IZURRIAREN BERRI EUSKAL TESTU ZAHARRETAN: ZENBAIT ZERTZELADA

224

 

AGURAINGO ERREKETA

 

(…)

zerren eozen

izurriteaz urtenik

ifini dabe

oi eta asko penarik

komarkaetan

ara balloa gizonik

zerren eozen

larrin guztiak beterik

persona askoz

izurriagaz gaxorik

oi jente asko

egoan pare bagarik

ara begira

oi ezin sokorridurik

su ori barriz

oi beti soberbiorik

ez eukala

bapere piadaderik

izurridunak

asko eukaen llanturik

nork bereari

oi ezin kobru emunik

etorri dira

oi barri onok enzunik

komarkaetan

eozenok rekojidurik

oita lebela

egiten asko negarrik

zerren ekusten

eben guztia galdurik

galdurik eta

suorrek abrasadurik

(…)

 

Salbatierra egun ei dago tristerik – Joan Pérez de Lazarraga (1567)

 

DON JUAN DE GARAIOA?

 

        Izurrite batean, mando-gañean gaxoak eramaten asi zan Pernando.

 

Bakoitzarengatik ainbesteko bat ematen zioten, eta, kaxo motell! bapo zebillen.

        Tolosatik Ernanira gaxo bat eramateko agindu zioten bein. Bai berak agindua bete ere. Baña, Ernanira iritxi ziranean, gaxoak esan zion:

        —Donostiraño joan nai nuke. Eraman nazazu, gizontxu.

        Ernanitik Donostiraño gaxo ura eramanda, Pernandok ez zuan ezer irabazten, eta ez zuala eramango esan zion.

        —Ernaniraño ekartzeko esan dirate neri, ta emen gelditu bearko dezu.

        —Baña gizona…

        —Esana esanda dago, ta kito.

        —Zer kito ta kito-ondo! Kontu gero zer esaten dezun! Don Juan de Garaioa naiz gero ni…

        —Bai e?

 

Don Juan de Garaioa?

Berdin da baldin bada

Inpernuko arraioa.

Indarrez ez baldin bada

ni baiño geigo,

Pernando mandoarekin

etxera dijoo.

 

Pernando Amezketarra – Gregorio Mujika (1925)

 

 

Zortzi egun iragan zituzten gero xoragarriak.

 

        Piarresi berriak ethorri zitzaizkon anhartean herritik; molde guzietako berriak. Gripa tzar bat ari zen, aspaldi hartan bazter guziak jada xahutuak baitzituen Senperen, mundu zabalean bezala. Ez gauaz, ez egunaz, nihoiz ez zen sosegurik mirikuarentzat, erretorarentzat. Eta, gerla guziak bezenbat jende eremanik bazuen, hurbil, eritasun tzarrak. Etxe batzuetan, familia guzia ohean gelditua izanez, auzoak izaiten ziren arthatzaile. Orok berogia behar eta, oro ohean izanez, —nahi eta ez— mihisek, estalkiek, garbitasunak berak eskas egiten zuten asko xokoetan; sendagailuek ere ba, zorigaitzez! Azken mugaraino, eriak bazauden gorri-gorria, pullit-pullitak kasik. Eta haurrideak ohartu orduko, edo bardin, hek ohartu ere baino lehen, txartuak ziren, hilak ziren. Etxe beretik holaxet, Hergarai kaskotik, hiru kaxa athera ziren egun berean, Sarako aphezak, lerro-lerro, betan ehortzi baitzituen, bezperan herriko erretora bera eriturik, eta zer eta nolako egunaren ondotik! Sua ari zuen bazter guzietan, lurretik, airetik.

        Gauaz, hedoiak gorri-gorria zauden eta idor-idorra, den mendrenik hezatu gabe. Eta, gerlako berrien gainera, jendea izitua zen orai heriotze hetaz guzietaz; hainbertzetaraino izitua non ezkilarik ere ez baitzen gehiago jotzen kurutze-eremaileentzat. Ehorzte egunekoak ere jada zerbeit baziren…

 

        Zorionez, Jainkoak iduri zuen, urrikaldua zela orai gain hartan. Jaun erretorak hala galdeturik, herri guziak barur egin zuen ortzirale batez, eta kurutzearen-bide bat egin zen, mundua lehiatu baitzen hartarat. Egun hartan berean, gerlako azken gudueri buruz, eritasun tzarrari buruz, Ama Birjinaren iduri eder batentzat behar zen diru guzia nasaiki bildu zen. Fede gutti-gutti bat baizik ez zuten arrotzak berak zoin-lehenka emaiten arizan ziren, botuz eskainia zen Ama Birjina harentzat. Nehork ez hil nahi alabainan, neholere ahal balinbazen!… Eta —ez zenez mirakuilua?— arrats hartan berean gelditu zen izurrite ikaragarria, senpertar bihi bat ez baitzen gripatik joan orduz-geroztik, auzo herrietan oraino nigarrez ari zirelarik…

