10. euskarazko literatura sorkuntza egonaldia Nekatoenean

Hamargarren urtez jarraian, Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko literatura sorkuntza egonaldia antolatu dute Abadia eremuko Nekatoenean. 2020an, Mundubira 500 Elkano Fundazioaren partaidetzarekin garatuko da. Maiatzaren 31a bitarte bidal daitezke hautagaitzak.

NEKATOENEA 2020

Hamar urte bete ditu Nekatoenean idazleek soekuntzan aritzeko aukera ematen duen deialdi honek. Egonaldia egiteko azpiegituraz gain, diru-laguntza eskaintzen du deialdiak. Idazteko baldintza egokiak jasotzearen truke, idazleak topaldi parea egin ohi du publikoarekin. Aurten, berezitasun batekin dator, ordea: hautagaiek Elkanoren mundubirari loturiko proiektuak aurekeztu behar dituzte. Honatx deialdia osorik:

Hautagaitza deialdia

10. euskal idazle egonaldia, 2020ko udazkenean

Hamargarren urtez jarraian, Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat proposatzen dute Abadia eremuko Nekatoenean. 2020an, Mundubira 500 Elkano Fundazioaren partaidetzarekin garatuko da.

Berezitasuna

Egonaldia euskal idazle guziei zuzentzen zaie eta Juan Sebastian ELKANOren pertsonaia eta berak gauzatu zuen lehen MUNDUBIRAren inguruko gai bati edo gai batzuei buruz bideratuko da: itsasketa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, itsasontzien eraikuntza…

Hamargarren urte honek Juan Sebastian ELKANO eta lehen MUNDUBIRA argitan ezartzeko parada eskainiko du. Alabaina, orain dela 500 urte, Euskaldunek gaitzeko egitandia burutu zuten, Getariako itsasgizon batek munduko itzulia egin baitzuen. Egitandi horrek garai hartako Euskal Herriak erakutsi zituen berezitasunetarik batzuk berraztertzeko balio du, hala nola indarra eta deliberamendua, bai eta itsasontzien eraikitzeko puntako teknologiaz genuen ezagutza, garai hartako itsasontzi hoberenak eraikitzeko gaitasuna eman ziguna. Lehen mundializaziotzat hartua izan da garai hori eta gizakien arteko harremanetan izugarrizko eragina izan zuen, bere alde argi eta ilunekin.

Gaur egun oraino, oinarri horiek badira nolabait gure historiaren hari nagusia eta baliatu behar ditugu mendeurren hau garapen kulturalarendako, ekonomikoarendako eta humanoarendako aukera bat bilaka dadin.

Baldintzak

Tokia: Nekatoenea – Abadiako eremua – 64700 Hendaia.
Datak/iraupena: hilabete bat, 2020ko urriaren eta abenduaren artean.
Dirulaguntza: 1500 €/hilabetea (zerga guziak barne).

Idazlearen esku utziko dira:

• Duplex moduko bizitegi bat, Abadia eremuaren erdi-erdian kokatua den Nekatoenea etxean.
• Sorkuntza eremu bat, 36 metro karratuko atelier bat (ez ekipatua), apartamenduaren ondoan.
• 50 GOko internet konexioa Wifi bidez.
• Ur, elektrika eta wifi gastuak, Hendaiako Herriko Etxeak bere gain hartuko ditu.

Bizitegia eta sorkuntza tokia babestua den natura eremuaren erdi-erdian kokatuak izanik, artistak beharko du eremuaren araudia zorrozki errespetatu (autoak, bizikletak eta zakurrak debekatuak dira).

Informatika materiala ez da furnitua.

Egoiliarraren gain diren gastuak:

• Eguneroko biziari doazkion gastuak (egonaldiaren denborako janaria, garraioak…).
• Idazleak derrigorrez erantzukizun zibilaren eta alokairuaren asurantzak hartu beharko ditu bere egonaldiaren denborako. Frogagiri bat erantsi beharko zaio errezibitze hitzarmenari.

Ekoizpena eta balorazioa:

Egitasmoak errespetatuak izan beharko duten hiru zati ditu:

1- Literatura sorkuntza
Idazleak nahi duen literatura mota hautatuko du, baina hautaturiko gaiak ELKANOri lotua izan beharko du eta testuak euskaraz idatzia.

2- Bi topaketa publikoarekin Hendaian eta Getarian, idazleak bere ibilbidea aurkez dezan.

Egonaldiaren ondotik eta gastuak bere gain hartuko dituen Elkano fundazioarekin, idatziaren balorizazio bat proposatua izanen zaio idazleari, hala nola hego Euskal Herriko komunikabideetan eta gizartean orokorki.

Hautaketa moldea:

Partaide diren lau egituretako ordezkari banaz osatu epaimahai batek hautaketa eginen du aurkeztuak izanen diren egitasmoen artean.

Hautagaitza aurkezteko epea :

2020ko maiatzaren 31a, eguerditako berantenik: jfrahier@hendaye.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.