Ingeborg Bachmannek duela mende erdi idatzitako narrazio gaur egunekoak

Pasa den irailean argitaratu zen Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Aldibereko (Erein eta Igela, 2019) ipuin-liburua, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Idoia Santamariak ekarri du euskarara. Ostiralean, hari egindako elkarrizketa kaleratuko dugu, eta aukera aprobetxatu dugu Bachmanni buruzko amu (pertsonal samar) bat osatzeko.

maxresdefault

Hasieran, poeta zela uste nuen, nahiz eta, bizi zela, era askotako lanak kaleratu zituen –narrazioak, eleberriak, irrati-nobelak–; nahiz eta, bigarren poema-liburua argitaratu ostean, poesia idazteari utzi zion.

Hasieran, Ingeborg Bachmann poeta zela uste nuen, poeta baino ez.

Ez da harritzekoa: euskaraz, prosa baino lehenago iritsi zitzaigun Bachmannen olerkigintza, 2015ean, Nagore Tolosak itzulita, MPK bildumaren barruan –aurrez, 2012an, Bachmannen zazpi poema euskaratu zituen Iñigo Aranbarrik armiarma.eus atarian–. Ez da harritzekoa: poeta izarra izan baitzen Bachmann, Tolosak kontatu zigun eran: “lehenengo [poesia] liburuarekin jada izar bat izan zen”. Hau da, 1953an, 30 urte bete gabe.

Gauza makurra izan daiteke arrakasta. Tolosa: “Malina [eleberria] irakurtzen da, eta irakurtzen zuten, bere bizitza pertsonala ondoan jarrita, parez pare. (…) emakume triste, malenkoniatsu eta histeriko bat bezala ikusten zuten. Baina hori gertatzen da beti emakumeekin: emakume bat bidetik ateratzen bada, histerikotzat jotzen da, horixe da lehenengo adjektiboa eta galdetzen dute “zer gertatzen zaio tipa honi?”. Heinrich Böllek zioenez, Bachmannek hel-dei bat eginda ere, ez zuten haren garrasia entzun nahi izan. Bachmann bera literatur gai bihurtu zuten, irudi bat, mito bat”.

1956an argitaratu zuen bere bigarren poesia-liburua, eta urte horretan bertan adierazi zuen ez zuela halakorik gehiago idatziko. Erabakiaren arrazoi posible bat Anjel Lertxundiren luman topa dezakegu, hala dio:

[Aldibereko] zabaldu eta aurki asko, itzultzaileak idatzitako hitzaurrearen bigarren orrialdean, irakurleak exigentzia artistiko handiko Bachmannen aipu batekin astindu ditu nagiak: «Arriskurik gabe idaztea baliorik gabeko literatura batekin aseguru-kontratu bat sinatzea da».

Bachmann idazle austriarrak kazetari bati esandako hitzak dira. Haren esanetan, arriskurik ez dagoen lekuan ez dago arterik, idazkuntzarik, berrikuntzarik. Kontzesiorik gabe, idazteak porrota du arrisku, baina ez porrotaren masokismoz, oso kontrara baizik: porrot gaiztoenetik —errutinaren sitsetatik— libratzeko arriskatzen da artista. Ez du paseo beti berdina egiten segitu nahi, are gutxiago pauso beti berdinekin, eta inondik ere ez pasealeku beti beretik.

Segurtasunaren aurkako eta idazkuntzaren aldeko apustu horretan, 1964an, bere prosa-proiektu handienari ekin zion buru-belarri Bachmannek: Todesarten izenburua jarri zion [Hiltzeko erak]. Ziklo horretako nobela bakarra argitaratu zuen, baina: Malina, 1971n. Aldibereko, berriz, urtebete beranduago kaleratu zuen, 1972an, hil baino urtebete lehenago. Kuriosoa da, bere prosazko proiektu handia nekagarria suertatzen zitzaiolako hasi omen baitzen narrazio horiek –hasieran Ingeborg Bachmann poeta (baino ez) zela uste zuen irakurle hau erabat txunditu dutenak– idazten.

