“Ilustrazio onak lana eskatzen dio irakurleari”

Film amaierako kredituetan gidoilariaren izen-abizenak nola, oharkabean pasatzen da ilustratzailea. Oharkabean, Kukairen azken ikuskizuneko kartelaren, Pirritx, Porrotx eta Marimototxen disko-liburuen edo Lohiaren atzean esku bera dagoela jabetu arte. Berrogeialdirik ez Maite Mutuberriaren (Eltzaburu, 1985) eskuarentzat.

maitemutuberria_argazkia

maitemutuberria_lohia

Ilustrazioa literatura da?

Niretzat ilustrazioa irudiekin istorio bat kontatzea da. Roberto Innocenti ilustratzaile italiarrak ere pinturaren eta ilustrazioaren arteko aldea azaltzerakoan ilustrazioak istorio bat agertzen duela azpimarratzen du beti. Horixe da niri gehien gustatzen zaidana. Idazleek hizkiak, hitzak eta metaforak dituzten gisan dauzkat koloreak, marrak zein metafora bisualak. Hala, ilustrazioa nola ez da literatura izango? Ariketa ederra da ipuin bat jaso eta ipuin hori nola kontatuko nukeen irudikatzea. Lehen irakurketan istorioari erreparatzen diodan arren, berehala hasten naiz idazleak eraikitako irudien matazari tiraka, istorio hori nora eraman nezakeen igarri nahian, kontatzen denaren eta nire bizitzaren arteko harien bila, nire istorio propioa aurkitu arte. 

Ipuin bera kontatzen dute testuak eta ilustrazioak?

Ilustrazioak ez duela testuan kontatzen dena agertu behar uste dut. Dantza moduko bat da: batzuetan lotuta doaz eta, besteetan, bereizita baina paraleloan, elkarrekin dantzan jarraitzeko gisan. Elkargune horietan baliteke antzekoa kontatzea baina, oro har, ez zait komenigarria iruditzen: ze irakurlek nahi du bi aldiz ipuin bera irakurri? Oinarrian dagoen istorioa bazter utzi gabe ipuin paralelo hori topatzea da ilustratzaileon erronka, irakurleak, alde batetik, testua irakurri dezan eta, bestetik, irudia interpretatu.

Ilustratzailea, alta, ez dago beti liburuaren sortze-prozesuaren hastapenetik presente. Itxitako istorioari irudiak jartzeko deitzen zaio sarri.

Idazlearekin hasieratik eskuz esku ari bazara, ipuin biribilagoa atera ohi da: idazleak zure proposamenak aintzat har ditzake, une oro bere ideien eta kezken berri daukazu, formatuaz hausnartu dezakezu, kontaketa eta ilustrazioaren arteko banaketa zehatza planifikatu… Elkarlana nabaritzen da emaitzan. Horrek ez du esan nahi itxitako istorio bat jaso eta ipuin paralelo bat asmatzeko ariketa ederra ez denik. Dena den, niretzat album ilustratu onenak pertsona bakarrak egiten dituenak dira. Hor atzematen da hitza eta irudiaren arteko erabateko sinbiosia, hor ez dago ego-borrokarik, gorputz baten indar guztiak daude helburu beraren zerbitzura. 

Nola liteke irudiaren gizartean bizi eta ilustrazioa “ahizpa txikia” izatea?

Telefonoan, markesinetan… Irudiak nonahi daude baina ilustratzailea idazlea baino okerrago baloratuta dago. Bestela esanda, garrantzia gehiago ematen zaio idazle izateari. Hala, Lohia (Pepitas de calabaza, 2018) argitaratu nuenean, testuak ere nireak zirenez, beste kontsiderazio bat nabaritu nuen. Nik halakorik sentitu ez arren, idazle-lanak egin nituen jendearen begirako. Irudiak, aldiz, umeen munduarekin lotzen dira oraindik. Haurrek ilustraziorik gabe ez dutela istorioa konprenituko sinetsita bizi gara, azalpen gisara ulertzen ditugu irudiak eta umeei behar ez duten laguntza eman nahi zaie etengabe. Horregatik kentzen zaizkie ilustrazioak irakurtzen hasten direnean. Nik, alde batetik, irudirik gabeko literatura defendatzen dut, konbentzituta nagoelako hitzak irudiak sortzeko aski gaitasun duela eta ilustrazio esplizituegiek testuari kalte egiten diotela. Aldi berean, ordea, pertsona bere osotasunean aintzat hartzen duen ilustrazio oparo bat sekulako altxorra iruditzen zait. 

