Alazne Arrutiren iritzi artikulua: “Leihoak”

Alazne Arrutik hirugarren iritzi artikulua publikatu du “Sinadurak” atalean: “Leihoak”.

Diote eguraldiak, eragina duela umorean. Hala ez izanda ere, sentitu ohi dut haragitan halako zerbait.

Ez dut gustuko lotarakoan logelako pertsianak jaistea, noiz edo noiz, kidearekiko errespetuz eta haren loaren kalitatea bermatzeko intentzioz, konformatu izan behar dudan arren. Goizaldean, leihotik barrena, egunak dakarrenaren iragarpenaz esnatzeko beharra dut. Hezetutako beirak, gelako giroa hoztu dezala. Edota, izpiek oihalen zurrunbilotik at harrapaturikoa goxatu dezatela pixkanaka. Kontrakoan, kobazulo ilun batean esnatu denaren sentsazioa izaten baitut, desorientatuta sentitzeraino.

Eguraldi argiak, etxetik kanpo iltzatu ohi dit gogoa. Halakoetan, arropa garbia ere, gusturago zabaltzen dut, kanpoko zuhaitz helduek tenkatzen duteneko esekitokian. Sinplea bezain gozagarria da brisak, lurrin leunak eta argiztatuko oihalen dantzak osatzen duten eszena.

Txoriak ere, biziago nabari dira halako egunetan. Zer esanik ez, egun konfinatuen lasaitasunaz jabetu direnetik. Kukua jo eta ke aditu dut, nahiz eta nire desgraziarako, XXI mendeko gazte gehienen antzera, ez neraman xentimo (fisikorik) ere poltsikoan. Bizum-arekin traturik onartzen ote duen galdetu beharko diot hurrena.

Une hauetan, inoiz baino gehiago geureganatu behar izan dugu bizitokia. Izango da aspaldiko hautsak astintzea erabakita, logelak txukundu eta hustu dituenik. Argitasunak bere lekua hartu dezan, urteen zamaz zikindutako beirei errepasoa eman dienik. Eta pribilegiaturen batzuek, kanpotik barrenerako bideari ekinda burutuko ahal izango zituzten egokitzapenok.

Uste dut, kanporanzko mundua ulertzeko asmotan, leihoetatik begiratzeko ohitura hartu dudala. Erreparatuz gero, kausalitateak, keinu ederrak eskaini izan dizkit taberna, garraiobide, liburutegi zein gimnasioetan. Eta orain, etxeko leihoetatik munduak inoiz baino ttipiago dirudienean hasi naiz ziurtasunez konprenitzen, barrenera (norbere erraietaraino) begiratzeko ere balio dutela.

Eta nork daki, akaso bizitza bera ere, inoiz baino gusturago ari zaigu begira bueltan.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.