EAEn osasun-larrialdia ezarri bezperatan elkartu ginen Idoia Santamaria eta biok, azken asteetan guztiz liluratu ninduten bost narrazioei buruz jarduteko –Aldibereko”, “Arazoak, Arazoak”, “Begi zorionekook”, “Zaunka” eta “Aintzirarako hiru bide”–. Liburuari zerion umoreaz galdetu nion, eta prosazko proiektu handiarekiko lotura aipatu zidan: “Bere proiektu handian aurrera egin ezinik zebilenean idazten zituen narrazioak ziren hauek, eta itxuraz istorio komiko samarrak idazteko asmoa zeukan. Umore-kolpeak ditu batzuetan, baina komatxo artean ulertu behar da hori… Irribarre izoztu bat ateratzen zaizu”.

Nik, miopia eta astigmatismoa dituen honek, gogotik egin nuen barre “Begi zorionekook” ipuinaren hasieran:

“Mirandak, haatik, “zeruaren opari”tzat jotzen du batzuetan bere sistema optiko akastuna. (…) Izan ere, txundigarri iruditzen zaio nola jasan dezaketen besteek egunero ikusten dutena eta nahitaez ikusi behar dutena. Apika ez dielako hainbeste eragiten ikusten dutenak, hori dutelako mundua ikusteko sistema bakarra? Ezen baliteke ikusmen normalak –astigmatismo normalak ere barne–, erabat sorgortzea jendea (…). Edonola ere, Mirandak ez luke gutxiago maitatuko Josef haren hortz horixkak ikusi beharko balitu hark irribarre egiten duen bakoitzean. Badaki nolakoak diren hortzok gertutik, baina desatsegin samar deritzo “beti ikusi” beharrari. Orobat ez litzateke askorik izutuko Josefen begi inguruetako zimurrak ikustean, batik bat nekaturik dagoen egunetan antzematen zaizkion marratxo horiek. Hala ere, aukeran nahiago ikusmen zehatz-zehatzik ez izatea eta, hala, Josefenganako sentimenduak ikusmenaren ondorioz ez aldatzea edo ahultzea. (…) Ez du behar, beste batzuen antzera, Josefen hain irudi definiturik, berak ez du inor goitik behera miatzen, ez du jendearen erretraturik egiten betaurrekoen atzetik begiratuz, ez; berak marraztu egiten du jendea, bere gisara, beste zantzu batzuk ere kontuan harturik”.

Liburuko beste pasarte batzuek, aldiz, zuzenean eragiten diote zauriari. “Aintzirarako hiru bide” ipuineko honek, adibidez, ez dirudi orain berrogeita hamar urte idatzia:

“Beste batean, Elisabethek –eta, harekin batera, haren aldizkariko erredakzioak eta Frantziako alderik onen eta zintzoenak– hiru argazkilari eta erreportari bat galdu zituztelarik Aljerian eta beste bi kazetari Suezen, Trottak esan zion: Beraz, zuek ere kolpatzen zaituzte argazki-gai duzuen gerra horrek, jendeak gosaltzerakoan ikusteko egiten dituzuen argazkietako gerra horrek. Ez zakinat, baina ez naun gauza malko bakar bat ere isurtzeko hire lagun horiengatik. Norbaitek tiroen erdi-erdira jauzi egiten badu besteen heriotzari buruzko argazki eder pare bat eramateko etxera, bera ere hil ziteken kirol-grina moduko horren eraginez. Horrek ez din ezer berezirik, lanbideak berekin dakarren zerbait dun, besterik ez! Elisabeth zur eta lur gelditu zen, sinetsita baitzegoen hura zela garai hartan jarrera zuzen bakarra, berak eta beraren aldizkariak zutena, jendeak jakin egin behar zuen, zehatz-mehatz jakin, zer ari zen gertatzen leku haietan, eta jendeak ikusi egin behar zituen argazki haiek nahitaez, “lozorrotik esnatzeko” behingoz. Trottak, orduan, hitz-urri: A bai, lozorrotik esnatu “behar” dute? Eta nahi al dute? Egoeraz jabetzeko hire argazkirik behar ez dutenak, horiek ditun esna dauden bakarrak. Zer uste dun, hik herri suntsituei eta hilotzei ateratako argazkiok behar ditudala gerra irudikatzeko? Edo Indiako umeen argazkiak gosea zer den ulertzeko? Harrokeria irrigarria besterik ez dun hori”.

Ezin dut hona ekarri Aldiberekon topatu dudan mami guztia. Hau amu bat da, interesa piztu nahi duena. Santamariaren hitzaurre jakingarria eta bildumari izena ematen dion narrazio formalki oso ausartaren lehen orrialdeak hemen irakur ditzakezue, baita, nahi izatera, liburua osorik eskuratu ere, ebook formatuan.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.