Marraztea ere sekulako altxorra da baina…

Txikitan marrazkia jolasa da. Une batetik aurrera, ordea, umeari errealitatearekiko antzekotasuna exijitzen zaio, “ongi” marraztea, eta exijentziak jolasa zein plazerra itotzen ditu. Horregatik, “ongi” marrazten duten helduek soilik segitzen dute marrazten. Nola liteke arkatzari heltzen ez dakien haurtxoa zirrimarratzen ibiltzea eta helduak “nik ez dakit marrazten” desenkusatzea? Daramagun zama astunak zapaltzen gaitu. Horri aurre egin nahian, umeen mundura hurbiltzeko, marrazteagatik marrazten hasi nintzen. Hor ateratzen dira zure baitan ezkutatzen dituzunak, horrela jorratzen duzu zure estiloa. Ilustrazioari ekin nionetik, beti izan naiz oso arrazionala, oso mentala, detaile bakoitza planifikatu eta pentsatzekoa, eta horrek, batzuetan, izugarri zurruntzen du emaitza.

Berdin marrazten duzu haurrentzat eta helduentzat?

Bai, saiatzen naiz. Tarteka, ordea, testu-liburuak ilustratzea egokitzen zait eta infantila izatea eskatzen didate. Infantila izatea zer den? Ildo beltzak, kolore lauak… Kontzeptuaren atzean dagoena ezagutzen dut baina arrotza zait. Esaterako, Pinotxok testu asko izateaz gain, oso ilustrazio ilunak ditu, baina, hala ere, lortzen du haurrak liluratu eta erakartzea. Horregatik, ohartzen naiz ez dakidala umeentzat marrazten eta niri gustatzen zaidana egiten ahalegintzen naiz. Joemak eta Polasak (Elkar, 2019) lanean, adibidez, nire txikitako niarekin konektatzen tematu naiz, eskua libre dantzatzen, liburuak hori eskatzen zidalako. Ilustratu dudan zuhaitzei buruzko azken liburuan, halaber, 22 urte bete arte Ultzaman bizi izan den neska basozalea bilatu dut nigan, niretzat arbolak zer diren islatu eta sentitzeko. Atzean armairu betea izateak asko laguntzen dit liburu bakoitzak eskatzen didana egiten.

Argi duzu zer eskatzen dizun lan bakoitzak?

Asko dut ikasteko, baina uste dut liburu bakoitzari egokitzen jakitea dela nire bertute handienetakoa. Argi ikusten dut zer eskatzen zaidan, zein den nire lekua. Egia da gehienetan espazioak oso definituta daudela. Album ilustratu batean orrialde osoa izan zenezake irudimena nahi duzun bideetan barna eramateko, baina poesia liburu batean argi dago beste rol bat dela zurea. Horregatik da oso ezberdina zuretzat ala besteentzat egitea lan. Elkar ongi ulertzen dugunean, idazleekin eskuz esku aritzea ederra bada, pentsa zer den barru-barrutik ateratzen zaizuna kontatzea, lehen trazutik azkenerainoko mapa irudikatzea, liburua antolatzea, formatuaz hausnartzea… Indar oso berezia da, zirraragarria.