 

        Eta, berehala manaturik, han zuten orai Ama-Birjina ederra, Senpereko aphiku-azpian. Bere ama maitearen besoetan, gerruntzeraino troxaturik, Jesus-Haur muñuña bat, besoak zabal, ororen beha hantxet zagon, ororen laguntzeko. Eta oro heldu ere zitzaizkon, zangoetako erhi ttiki-ttikiak musuz jaten ziozkatela. Eta, huna iduri ederraren azpian, bethiko orhoitzapen emenak ziren hitz hunkigarriak:

 

Senperek

Bere Amari

Botuz Emana

1918

Gerla Handia Zen,

Soldadoak Dauzkutzu Begiratu.

Oro Eri Ginen,

Eta Eriak Dauzkutzu Lagundu.

Mil-Esker Ama!

1918

 

 Piarres II – Jean Barbier (1929)

 

XII. Izurria Mungian

 

        Kartago ta Erroma (Mungiakoak) irakiten bizi ziran. Zer zan a! Izurri asko, batzuk alkarren antz andi bagakoak, ezagutu dabez lengo gizaldietan Europako erri andienak. Sarrien zabaldu dana Asiatik sarturiko colera morbo izan da. Erroman (Italiakoan) atxina gizonak arrausika asi ta agoa zabalik iIda gelditzen eiziran; eta andik sortua dala diñoe gaur daukagun ekandu, erpuruaz ago zabalduan kurutze txiki bat egitekoa. Milan, amaseigarren gizaldian, 250 milla uritarduna zala, 60 millara gitxitu eban izurri batek. Londres amazazpigarren mendean ta Marsella amazortzigarrenean gino onetantxe urritu ziran.

        Mungia, don Anbrus Isasti jauntxo zan egun aretan, izurriak yota egoan. Etzan, orregaitino, iñor il; etzan iñor makaldu a gora beera. Bakar bat ez batek ezeban yateko gogorik ez gogaldi onik galdu. Pozezko izurria zan Mungiakoa, izlari-izurria, erderaz epidemia de oradores. Au etzan, beste geienen antzera, Asiatik etorri. Mungiako au Mungian bertan sortu zan; Kartagon. Izurri onezaz, Gondramendi indianua ta Labarto gelunezaiña ez, beste bazkide guztiak iratsi ziran. Goizerik gaberakoan izlari izan bear ebela-ta, bata ona ta bestea ara, erria batu ta diskurtsuak egiten asi ziran Olabe gozogiña, Laraudo zaldiduna, Simon Gangoiti, Lamiaran ostataria ta besteren batzuk. Andraka zarrak, bere lau alaba ta auzoko baten aurrean, politika lokala azaldu eban etseko suetean. Arandui arakiña, Basurtoko eriara txal batzuk erostera yoan zan baten, angoxe ardantegi baten asi zan baserritarrai berbaldi bat, politikazko yardun bat egiten; eta arrezkero gaurik etxakon igaro, aukeraldi-egunerarte, nonbait itz egin bagarik.

        Nondik norakoa zan, baia, izurri au? Arangoitiren garun artean sortu zan. Jauntxoak Yataben egindako diskurtsuaren barri Busturigandik yakin ebanean, aren poza!

        Gau atantxe, loak iges eginda, erne ekion burutasun au: zaltzain, arakin, okin, gozogin, ostatari… Kartagoko nekazale guztiak izlari biurtzea. Urrengo egunean Busturigaz arpegi-ikuste bat izan eban orretarako. «Nik Kartagora dei egin banegioe, ezeteleukee igarriko adarra yo nairik nabilela? Oba da beste batek aurrea artzea. Zoaz zeu, Busturi, Olabe gozogiñagana, Kartagoko alkate ta errege ta yaube dogun Olabegana. Berak bere izenean eta bere garun-artean sorturiko asmoa bailitzan dei egin dagigula. Begik eta Anton Imazek euren diskurtsuen indarrez boto guztiak erromarrentzakotuten diarduela esanezkero, laster dozu ori zuritu.

