolatu du: martxoan hasi eta ekainera bitarte, ekitaldi literarioak egingo dituzte hileko lehen asteartean, Garoa liburu-dendan. Datorren astean, martxoak 3, lehen ekitaldia: Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda eta Ibon RG-ren eskutik.

unnamed

Literatur Kibiztak izeneko zikloa antolatu du Zarauzko LGTB+ sareak. Datorren astean ekingo diote, eta ekainera bitarte, ekitaldi literarioak egingo dituzte hileko lehen asteartean, arratsaldeko 7etan, Garoa liburu-dendan.

Datorren asteartean daukate lehenengo hitzordua: Buztinezko etorkizunak izeneko irakurraldi musikatua eskainiko dute Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak.

Apirilaren 7an, berriz, Moio, gordetzea ezinezkoa zen izeneko liburua aurkeztuko du Kattalin Minerrek. Tene Mujika bekari esker osatu zuen saiakera hori Minerrek, Aimar Elosegi gazte transexualaren suizidiotik abiatuta memoria kolektiboko ariketa bat eginez. Hona hemen Maialen Akizu kolaboratzaileak Minerri egin zion elkarrizketa: “Liburuarekin nuen beldur handienetako bat minaren pornografia egitea zen”.

Maiatzaren 5ean, Ibon Egañak hitzaldi bat eskainiko du, “Aterkiak, hiriak eta zauriak: euskal nobeletako LGTBQ bizitzei buruz”.

Azkenik, ekainaren 2an beste liburu-aurkezpen bat egingo dute. Angel Errok, hain zuzen ere, Lerro etena izeneko liburua aurkeztuko du. Dietario bat da liburu hori. Hemen irakurri dezakezue Uberan atarian idazleari egin genion elkarrizketa.

Kartela Ainara Beristainek egin du, René Magritteren obra batetik abiatuta.


ERQMnfzXYAEZ805

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.