Erika Olaizolaren iritzi artikulua: “Korona zaitez”

Erika Olaizolak iritzi artikulua idatzi du, egunotako itxialdiak sortutako sentsazioei tiraka: “Gu geu gara, beldurretik beti ere, besteari arauak behin eta berriz errepikatzen gabiltzanak eta “zaindu”, “kontuz” eta “ ez irten kalera” bezalako hitzak behin eta berriz esaten ari garenak. Ohartu ere egin gabe polizia bilakatu garela”. Korona zaitez.

Honegatik eta hargatik. Bestea eta hura. Entzun dut esan dutela. Esan omen dute hau. Esan omen dute beste hau. Iritsi zait hau eta iritsi zait beste hau ere. Esan omen dute hura eta esan omen dute beste hau. Informazio kolapsoa daukagu une hauetan. Eta jasotzen dugun materialaren ia guztiak itxura txarra du. Okerrena etortzeko dagoenaren beldurrak paralizatuak gaude. Ahal duguna egiten, guztiok ere bakoitza gure edo bestearen etxeetan. Beldurra are eta gehiago sartzen diguten berriak eta titularrak datozkigu uneoro. Eta, hala ere, egunak pasa ahala gehiago entzuten eta irakurtzen jarraitzen dugu. Eta konturatzerako informazio guzti horren jonkiak bilakatu gara. Koronabirusaren jonkiak bilakatu gara. Ohartu ere egin gabe, “birus” hitza esaten dugun bakoitzean birusa bera dabilela gure ahotan. Hitza bera, mantra batean bilakatu dugu eta agian ez gara kontziente horrek berak ere eragin bat izan dezakeela gugan, gure osasunean.

Aipatzekoa da ere zer nolako erraztasunez jarraitu ditugun arau berriak. Noski, ea nor ausartzen den arauak apurtzen, zigorraren bitartez zigortuko gaituztela esan digutenean. Harrigarria da nola gure “borondatez” entzerratu garen gure edo bestearen etxeetan. Noski, ez da harritzekoa, beldurra zainetaraino sartu diguten honetan, gu geu izatea etxean geratzea irtenbide posible bakarra dela ikusten dugunok. Eta gu geu gara kalean poltsarik edo txakurrik gabe dabilenari ere mesfidati begiratzen diogunak. Eta gu geu gara, beldurretik beti ere, besteari arauak behin eta berriz errepikatzen gabiltzanak eta “zaindu”, “kontuz” eta “ ez irten kalera” bezalako hitzak behin eta berriz esaten ari garenak. Ohartu ere egin gabe polizia bilakatu garela. Ikustekoa da, beldurretik eta beldurrean gaudenean zer esan eta egiteko kapaz garen. Beldurra sartu nahi izan digute eta lortu dute. Zergatik? Beldurrari etxeko ateak eta leihoak norberak ireki dizkiolako. Eta ez naiz beldurrik ez dugula sentitu behar esaten ari. Beldurra iratzargailu bat ere badelako. Iratzargailu bat esnatu nahi duenarentzat eta droga bat sufritzen jarraitu nahi duenarentzat. Sufritu nahi duenarentzat? A ze galdera txoroa. Inork ez du sufritu nahi, pentsatuko dugu. Gizakiok sufritzeko programatuak gaude nahiz eta gure esentzia bestelakoa den. Baina orain ez naiz horretan sartuko.

Kanpoan errealitatea dena da, momentu hauetan. Ados. Baina etxe barruko errealitatea bestelakoa izan daiteke. Etxea esaten dudanean, bi interpretazio ditu. Bata fisikoa, etxea, gure bizilekua eta bestetik (eta interesgarriena nire ustez) gure etxea, gure tenplua, gure gorputza. Eta beharbada interesgarria izan daitekeena da momentu hauetan norberak norbere etxeari begirada bat botatzea. Norbera bere etxean barruraino sartzea. Kanpoan egoera, dena da, bai. Baina begiratu dugu gure etxean? Barruraino sartu gara? Zer pasatzen da? Etxea zikin dago? Ez zaigu gustatzen ikusi edo sentitzen ari garena? Egonezina? Haserrea? Frustrazioa? Eta abar. Eta abar? Ados. Eta zer da askotan ikusi nahi ez dugun gure kakita guzti hori manifestatzen denean egiten duguna? Kanpokoari bota errua? Egoerari? Erregeari? Auskalo zeini? Eta horrek zerbait hobetzen al du? Zerbaiterako balio du egun bat, egun bi, hamar egun, hilabete bat pasatzen direnean? Zerbaiterako balio digu kanpoko norbait edo zerbait errua botatzeak?