Zirraragarria. Halakoxea da Lohia

Argitaratu nuenetik bi urte pasa diren honetan esan dezaket esperientzia aberasgarria izan dela. Sormen aldetik itzela izan zen: kaieretan nituen marrazkiak hartu eta istorioa definitzea, kontatzeko manera zehaztea, txuri-beltzaren hautua… Oso aro polita izan zen; asko ikasi nuen bai ofizioari bai niri buruz. Ordura arte, ia dena egiten nuen digitalki, baina eskuz egindakoari garrantzia ematen hasi nintzaion, niretzat akatsak zirenak onartzen. Lohiaren aurretik ez zitzaidan burutik pasa ere egiten bozetoak inori erakustea eta gaur sekulako balioa ematen diot biluztasun horri. Liburuak argia ikusi zuenean, ordea, gaizki pasa nuen. Elkarrizketa asko egin zizkidaten eta, gai pertsonala izan arren, beste bat zen nik kontatu nahi nuen istorioa. Hilabete gogorrak izan ziren baina orain harro nago egin dudanarekin. Esker oneko iritzi asko iritsi zaizkit, jendeak bere bizipenak konpartitzeko aukera eman dit, oraindik horri buruzko elkarrizketak egiten dizkidate, buru-osasunari buruzko kongresuetatik idazten… Bakarkako egitasmo gehiago gauzatu nahi nituzke.

Nolakoa da autoexijentziaren eta plazerraren arteko barne gatazka?

Digitalak dena behin eta berriz zuzentzeko aukera eskaintzen dit eta, ultraperfekzionista izaki, oso zaila da prozesua gozatzea. Bozetoak marraztea, aldiz, azkar marraztea da, bulkada orri zurira jaurtitzea; perfekzioa galtzen duzu, baina egiazkotasuna irabazi, eta horrek prozesua atseginagoa bihurtzen du. Egun, liburu bat ilustratu behar dudanero, hasieran libre-libre marrazten tematzen naiz, gero planifikazioa zehaztera egiten dut salto, eta plangintza oinarri hartuta aske marrazten hasten naiz berriz. Nire anbizio artistikoari neurria hartzeko, etengabe tartekatzen ditut bidea ireki eta bidea ixteko etapak. Hala ere, bakarrik lan egitea barne gatazka etengabea da, “ongi dago baina hobetu daiteke” leloaren oihartzun konstantea.  

Nolakoa da zure egunerokoa?

Orain urtebete hasi nintzen orduak zenbatzen. Orain lehen baino egituratuagoa da nire eguna. Goizean altxa, irakurri eta paseo bat ematera ateratzen naiz. Bueltan, emailak erantzun, lan administratiboak egin, tarte batez libre marraztu eta, bazkal ordura arte, esku artean dudanari heltzen diot. Bazkalondotik 19:30ak arte aldian-aldiko egitasmoarekin jarraitzen dut. Berez, astean bost egunez egunero zortzi ordu sartzen ahalegintzen naiz, baina azken hilabete parean asteburuetan ere lan egin behar izan dut epe estu bati erantzun ahal izateko. Horregatik diot dedikazio osoko lana dela ilustrazioa eta nire buruari ordutegia jartzeak bizimodua zein burua antolatzen laguntzen didala. Esaterako, orain askoz gehiago irakurtzen dut eta lanerako oso probetxugarria zaidala jabetzen naiz. Dena ez da estilo propioa lantzea: burua zenbat eta irekiago izan orduan eta trebeagoa naiz nire lanean.

Lan administratiboak, sare sozialak… Ilustratzailea izatea ez da marraztea bakarrik.  

Sare sozialek zalantza ugari eragiten didate. Twitterren, Facebooken eta Instagramen nago. Aldikada batzuetan gogotik elikatzen ditut eta beste aro batzuetan nahiago izaten dut isilik egon. Dudan jarraitzaile kopurua eta suposatzen didan lana ikusita, ez dakit zentzua duen ni hor egoteak. Gainera, nire izaeragatik, ez nago eroso. Zerbait idazten dudanero, jendearen iruzkinen zain gelditzen zait gogoa, ez naiz lasai geratzen. Lan adminstratiboena ez zait gustatzen baina onartuago daukat. Badakit autonomo-kuota oso altua dela, literatura gaizki ordainduta dagoela, baina asumitzen dut hori dela egoera. Gaur egun, argitaletxeek ez dute ilustratzailerik plantillan, baina, dagoeneko, ez nuke enpresa batean lan egin nahi.

