Poema bat eta hiru dantza… eder?

Etxe barruko mugimenduari eusteko Nick Caveren poema labur bat, eta Cave beraren, Michelle Gurevich-en eta The Knife-ren dantza bana proposatzen dizkizuegu. (Argazkia: Lovers are strangers, Michelle Gurevich kantariarena).

lovers

Dantza egin ahal izatea askatasuna da. Ibiltzea, korri egitea, askatasuna da. Mugitzea, azken batean. Egunotan dantza egitea izan da, agian, etxe barruan mugitu ahal izateko modu bakanetako bat. Norberaren izerdia besteren batekin nahastu ahal izateko aukera, besoekin airea astindu bitartean, gerriarekin mamu ikusezinak bultzatu bitartean, izoztuta geratu da oraingoz. Horien guztien omenez, lau dantza labur ekarri dizkizuegu gaur amu honetara. Nick Caveren liburu batek zabaldu digu bidea.

Lerro zuzenean ibiltzea, musikaren erritmora saltoka aritzea, parekoa mugimenduaren bitartez seduzitu ahal izatea… luxuzko ekintzak bilakatu dira azken asteetan. Duela aste batzuk huskeria zena sekulako oparia bilakatu da: ibili, korri egin, izerditu kanpoko paisaia bati begira, edo taberna-zulo bateko barne-paisaietan galduta.

Oka egiteko paperezko poltsen atzean idatzitakoekin osatu zuen Nick Cave idazle eta -batez ere- musikariak The Sick Bag Song 2015ean (Amuak atalean izan genuen mintzagai). Erresistitzeari eskainitako kantak balkoitzen zaizkigun garaiotan, agian ondo etor daiteke liburu horretako lerro hauek gogora ekartzea:

“Eutsi sortzeko beharrari.
Eutsi absurdoan sinesteari.
Eutsi probokazioaren bitartez.
Eutsi tristezia eta gaixotasunaren bitartez.
Eutsi masturbazioaren bitartez.
Eutsi autolaguntza liburuei esker.
Eutsi besteengandik gauzak egiteari esker.
Eutsi zeure burua besteekin konparatzeari esker.
Eutsi besteen iritzien bitartez.

Hauek dira garapenaren bederatzi tormentuak. Odolean eta azalean eta nerbioetan bizi dira. Presente daude gure aurrerabideetan tormentu horiek, eta haientzat katastrofikoak dira, kontrola galdu duen eta guregana orroka datorren trena bezala, gu trenbidearen trenbidearen erdian beldurrak paralizatuta gelditu garelarik.”

Kirolaren faltan, paseoen faltan, dantza eginez izerditzean topatuko zuen egunotan babesa batek baino gehiagok etxeko barrunbeetan. Jarraian eskaintzen dizkizuegu dantza libre eta seduktore batzuk, gainbehera, malenkonia eta itxaropenaren arteko dantzak. Agian, zuen etxeen barruan, mugitzen hasteko inspiratzaile izango zaizkizuelakoan. Lehena, Nick Cave berarena:

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.