        Eztogu egunik galdu bear. Gaur arratsean, bizkor bazabilz, izlari-baltzua, Mungiari betiko izen andia Amerikaragiño zabalduko dautsana, gaur sortu bear dogu».

        Esan ta egin. Busturik bost minutu baiño lenago Olabe gozogiña atarako zuritu ta berotu ta sutu eban, auxe ganeratuta: «Niri, badakizu, beste batzuren azpian bizi naizan oui, etxat eder egiten onelango asmo andietan neure ugazabak diran don Anbrus ta Arangoiti sarrarazo ta zelanbait neure mendeko egitea. Zeuk, bereber zaran orrek erraz egin dagikezu, nire izena aitatu be egin bagerik». Orixe ezeban gura Olabek!! Laukarizko barriak berak be artu ebazala ta baietz. Busturik Arangoitirenean sartzea baiño ezeban egin, Olaberen emazte Basili kartagoarren etserik etse aldarri au egiten asi zanean: Zortziretan gurera sin falta yoateko.

 

        Basiliren «geurera» Kartagora esatea zan. Lau itz onek erreskada onetantxe ots egin eben: Arangoitirenean, Busturirenean, Epikorenean, Laraudorenean eta alderdiko gizon agiri guztien etsean, Gondramendirenean be bai. Kartagoko lau aulkiak lenengo irurentzat eta Andraka zarrarentzat izan ziran. Beste guztiak zutunik, nai azukre-zorroetan erdi-etzunik (bakoitzak al ebanez) igaro eben batzarraldi osoa.

        «Zer yazo eteda? zirautsen kartagoarrak alkarri-. Don Anbrus dirua emoten aspertu egin eteda? Ala Morrosko bera atzeratu?». Inok ezekian ez ze barri ebilen ez zetara ta nok deitua izan zan, arik eta Olabek lau aurkidunai pido la palabra esanarte.

        Gau atan erderazko iru itz onek sarri ots egin eben Kartagon. Beintxo be ezeutsen inok erantzun, arako la tiene su señoría nai beste onelango zerbaitez; Pido la palabra esanda batera asten ziran izketan. «Jaunak —zinoan Olabek—, nik gaur uriauzo askotati artu dodazan barriak artuta, isilik egon banintz, dei egin ezpaneutsue, kartagoar usteltzat neure burua eukiko neuke». Itz onek entzunda eztul kirri-marrea egin eben zutunik egozan geienak.

        —Badakizue —zerraion Olabek— igazleneko uiol andi ak Emerandoko sakonean egin ebana, lurrak errekatu ta dandarrez troketara eroan. Ezaldozue gomuta? Alantxe yazoko jaku aukeraldi onetan. Erromarrak gure baserritarren boto guztiak aurrez ta narrazean eroango dauskuez baldin gu orainarte lez lo egotekoak bagara.

        Eztul barriro be goietakoak, gogortxoago oraingotan.

        —Arraitz sendalaria, ezizenez Begi —zinoan Olabek— uriauzorik uriauzo dabilkigu diskurtsuak egiten—. Baserritarrak gogoz dagokioz adi; asko gogo beroz, gogo otzez iñor be ez arean. Anton Imaz bera, Begiren aleginak zelango atzea daben ikusita, berbaldiak egiten asita dago. Entzutekoa da goizeon dendara etorri datan laukariztarra! Auzo atan ezeidarabile baserritarrak beste auturik, Begi ta lagunaren diskurtsuak gora ta beera. Eta gu lo!!

        —Itzarri gaitezan —esan eban Arangoitik.

        —Itzarri gaitezan —erantzun eben kartagoarrak aldran; eta bere alboko Busturiri ukondoan ikututa «Gizonak —yarraitu eban legegizonak—, erromarrak izkamizka daroaskuez botoak. Izkamizka ekarri dagiguzan guztion artean geure aldera. Nire ustez edozein gizon da yatorriz izlari, eleketari, berbalari, oradore; edozeinek, lenengotan ain ondo ezarren, egin dagikez itzaldiak, eleketak, diskurtsuak. Eztozue ikusi Yataben bertako seme ospetsu Gloria de las Antillas, orador patriarcal don Anbrusek, lenengo egunean bertan, bere itzaldiaz ango baserritar guztiak arrituta agoa zabalik izten? Viñasek, aurrez aur daukadan El Eco de Vizcayaren berrikari onek, esan dagiala au onelantxe eztan. Zuen arteko zaarrenok, Laraudo ta Andrakak, neuk lez dakizue Isasti andiak zelango ikasteak daukazan. Zer esan gura dau onek? Gizona yatorriz, berez, sortzez, izatez dala izlari, berbalari, oradore».

