Gaur hasiko da Loraldia

Seigarren urtez antolatu dute Loraldia jaialdia Bilbon, Hamaika desira! lelopenan; Gaurtik hasi eta martxoaren 29ra bitarte, askotariko ikuskizunak, hitzaldiak, aurkezpenak eta abarrak izango dira hiriko hainbat txokotan. Hainbat arte adierazpide bilduko dituzte: artea, bertsolaritza, dantza, literatura, musika, antzerkia eta zinema. Albiste honetan, ordea, literaturarekin loturiko ekitaldiei erreparatu diegu.

fichero_125193_20200218

Seigarren edizioa du aurtengoa Bilboko Loraldia jaialdiak. Euskarazko kultura industria sustatzeko eta euskal kultura transmititzeko helburuarekin sortu zen Loraldia orain bost urte, eta, hala, euskal kulturako hainbat adierazpide ekarriko dituzte oholtzara, hala nola bertsolaritza, literatura, musika, dantza, zinema eta antzerkia.

Albiste honetan, literaturarekin lotutako ekitaldien programazioa ekarri dizuegu.


 

Irakurri, mesedez. Bizkaia eta berbak

Martxoaren 14an, 12:30etan, San Mameseko metro-geltokiko hallean

Parte-hartzaileak: Ekaitz Goienetxea, Nere Arrien, Paddy Rekalde, Yolanda Arrieta, Juanra Madariaga (gidaria), Miren Amuriza eta Nerea Alberdi (musikaria)

Euskal Idazleen Elkarteak bultzatutako “Irakurri mesedez” kanpainarekin bat egiten du Loraldiak. Eszenatoki bat jarriko dugu elkarlanean San Mames geltoki intermodalean eta bertan testu literarioak, bertsoak eta musika entzuteko parada izango dugu. Bizkaiak bizi dituen giro naturalak, sozialak edota itxaropenezkoak idazle talde baten eskutik zabalduko dira metroak, trenak eta autobusak irten eta heltzen diren lurraldean.

Makina bat testu literario irakurriko dute Bizkaiko hainbat idazlek beraiek eta euren berbak bertsolari bik josiko dituzte inprobisazioari bidea emanez. Jostura hori korapilatzeko musikari baten soinuak azken puntada emango dio berbaroari.

 


 

Hariak

Martxoaren 14an, 19:30etan, Itsas Museoan

Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da sentikaria eta emakumea, memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartzen ditu kontagai bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Gainera, emanaldi honetan beste emakume berezi baten oroitzapena erreskatatuko da, Maria Teresa Verdes, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea. Azken laurogei urteetan, garaiko moldeak puskatu eta gainditu zituzten hainbat emakumeren bizitzek eta haien porrotak, denboraren poderioz, garaipen bihurtu dira.

Parte-hartzaileak: Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña.

Hona hemen Goiatz Labandibar kolaboratzaileak Peñari egin zion elkarrizketa.


 

Manipulazio-estrategiak

Martxoaren 15ean, 12:30etan, Guggenheim museoan

Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi-mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Eta kanta ez, gezi bilakatu ditu Pettik bere ahotsaren eta musika-senaren bidez. Hala, gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua.

Parte-hartzaileak: Harkaitz Cano eta Petti & Banda (Juantxo Zeberio eta Et incarnatus orkestrako kideak)

 


 

Dylan dosia. Bob Dylan gogoan

Martxoaren 16an, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian

Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizuna da. Bertan Minesotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira: Blowin’ in the Wind, Masters of War, A Hard Rain’s A-Gonna Fall, Desolation Row, Hurricane, Dignity…

Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo García perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean. Hauekin batera, Carlos Fregtman musikariaren atmosfera musikal ezberdinek, esperientzia are zirraragarriago batean murgilduko gaituzte.

 


 

Nola gorde errautsa kolkoan eztula egin gabe

Martxoaren 17an, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian

Miren Agur Meabek poema berriak plazaratuko ditu. Zain geunden poemazaleok, hamar urte igaro baitira uzta berria jasotzeko. 2000. urtean Azalaren Kodea poema liburuak ikusi zuen argia; 2010ean, berriz, Bitsa eskuetan lanak; 2020an, beste urrats bat.

Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna. Asmo horretan, besteak beste, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea, Wendy, Mahatsaren Andre Maria edota Brontë ahizpak. Guztion artean, katalogo bat osatzen dute bakardadeari eta norberaren ahalduntzeari buruzko gogoeta egiteko.

Ikuskizun poetiko honen soinu bandari dagokionez, Amorante gonbidatu du. Ezohiko soinuen bila dabilena. Hori gutxi balitz, Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa. Eneritz Artetxe teatrogileak ikuskizuna harilkatzeko ardura hartu du. Hiru sortzaile handi Miren Agur Meaberen poesia indartsu bezain hunkiberari oihartzun egiteko.


 

Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon

Martxoaren 18an, 19:30etan, Itsas Museoan

Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik.

Joseba Sarrionandiak Fernando Pessoa miresten du eta miresmena nabaria da euskal idazlearen sormenaren paisaian hasiera hasieratik. Arratseko fadoa edota Alberto Caeiro-ren Bisita poemak gordetzen dira haren lehen liburuan, “Izuen Godelekuetan Barrenaren” Lisboako Nigarkantan.  Loraldiak idazle bien hitzordu literario bat irudikatu du. Non eta Lisboan, Casa do Fado baten. Fado eta ardo berde artean bi idazleok mintzo dira. Mikel Antzak erronka hartu du eta hitzorduari berba jarri dio. Beste aldetik, Lisboatik datorkigu kantari gazte bat: Diana Villarinho. Fadogile berri honi esker eta Antzaren begira literarioari esker Pessoaren eta Sarrionandiaren Lisboara abiatuko gara.


 

Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea

Martxoaren 23an, 19etan, Elkar denda (Iparragirre kalea)

Liburu-aurkezpena

Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek, baina, horrez gain, Leturiak bere bi panderorekin izandako elkarrizketa, non bere ibilerak kontatzen dituen, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak azalduz, abentura xelebre eta pasadizo mundialekin batera.


 

Aitaren etxea

Martxoaren 25ean, 19etan, Elkar denda (Zazpikaleak)

Liburu-aurkezpena

Ismael, blokeaturik dagoen idazleak, Jasone bere emazteak ezkutuan idatzitako testuan aurkitu nahiko du inon topatzen ez duen ahotsa. Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez, generoaren eraginaz eta familietan sortzen diren isiltasunez ari da Karmele Jaioren azken eleberria.

Hona hemen Jaiori gure atarian egin genion elkarrizketa.

 


Muga, Anfetamiña

Martxoaren 25ean, 20:30etan, Euskararen Etxean

Muga proiektua Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea. Rock meloria berriak, ia berrogei urte dituzten poementzat. Hemen historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da.

Euskararen Etxeak plazaratu duen Hi(zki)bridoak programarekin elkarlanean.


HÖGEITAVAT Mendeko Emanaldi Poetikoa

Martxoaren 26an, 20etan, La Fundición aretoan

Iñigo Astiz idazlearen “Analfabetoa” liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Nahasian doaz alor intimoa eta soziala irakurketan. Poesia da saioaren muina, baina egileek soineko eszenikoa jantzi diote proposamenari, eta antzerkia, hitza eta performancea batu dituzte horretarako.

 


 

Zaharkitze programatua

Martxoaren 29an, 12:30etan, Guggenheim Museoan

Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruzko testu libre bat idatzi du Loraldiak eskatuta. “Zaharkitze programatua” eman dio izen. Testuaren irakurraldiari Don Inorrez taldeak (Imanol Ubeda, ahotsa eta gitarra, Karlos Aranzegi, bateria, Lutxo Neira, baxua eta Ruben Caballero, gitarra) soinu banda jarriko dio. Eta bi bertsolarik, Alaia Martinek eta Onintza Enbeitak, inprobisatuko dute testuaren gainean, eta Amaia Agirreren gaiei jarraikiz. Geroari begira Loraldiak antolatzen duen seigarren hitzordua. Klasiko bihurtu da. Festibalari amaiera emateko lorerik ederrenetako bat.


 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.