Igor Estankonari elkarrizketa

Koronabirusaen krisialdiak itxialdira bidali gintuen egunean aurkeztu zuen poesia liburua berria. Baina moskitoek ez dakite ezer gorputzen artean distantzia gorde beharraz. (Argazkia: Juan Urretavizcaya).

Igor_Estankona

moskito

Lehenik eta behin, oraindik ere itxialdia gorputzean dugula egiten ari gara elkarrizketa hau. Zer moduz zaude?

Ondo, etxekoak ondo gaude, ingurukoak ere bai. Hori ez al da printzipala?

Oso kasu berezia da liburu honena. Atera orduko linbo moduko batean geratu zen, koronabirusaren krisiak eztanda egitearekin batera aurkeztu zelako. Nola oroitzen duzu aurkezpenaren eguna?

Aurkezpenaren egunean halako sentsazio arraro bat zegoen Donostian. Ez genekien zer egin, elkarri musu eman, bostekoa luzatu, diosala hotz eta motz bat. Petit comité-an egon ginen. Ederra izan zen. Poesiaren izaera minoritarioaren metafora gozoa: gutzi, baina gozatzen. Xabier Montoia agertu zen eta esan zidan: “poeta!”. Susako Leire Lopez Ziluagarekin geratu nintzen Zarautzen egiteko bazkari-legea. Dena itxi zen gero. Oraindik zain nago.

Aukera izan duzu, hala ere, feed back modukoren bat jasotzeko hilabete hauetan?

Konfinamendu-aurretxoko liburua izateak mesede ere egin dio Moskitori. Hainbat elkarrizketa digital eta telefoniko egin ditut, podcast-etan agertu naiz, Berria Aretoan, Moskito irrati uhinen bidez zabaldu da… eta Susako webgunean egon da eskuragarri, egonarri gutxikoentzat.

Moskito, hamaika urteren osteko isilaldi poetikoaren ondorengoa. Denbora hartzea idazterakoan hautu kontzientea izan daiteke, egiten den lanarekin dialogatzeko modu bat, egoste bat, aurretik egindakotik urruntzea bermatzeko modua… Kasu honetan, halakorik izan da?

Hamaika urte igaro dira ziztuan, igual hori izango da: lau aldiz izan naiz aita, tarteka idazten izan dut poematxo bat edo beste. Ikasketa bital sakoneko urteak izan dira. Eta bitartean, noski, hausnarketa estetikoa ere egon da. Filmeek, komikiek, poetek, pintoreek… denek jarri dituzte zalantzan nire zutabe artistikoak, liburua etorri da etorri behar zuenean, beratzen egon da nire idazketa, harik eta tonu bat eta asmo bat bilatu ditudan arte.

Era berean, Igor Estankona oso presente egon da urteotan poesia zaleen artean, poesia liburuen kritikagintzan etengabe aritu delako. Asko da irakurri eta iruzkindu duzuna urteotan. Poesian ez balitz, egun idatziko zenuke kritikarik?

Agian ez. Poesiaren kritikak badauka poesiatik berak ere. Era poetikoan ez bada, ezinezkoa da obra poetiko bat epaitzea. Horregatik, daukan magia eta askatasun eta lizentzia puntu horregatik maite dut olerkigintzaren kritika. Askoz pisuagoa eta tasatuagoa begitantzen zait saiakera, narratiba edo antzerki kritika, eta behar bada horregatik nago azken aldian poesia kritikari emana.

Zer nolako argazkia geratzen zaizu euskal poesiari luzatutako begiradatik? Oparoa…? Monotonoa…? Poesiak leku garrantzitsua bete izan du historikoki gure literaturan, baina azken urteetan gertatu da literatur eragin zabal bat edukitzeko moduko libururik?

Euskal poesiak etapa bat itxi zuen Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela, 2008) eta Artzeren Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza ederrekin (Elkar, 2013). Orain aski interesgarria den aro bat ireki da likidoagoa, anitzagoa, erreibindikatiboa. Astiz, Esteban, Gerediaga, Etxarte, Borda, Aristi… pentsa ze gozatua hartuko dugun datozen urteetan! Lehen zeukan eragin zabala agian ez –musikari ere asko zor dio, bidenabar esanda–, baina ariketa intimo moduan, bilaketa artistiko moduan, hizkuntzaren eremuak zabaltzeko ariketa gisa, inoiz baino presenteago egongo da poesia.

Zer eman dizu poesia analista begiz irakurtzeak Moskito idazteari begira? Eman edo kendu egin dizu idazterakoan?

Eman, dudarik gabe. Konbentzitu ez nauten liburuek ere zer ikasia ematen diote bati. Kritikoaren begia sentsazioez harago doa maiz: poema zelan eraiki den, ze hiztegi darabilen, nondik edan duen… hori dena baliagarria izan zait idazketarako, zer idatzi eta zer ez idatzi ebazteko. Inbidia ere latza pasatu dut maiz, ikusita idazle batzuek ze erraztasun handia daukaten paisajeak iradokitzeko edo barruak inarrosteko edo irudiak asmatzeko.