        Kartagoar guztiak, Epikok ez, batzuk eztulka, besteak «Ori ori» esanaz ontzat artu ebezan Arangoitiren itzak. Treviñok, irri-barreka, eskolarako goiztxotik yagi bear ebala ta etsera yoala esan eutsen eta «Geienak aintzat daukena neuk be aintzat artuko dot» ganeratuaz kaleratu zan.

        —Jaunak —zerraion Arangoitik—, kartagoarren alderdi osoak erabagi goratsu bi onek artzea egoki litzakigula uste dot. Lenengo erabagia: gizona yatorriz, sortzez, izatez, berez izlari, berbalari, oradore dala. Aintzat artzen dozue, lagun maiteok, uste au?

        Guztiak, Epikok ez, aintzat artu eben.

        —Bigarren erabagia: —zinoan Arangoitik— Guztiok yatorriz izlari garanezkero, izlari-alkargo bat sortu dagigun. Guztiok geurez izlari bagara, Kartago zer dogu besterik izlari-alkargo baiño? Guztiok asi gaizan ba, gaur emen, biar an, itzaldiak egiten; eta onelan gure lagun kirmen Olabek Erromarantz sailean yoaten ikusi dauzan botoak laster ikusiko doguz Kartagorantza etorten. Ni, badakizue, arreba aurten il jatalako ezin asi naite Mungian, ez uri-auzoetan lan onetan baia zeuek ondo eritxiezkero, Bakiora yoan naite biar. Juan Andres Urizarrek, Berinoleagako kutxazaina da-ta, angoxe langileai itz egingo dautse. Doala etzi Laraudo Markaidara, etzikaramon Larraurira… eta onelantxe emen gagozan guztiok, geure buruak izlari eginda, izlari izatea geurezkoa dogulako, auzo guztietan ibili gaitezan guztiok, garanok. Andraka zarrak, pido la palabra esan bagarik, au zerakutsen lagunai: «Floren gureak domeka-arrastian Meñakan diskurtsu bi daukaz; erderaz ta euskeraz».

        —Erderaz Meñakan! Nok ulertzeko? Ugarazioak?

        —Don Pedro Viñas ara baleioa, El Eco-n zerbait esan gura baleu, ulertu aal izan dagien…

        —Zer diñoe El Eco-gaitik? —itandu eban Viñasek.

        —Zeuk Meñakara Floren Andrakaren diskurtsu erderazkoa entzutera, El Eco-n zerbait esateko, yoan gura bazendu…

        —Ni orri entzutera! Amama doakiola! (Que se le vaya la abuela) —erantzun eban, gogaldi txarreko, Epikok.

        —Pido la palabra —esanda, Arandui asi zan izketan—. Jaunak, neure buruagan ikusi dot Arangoiti jaun onek dirauskuna. Lengo domekan, Basurton nengoala, bazkaritxo onaz barrua bero bero egin nebanean, Begi ta Anton Imaz gomutaratuta, diskurtsua egin neutsen neuk be ardantegian egozan baserritarrai eta, diñoenez, atze ona izan eban nire berbaldiak. Burubide bat, kontseju bat emongo neuskizue arlo onetan asteko zagozanoi: zerbait edan bagarik eztagiela agoa zabaldu.

        Zantzoka barre egin eben entzule guztiak, aulkidunak eta ainbakoak.

        —Pido la palabra —Labartok—. Jaunak, ni, badakizue, neure eginenak, neure arazoak estazinoan yosita nauke. Eztaukat astirik auzorik auzo ibilteko.

        —Pido la palabra —Gondramendik—. Jaunak, ni orretarako eznaiz gauza.

        —Aurreti zerbait edanda be ez? —Aranduik.

        —Nik ura baiño eztot edaten —Gondramendik.

        —Txanpañ ederra doarik balego…

        —Ezta errekan baleioa be, ezneuke nik edango.

        —Errekan txanpaña baleioa gu andik nok atara, Gondramendi? Itota edo…

        Jajajaja luzaro ekin eutsen barre-zantzoka izlari alkartu guztiak.

        —Pido la palabra —Epikok. Onek yakiña! erderaz ta luze ta zoli ekin eutsan. Gei bikoa izan zan Viñasen yarduna: Arangoitiren eritzia ——edozein gizon yatorriz izlari zala— ezeukala berak egiazkotzat; eta gero, Begik orain zaparrada batzuk ataraarren, Mungiako zabalean ikusiko ebela, bai kartago ta bai erromarrak, nor nor zan.