Kanpoan errealitatea dena da, bai. Baina errealitateak beste hainbat errealitate ditu bere baitan, ezta? Zurea, nirea, harena… bakoitzarena azken finean. Eta errealitatea neutroa bada? Imajina dezagun orri bat, orri zuri bat, orri zuri handi bat. Eta imajina dezagun gure bizitzaren margolariak garela. Eta norberak hautatzen duela norbere errealitatea zein koloreekin margotu. Beharbada, momentu hau aukera ona izan daiteke horretarako. Gure brotxak, pintzelak, koloreak eta era guztietakoak planteatu eta birplanteatzeko. Marraztutako guztia desmarrazteko, berriro ere marrazteko eta noizbait hori ere desmarrazteko. Egoerarik zailenean ere, ez dezagun ahaztu margoak gure eskuetan daudela. Erabaki dezagun gure etxeko hormak zein kolorez margotu nahi ditugun. Erabaki dezagun zeri uzten diogun etxera sartzen eta zeri ez. Beharbada zerbaiti ateak ere itxi behar dizkiogu. Kalte egiten didan horri zergatik utzi behar diot ba etxean sartzen? Zaindu dezagun zer nolako informazioa jaso nahi dugun. Hainbeste ikusten eta irakurtzen, guztia sinisten ez amaitzeko. Zaindu gaitezen. Hartu ditzagun gure erabakiak. Txikiak izan arren, aldaketak handiak izan daitezkeelako. Saia gaitezen kaosaren erdian esna egoten.

Gran Hermano baten moduan gaude, salbu kamerak. Beti gustatu izan zaizkit reality hauek. Aurrekoan ezagun batek zioen bezala. Gran Hermano ere horrelako zerbait da. Hasieran lehiakideen maskarak ikusten ditugu, ondoren itzalak ateratzen dira eta azkenean esentziarekin geratzen gara. Etxera egiteko garaia da beraz, barrura, gure itzalak ikusi, sentitu eta onartzekoa, beti ere argitasunerako bidean.

Egin eta egin eta egin. Horrela bizi gara eta horretan ari gara oraindik. Gure orduak pasatzeko, kexatzeko, manifestatzeko… Eta beharbada gelditzeko momentua iritsi da. Geratu. Arnastu. Sentitu. Arnasa hartu eta botatzea automatikoki egiten dugun zerbait da noski, bizirik gaudelako. Begira zein gauza xinplea eta logikoa. Baina kontzienteki arnasten ari al gara? Arnasteak burutik gorputzera jaisten gaitu, orainera ekartzen gaitu. Ariketa txiki horrek ere galtzen ari garen presentzia itzuliko digu.

Hausnarketak hausnarketa… hitz bat dabilkit bueltaka egun hauetan. Askatasuna. Zer da askatasuna? Uste dugu etxetik irteteko baimena etortzen denean aske izango garela? Hala beharbada barrote imajinarioak gurekin dira beti? Eta orain inoiz baino gehiago ari gara ikusten? Askatasuna norberaren baitan al dago? Espazio txikienean ere espazio infinitu batekin konektatzeko kapazitatea daukagu. Hori ere entrenatu egiten da noski. Baina kapazitatea hor dago. Baina aske izateko lehendabizi gurekin ditugun barrote imajinario horiek ikustea besterik ez zaigu geratzen. Eta beste behin, beharbada horretarako momentu egokian gaude. Edo zeren esperantzan gaude? Dena pasatzen denean lehengora itzuliko garela? Ez da gehiago egongo lehengorik. Bizitza etengabeko mugimendua da. Aldaketa garaia da. Eta mundua aldatu nahi badugu has gaitezen gugandik aurrena.

Eta amesten hasita… pentsa… denok, etxean gelditu beharrean, kalera ateratzen garela eta elkarrekin dantza, besarkatu, muxukatzen… garela. Imajinatzen duzue? Erresistentzia izango ginateke. Maitasuna, bizitza, jolasa, eguzkia… horiek bai sendagarri onak. Baina ez, badaezpada etxean geldituko gara gure ustez babesteko, ohartu gabe gaxotuko gaituena gurekin dela, egunero, alde guztietan. Beldurra bera. Beraz, egon gaitezen txintxo etxean badaezpada, birusak hilko gaituenaren beldurrez. Ba begira, kontu honek heriotza ekarri digu, eta uste dut ondo dagoela hori. Gogoraraztea denok hilko garela lehenago edo beranduago. Bizi-bizirik egoteko, heriotzari lekua egitea ezinbestekoa delako. Orain bizirik gaude, bizitzan gaude, beraz, bibratu dezagun altu, goi eta ozen. Modu horretan birusa ez da eta sartuko gure etxeetan.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.