Garbiñe Ubedaren artikulua Berrian

Garbiñe Ubeda, EIEko lehendakariak, artikulu mamitsua publikatu du Berrian: Kultur arloaren autonomia. Hitzen Uberanera ere ekarri nahi izan dugun, gogoetaren haria kutsatuko den esperantzan.

garbiñe ubeda Berria

Kultur arloan bere kasa dabilenak badaki autonomo izateak —nire kasuan autoentrepreneur figuran aritzeak— zer dakarren. Kontu korronteak ez du jada soldata finkorik, ezta ziurtasunik ere. Lan batzuk hilabeteetan luza litezkeen arren, nekez egingo duzu aurrera begirako planifikaziorik, egunean egunekoak bideratzen jarraitzea ez bada. Astelehenetik ostiralerako errutinarik gutxitan errespetatuko da, eta are gutxiago, egoki irudituko litzaizukeen ordutegirik. Langabezi saria, akabo. Opor ordainduak eta gaixoaldien edo eten beharraren konpentsazioak ere, beste horrenbeste (Frantziako estatuan, artisten gremioko zenbaiti onartzen zaien permanentzia delakoan ez bazaude, behintzat). Esaerak dioen gisan, dagoenean bonbon eta ez dagoenean egon. Eta halere, pozik. Egin nahi zenukeena egiten duzulako. Eta badakizulako, baldintza horietan ez bada, ezingo zenukeela halakorik egin.

Babarrunak eltzetik atera beharrak lardaskara eraman baldin bazaitu, edo hitz teknikoagoa erabilita, lanaren dibertsifikaziora jo baldin baduzu —idazlearen kasuan, tailerrak ematera, eskoletan saioak eskaintzera, solasetan parte hartzera, komunikabideetan kolaboratzera…—, eta horren ondorioz zure eguneko jarduna etiketa bakarraren bidez azaltzerik ez baldin baduzu, hamaika susmo-galdera piztuko ditu zure egoerak, neutroena, baina ez ironiarik edo kargarik gabea, hauxe izanik: «baina zuk zer egiten duzu zehazki?».

Lanak zerorrek sortu, bilatu, eskatu, saldu, burutu eta kudeatu behar dituzu. Eta atzetik, fakturak egin, ordainketak erreklamatu, kontuak eraman. Hamaika oztopo jarriko dizkizute erakunde eta administrazioek, askotan, lana egin eta hiru hilabete luzetara, 80 euro miserable eskuratu ahal izateko (bankuaren ziurtagiri originala, zorrik ez duzula dioen agiria…), eta beti, amarrutan zabiltzan susmopean. Zer esanik ez, Bidasoaren alde batean bizi eta bestean aritu bazara («Ziur PFEZ zergaz salbuetsita zaudela?!», «Ekarri mugaz gaindikoa zarelako froga, hango Finantza Ministerioak zigilatuta»…).

Gutxiespen handiak egiten zaizkio kultur arloko autonomoari, bere bizimodua dela-eta. Galdetu bestela edozein gurasori, gitarra jotzea taxuzko ofizioa ote den, ez ote duen usu erantzuten «ingeniaritza ikasi, bilatu lan on bat, eta gero joko duzu gitarra». Hain zuzen, idaztea, antzeztea, abestea, musika jotzea, dantzatzea edo bertsotan aritzea, horixe besterik ez delako gizarte honen estrukturan: denbora-pasarako afizioa, fundamentuzko lanaz kanpoko jarduna. Aipatu beharrik ez badago ere, aipa dezagun zein den pastelaren ginda: hizkuntza aniztasuna euskarizidiorako arma bihurtu den honetan, zure jardun ekonomikoa, hain zuzen, euskararen munduan eman nahia.

Gutxiespenak gutxiespen, nork uka dezake, kultur arloan diharduenak —autonomo izan ala besteren kontura lan egin— bere sormena, gogoa eta ahalegina herriaren nortasuna sendotzeko eta komunitatea trinkotzeko helburura jartzen dituenik. Salbuespen egoera militarizatu honetan, non Espainiak eta Frantziak mugak itxi dituzten, armadak mobilizatu dituzten eta gu erdiz erdi gauzkaten, non autonomiak interbenituta dauden, non gogoa eta gorputza elikatuko digutenak supermerkatu eta monopolioak izango diren, non gure zaharrak inoiz baino ezdeusago sentitzen diren, non osasunaz haragoko aldarrikapen oro kasik erasotzat jotzen den… Salbuespen egoera honetan, hortaz, ez al da batez ere kultur jarduna gure senean eta gure onenean mantentzen gaituena? Zein adibide ederra #BertsoVid19 ekimena, Buruntza aldetik abiatu eta hesi guztiak apurtuz, direnak eta ez direnak bertsotan kateatu dituena…

Baina kulturaren balioan sinesteak urrunago eraman behar gaitu. Utz iezadazue esaten, egunotan sareetan ikusten dena eta musutruk egiten dena baino askoz ere gehiago dela sorkuntzari laguntzea. Utz iezadazue esaten, etxeko galdara konpondu digun teknikariari bezala eman behar zaiola ordaina sortzaileari, baldin eta iraungo badu.

Harira etorriz, ataka txar honetara ez gaitu koronabirusak ekarri. Kultur arloko profesionalen prekaritateaz, ezinaz eta ziurtasun gabeziaz ari bagara, lehendik jarrita zegoen bonba zartarazi besterik ez du egin pandemiak. Horretan dihardugun gehienak autonomoen baldintza kaskarretan aritzeagatik hutsaren hurrengo bihurtu izana ez baita kasualitate hutsa.

Eutsi egin behar zaiola entzuten dugu behin eta berriz. Hau ere pasako dela. Ikusteko dago, pasa behar duen hori pasata, gure kulturaren gainetik ezarri diren estatuek noraino tenkatuko diguten lepo inguruko soka, larrialdiaren osteko psikosian eraikuntza nazionalari ekingo diotenean.

Eta inguruko agintariei dagokienez, ikusteko dago batasunaren izenean ostu zaizkien eskumenak berreskuratu ahala, balio preziatuenen baitan sartuko ote duten gurea ez besteena den kultura ala lehengo lepotik eramango ote duten burua (alegia, herriaren giharra turismoa eta manufakturaren esportazioa dela sinetsita). Ikusteko dago, ekonomi galeraren erreskatean iritsiko diren sosak kultura propio eta bakana duen herriaren ikuspegitik banatuko ote diren ala, beti bezala, kultur minorizatua laguntzeko ikuspegi paternalistatik emango zaizkion industriari sobratuko zaizkion hondarrak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.