        —Viñas —zirautsan Arangoitik—, gizona berez izlari dan ala eztan ezin orain eztabaidan ezarri dagike. Gizona berez da izlari, yatorriz da oradore. Kartagok erabagi dau. Erabagita dagoana ezta lege eritxipean barriro ipintea. Izlari-alkargoa be sortua dago. Mungiak Mungia danetik auxe baiño gauza andiagorik eztau egin. Gora Mungia ta beronen izlari-alkargoa!

        —Gora! —erantzun eben besteak. Aurreko Kartagon Basili adurretan egoan, yazoera andi onek ikusi ta entzuten. «Gora!» esanda erantzun eutsan berak be Arangoitiren deadarrari.

        —Gura dozue, gizonak, orain alkartu bakotxari bere egiñenak erakustea? Badakizue Viñas nor dogun, geure gudalburu, geure izlari andi. Berau egin dagigun alkargo ilezin onen maipuruko. Baietz deritxoenak eskua gora. Bat, bi, iru, lau… gogo batez. Birburu nor egingo dogu? —Guztiai begira asi zan Arangoiti, bat begiz yoteko. Guztiak burua makurtu eben, lotsaz ala batek badaki zerarren. Gondramendi kenduezkero beste edozeiñek pozik entzungo eban bere izena—. Gizonak, gaur batzar onen asmoduna ta izlari alkargo onen azia erein dabena badakizue nor dogun? Olabe. Birburu izateko nor duinagorik? Gora eskuak, nire eretxi au aintzat daukenak. Geienak ainzat artu dabe —zinoan Arangoitik «bat, bi, iru, lau…» zeinbatuta gero.

        Onelantxe autatu ebezan Laraudo ta Andraka zarra onularitzat, beste guztiak maiko egin ebezan, Gondramendi ta Labarto kutxazain ta zeinbatzaile.

        —Gizonak —esan eban orduan Arangoitik—, atzenerako itxi gura izan dot beste guztien ganetiko asmo au. Munduko alkargo andi geienetan maipurukoagaz batera, deduzko maipurukoa izaten da. Nor da, gizonak, emen duintasun ori ondoen datorkiona?

        —Berori edo… —isiltxorik Laraudok.

        —Zelango ni! Nor da Kartagoko oradore guztien artean andiena? Nor da Orador patriarcal?

        —Don Anbrus —erantzun eben izlari alkartuak.

        —Nor, besterik nor izan leite gure deduzko buru? Bera, inor be ez besterik. Viñas, El Eco de Vizcayan gaurko barri andiok emon dagizuzanean, errezke erakutsiko dozu por aclamación y con entusiasmo aukeratua izan dala don Ambrosio de Isasti Inchaurtiaga.

        Onelantxe sortu zan Mungiako izurri, iziari-izurria.

 

Latsibi – Resurrección Maria Azkue (1920)

 

 

GURE GIZONAK: JUAN DE HUARTE

 

 Denbora hartan, Baeza, Andalucia-ko hirian, izurrite izigarri batek yendeak xahutzen zituen, eta neholere kotsuaren hedadura etzezaketen garhaitu edo atxiki bere zedarrietan eta bazter guzietarat berduratzen zen herioa sarraski haundiak eginik.

 

        Ordian Espainiako erregeak erabaki zuen harat igortzea mediku aiphatuena, eta hautatu egin zuen gure yakhintsu au.

 

        Eta Uhartek, egin ahalak eginik, emeki emeki eritasunak bakhandu zituen, eta azkenian hiria izurritetik garbitu.

 

        Linares-eko hirian hil omen zen, eta diote hango eliza batian ehortzia dela, nahiz oraino ez den ori argiki yakina.

 

        Oixtian erran dugun bezala, Uhartek oldozpen eta oharmen sarkhorrak utzi dauzkigu bere liburuan.

 

        Luze, arras luze liteke hemen aiphatzea, lau hitzez ere, ze goresmen eta laudorio haundiak egin dituzten Espainiako eta Europako gizon yakhintsuenek gure Uhartez.

 

        Bana erran dezagun denek aithortzen dutela bere adimenduaren ohartze zorrotzen ausartasunez eta bere oldozpen eta erakaspen argi eta barnakorrenganik, hiru edo lau ehun urthez aitzinatu zela haren denborako gizonen artekoetik, ez bakharrik Espainian, bana Europa guzian.

 

Artikulu Bilduma – Enrike Zubiri “Manezaundi” (1928-1936)

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.