Moskitoaren ziztada ezerosoa: gorroto duzu, ala bizitzaren parte dela onartua duzu jada?

Titulu bat gura nuen desberdina, artegagarria. Gero anaiak liburuari jarri zion azaleko irudi bat, baita, sano iradokitzailea. Uste dut eltxoaren handitasuna dela bere txikitasuna, bere boterea, tamainuarekin zerikusirik ez duena. Eta zure galderari erantzunez: ez dut atsegin zizta nazan, baina bestela ez litzateke udarik egongo.

Liburu honetan hainbat gai-ardatz dago, nahasian; prentsaurrekoan aipatutakoak, kasu, aitatasuna, nazioa, bikotea, heriotza, idazketa, memoria, badoana eta gelditzen dena… baina haiek antolatzeko modua ez da gaien araberakoa, ezta kronologikoa ere. Oro har, egitura poesia liburuaren parte garrantzitsua izan daiteke, informazio bat eman dezake. Zer dio liburu honetako egiturak?

Itzela da ikuste zenbat aldatzen den olerki liburu bat, poemen ordena aldatuz. Hasieran jarri nion orden bat tematikoa, gai edo eremuen araberakoa: hemen sozialak, han amodiozkoak, gero memoriari buruzkoak… eta astun zihoan liburua, asmatu ezinik nenbilen. Nire bikotekide Iratxek proposatu zidan, beste hainbatetan lez, bidea. Hari baten antzekoa da, poemarik poema doana, ustez ausaz aukeraturiko bide bat, baina askoz arinagoa eta atseginagoa.

(…)

“porro baten kearen atzetik doaz letrak

gauza ederrak idatz ditzaket gaur gauean

euskarak asko aurreratu du

bere morrontza eta guzti

adierak badauzka

abandonu honentzat.”

Liburu osoko paisaian, klasikotasunari loturiko paisaiak eta erreferentziak nahastuta datoz eguneroko irudiekin, motibo garaikide “mundutarrekin”. Nahita bilatutako kontrastea da?

Klasikoen ibaitik egungo bizipenetara ekarri gura izan ditut zenbait ur, zenbait irudi. Uste dut sorkuntzan, orohar, kanona nahasteak sortzen duela halako modernidade berri bat, halako doinu bat klasikoa, letra berriekin. Moskito gaurko erreferentziaz beterik dago, baina eitea nahiko garbia eta ezaguna dauka: bertsolaritza, Txinako poesia, klasikoak…

(…)

”denok utziko ditugu noizbait

haitzuloetako pinturak erdikinean

etorri berriek buka ditzaten”.

(…)

Bada tentsio bat memoria eta transmisioaren (edo komunikazioaren?) artean, liburu osoan. Batzuetan haragiaren mugak dira, beste batzuetan belaunaldi berriak aintzat hartzen dituzten mugak. Norberaren memoria baino zabalagoa den hari baten kontzientzia ageri da liburuan?

Gustatu zait zelan definitu duzun poema liburuaren lainoa: muga. Atsegin ditut ertz lausoak, ilunabarreko argia, itsasoak lehorra jotzen duen puntua, non ez dakizun zer den gorbela eta zer belarra. Eta, bestalde, mugaz muga eta bata bestearen gaineko geruzaz geruza goaz belaunaldiak aurrera, liburuan badiot, errekei buruz: “denak dira ibaiadar, denak printzipal,/ hilabetea den bezala/ egun baten zati”. Alegia: txikiak handia daramala bere baitan, baina handiak ere bai txikia.

Gurasotasunaz:

(…)

“Trafiko handia dago gaur, begira,

gurutzatu dute bidea,

ez dira ikusten, badoaz

gure bihotzak ere eurakaz doaz.

Kasketaldi, musu, boligrafozko tatuaje,

aurikularrak jarrita doazen txoriak.”

Ez dirudi erraza horrelako gai bat anekdota pertsonaletik, norberarentzat edo familiarentzat balio duen poetika pribatutik, askatzea. Izan duzu zabaltzarik gai hori liburura ekartzerakoan? Nondik landu dituzu poemok?

Landu ditut maila pertsonal eta intimo batetik baina, zelan esan… pertsonalizatu barik. Uste dut alaba-semeen aitak identifikatuko direla orohar liburuko zenbait pasarterekin, ez direlako pentsatuak: sentimenduei buruzkoak dira, primarioak ia. Gainera Moskiton nahi izan dut maite dudan jendea, miresten dudana, are ezagutzen ez dudana ere, izen eta abizen aipatu. Eta sentimenduekin berdin, izkutatu barik azaldu.

Bost liburu argitaratu eta gero, zerk mugitzen zaitu poema bat idaztera?

Aizkora txiki bategaz basora joan eta makila bat egiteak sortzen didan plazer berberak.

Elkarrizketa honen uberan:

Elkarrizketa Berrian: “Arteak ez du uzten hain erraz dominatu dezaten“.

Liburua osorik sarean

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.