Nola daramazu dei baten zain egon beharra? 

Ez naiz zain-zain egoten: tantaka bada ere, beti ateratzen zait zerbait. Iraganean, lanez gainezka, enkarguz itota, bizi izan naizenez ez naiz esperoaren beldur. Daukadan lana antolatzen saiatzen naiz, esku artera zerbait etorriko zaidan konbentzimendua dut, eta, ez balitzait etorriko, nire proiektu pertsonalei ekiteko gogo izugarria. Gaizki bizi dut hilabete zenbaitez bestelako enkarguak utzi eta nire egitasmoan murgiltzeko aukera izango dudala aurreikusi arren, azken orduan, horretara ezin jarri izatea. Nahiko nuke nireari hilabete batzuetako erabateko denbora eta kemena eskaini ahal izateko beka bat. Bitartean, egunero-egunero denbora tartetxo bat dedikatuta uste dena baino askoz gehiago aurreratzen dela pentsatuz kontsolatzen naiz. Alabaina, enkarguak onartzen baditut, ez da ezezkoak emateko beldurragatik, eskaintzen didatenak tentatzen nauelako baizik. Madrilen bizi nintzenean egiten nuen lan eskergaren ondoriozko krisiak ezezkoak ematen erakutsi zidan. Ezezkoak ongi emanez gero, gainera, egiten duzuna hobeki egiteko aukera sortzen da, gustuko lan gehiago ateratzen, eta, normalean, beste aldean dagoenak ere ongi azaldutako ezezkoa baloratu egiten du.  

Badakizu zergatik deitzen dizuten?

Moldatzen naizelako eta, moldatzen naizela diodanean, ez naiz makurtzen naizela esaten ari, egokitzen naizela baizik. Adibidez, argitaletxe batek elkarren antipodetan dauden proiektuak eskaintzen dizkit, badakielako moldatuko naizela. Hastapenetan, denek esaten zidaten oso garrantzitsua zela nork bere estiloa topatzea eta nik, hain lan ezberdinak eginik, ez nuen halakorik aurkitzen. Denborarekin, ordea, ulertu dut nork bere estiloa izatea, nork bere ahotsa izatea dela, baina hori ez dela bilatzen, bakoitzaren munduan egoteko modua dela. Horregatik, ahots hori behin atera duzunean, errespetarazi behar duzu, gainontzeko egile, idazle zein editoreei ulertarazi ahots hori estali nahi izateak okerrerako eragiten duela azken emaitzan.  

Azken emaitzaz ari garela, zer da ilustrazio on bat zuretzat?

Niretzat ilustrazio onak, zerbait kontatzeaz eta emozionatzeaz gain, barru-barrutik egina behar du. Teknikoki edozer izan liteke, baina ez bada egiazkoa, alferrik da. Esaterako, Lohian erabiltzen dudan teknikak laguntzen du ilustrazioa oso pertsonala, oso intimoa dela sentiarazten, baina sentimendu sakon bat dago oinarrian. Horregatik diot teknika azken helburua gauzatzeko bitartekoa baizik ez dela. Teknika hutsa dekorazioa da, ez ilustrazioa. 

Marrazten hasterako argi izaten dut barruan iltzatuta daukadan ze emozio islatu nahi dudan. Horrek laguntzen dit koloreak aukeratzen, teknika jakin batean sakontzen… Baina emozio hori ahal bezain gardenen agertzea da helburua. Batzuetan, ordea, nire baitako emozio batek sortutako ilustrazioak erabat emozio ezberdina eragiten du irakurlearen begietan. Irudia irekita dagoen seinale den heinean, bitxia bezain ederra iruditzen zait. Besteen begiek nire lanari beste modu batez begiratzen laguntzen didate, konbentzituta bainago ilustrazio onak lana eskatzen diola irakurleari. 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.