Pinpirina

Erika Olaizolak laugarren iritzi artikulua plazaratu du “Sinadurak” atalean: Pinpirina.

Idazten jarri naiz jakin gabe zeri buruz idatziko dudan. Nire behatzei ari naiz uzten nahi dutena tekleatu dezaten. Behatzak diodanean eskukoak esan nahi dut, ez hankakoak. Badakit, berez, behe hatzak direla baina nik, bueno, guk, Azpeitin behintzat, behatzak eskukoei esaten diegu eta hankakoei, hanketako behatzak. Badaezpada, argitze aldera, ez imajinatzeko nire mugikorra hartu eta nire hanketako behatzekin idazten ari naizenik. Bai, batzuetan mugikorrean hasten naiz idazten eta ondoren portatilera pasatzen naiz idatzitakoari forma ematen jarraitzeko.

Sukaldean nago, eserita. Gosaltzen amaitzeko, tomillo eta oregano infusioari azken trago batzuk ematea falta zait. Trago pare bat eman ondoren, momentuan ezer gehiago idazteko ideiarik ez eta idazteari utzi diot. Bueno, utzi diot ez, “utzi diot” idatzi behar izan dudalako. Momentuan ezer gehiago idazteko ideiarik ez eta idazteari utziko diot.

Mugikorra eskuan dudala, idazten jarraitzen dut komuneko tazaren gainean. Eta ez, ez naiz ez pisa, ez kaka egiten ari. Tazaren gainean eserita nago. Gustatzen zait, tazaren gainean eserita egotea zerbait idazten dudan bitartean. Justu oraintxe, katua sartu da komunera. Katta deitzen da. Katta, komuneko bere komunera sartu da. Komunaren barruan dagoen bere komun barrura sartu da. Kaka egin, harearekin estali eta badoa. Bere komunean, kaka mokordo dexente dago. Bihar aldatuko diot harea.

Ohean etzan naiz. Mugikorrarekin jarraitzen dut. Oraindik ez naiz portatilera pasa. Logelaren barrutik, orain aste batzuk erosi nituen geranio arrosak ikusten ditut kanpoaldean. Bai, loreak erosi nituen, lehen aldiz. Zerbait historikoa. Ez naiz inoiz lorazalea izan, sekula ez. Baina, etxean denbora luzez egon behar izan genuen hartan, bizilagunaren loreen koloreek sekulako zirrara sortzen zidaten eta nire logelako leihoko kristalak garbitzen ari nintzen egun batean, lore batzuk jartzeko ikaragarrizko desioa sentitu nuen. Eta orain geranio arrosa batzuk ditut balkoian.

Jarri eta berehala sekulako euri zaparrada hasi zuen. Kezkatu egin nintzen, tanta bakoitzaren kolpeekin petaloak jausten zitzaizkiolako. Momentu horretan, loreen zaintzaren kontzientzia hartu nuen. Egun artan, geranio arrosa eta nire artean lotura bat sortu zen. Nire geranio maiteak etxearen barrualdetik ikusten ditudan bakoitzean, zirrara berdina sentitzen jarraitzen dut sabelean.

Pinpirinak ditut sabelean.

Pinpirin bat pausatu da geranio arrosen gainean. Bueno ez, pinpirina nire imajinazioak gehitu du. Baina berdin du, ikus dezaket.

Eta imajina dezaket, leihotik hegan ateratzen naizela. Orain pinpirina ni naiz. Hauskorra naiz oso, pinpirinak moduan. Baina beraiek, hegaldi bakoitzera beldurrik gabe ateratzen dira. Ni ez.

Banoa hegan munduaren beste aldean lurrikara bat sortzera.

Eta orain banoa, idatzitako guztia portatilera pasatzera.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.