Adrienne Richek amatasunaz idatzitako klasikoa argitaratu du Txalapartak

Emakumeagandik jaioak: Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa izeneko saiakera mardula kaleratu zuen Adrienne Rich poeta eta pentsalariak 1976an. Amatasunaren esperientzia eta instituzioa abiapuntutzat hartuta, errepaso historiko zabal bat eskaintzen du Richek, estilo literario nabarmenaz. Datorren astean argitaratuko dugu Maialen Berasategi itzultzaileari egindako elkarrizketa; bitartean, tori amu hau.

ADRIANNE-RICH

Bi aro, poeta bakarra

1950eko hamarkadan, Adrienne Rich unibertsitateko ikasle gazte bat zen, poesia idazteko zaletasun eta joera handia zuena, bi poema-liburu argitaratu eta kritikaren oniritzia jasotakoa. 1950eko hamarkadan Adrienne Rich ezkondu egin zen, eta hiru haur izan zituen elkarren segidan. Datu horrek badu bere garrantzia. Hiru haurren ardura hartzeak goitik behera inarrosi zuen Richen bizitza, asmoak eta gogoa. Kontraesanak eta ezinegonak azaleratu zizkion, baita beste modu batean bizitzeko eta jarduteko grina piztu ere. Hortxe aurki daiteke Emakumeagandik jaioak: Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa liburuaren sorburua –berriki itzuli du Maialen Berasategik, Txalaparta argitaletxearen eskutik–.

Richen obran, Richen bizitzan bezala, bi aro bereiz daitezke. Eta horretan ere badu zerikusirik haurrak izan izanak eta bizi-aldaketak. Hala kontatu zigun Berasategik, Richen poemak itzuli zituenean Munduko Poesia Kaierak bildumarako: «Estatu Batuetan jaio zen, erdiko klaseko familia zuri batean, eta hazi zenean erdiko klaseko familia zuri bateko emakumearen bideari segitu zion berak ere, harik eta ohartu zen arte, nolabait esateko, ez zuela nahi gehiago bizi Aitaren Etxean. (…) Hark beti esaten zuen idazle klasikoak leituz hazi zela, idazle gizonezko zuriak leituz alegia, eta hasieran haien estiloari usnaka ibili zen: poesia nahiko formala zen oro har, neurtitzak-eta, errimak-eta… eta ni poetiko esaten zaion hori ere, ezkutu samarrean. Urteek aurrera egin ahala, ordea, 50-60ko urteez geroztik, bere baitatik idazten hasi zen gehiago, libreago nolabait, bai azalez eta bai mamiz, gai eta ikuspegietan bezala forma aldetik ere».

Poesiarekiko ikuspegia aldatzeaz batera, saiakerak idazten hasi zen Rich. Berasategi berriz ere: «Poemak bezain onak dira haren artikuluak. Horietako batzuetan, zenbait idazle emakumezkoren obrak aztertu zituen ikuspegi kritiko feminista batetik (…). Literaturaz harago, ordea, pentsamendu mamitsua plazaratu zuen bestelako artikulu batzuetan ere. Hezkuntza-sistemari egindako azterketa eta kritiketan, adibidez, salatu zuen esparru horrek sistematikoki eta modu kasik naturalizatuan baztertzen dituela emakumeak, pobreak eta pertsona ez-zuriak bere egituretatik eta bere ikasgaietatik. Bestalde, emakumeen rol eta eginkizun inposatuak ere landu eta salatu zituen, heterosexualitatea barne (heterosexualitatea, sistema gisa ulertuta, jakina)».


 

Amatasunari hazka

Pentsamendua lantzeko joera horren barruan kokatzen da gaur hizpide dugun liburua. 1976an argitaratu zuen Richek, lau urtez gaiaren inguruan ikertzen ibili ostean. Liburuak sekulako oihartzuna izan zuen; 70eko hamarkadan, Estatu Batuetan, bor-bor zebilen emakumeen askapenaren mugimendua (garai hartan onartu zen, besteak beste, Eskubide Berdintasunaren Legea). Handik hamar urtera, 1986an, Richek argitalpena berrikusi zuen, eta edizio berri bat kaleratu, hitzaurre bat gehituz eta, tarteka, hamar urte lehenago esandakoei ñabardurak gehituz.

Liburuaren sorburua honela azaltzen du Richek:

Pixkanaka, konturatu nintzen zer paradoxa zegoen «nire» amatasunaren esperientzian; ohartu nintzen ezen, beste emakume batzuen esperientziez bestelakoa izanagatik, ez zela esperientzia bakan bat, eta hain justu bakantasun-irudikeria hura aldatuz baino ezingo nuela emakume gisa bizitza autentiko bat izan inoiz. (93. orrialdea)


Literaturaz ari ez den saiakera literarioa

Azpimarratzekoa da saiakeraren estiloa. Itzultzaileak, Txalaparta aldizkarirako idatzitako artikuluan, testuaren kutsu literario nabarmena aipatu du. Autoreak berak dioenez, batzuek kritikatu egin zuten liburua «modu bitxian idatzita omen zegoelako: testigantza pertsonalak nahas-mahas zeuden ikerkuntza-atalekin batera, eta bi-bietatik ondorioztatuak zeuden teoriak». Richi, ordea, bitxiagoa egiten omen zitzaion «autore absente hori, bere espekulazioak, teoriak, egitateak eta fantasiak idazten dituena afera pertsonal bakar batean ere oinarritu gabe.

Idazteko «modu bitxi hori» da, funtsean, liburuaren indargune nagusietako bat, eta berretsi egiten du, gainera, Richek etengabe aldarrikatzen duena, hots, mendebaldeko pentsamendu dikotomikoarekin aurkako kritika. Haren iritziz, gorputza eta gogamena ez direla bereizi behar.

Bestelako mundu bat irudikatu behar dugu, mundu bat non emakume oro izango den bere gorputza gobernatzen duen espiritu babeslea. Halako mundu batean, emakumeek benetan sortuko dute bizi berria, mundura ekarriz umeak ez ezik (hala erabakiz gero, eta norberak nahi duen moduan) baita zenbait irudikapen eta pentsamendu berri ere, guztiak ere nahitaezkoak giza existentzia sostengatzeko, kontsolatzeko eta aldatzeko: hau da, unibertsoarekiko bestelako harreman bat ekarriko dute. Horrela, sexualitateak, politikak, inteligentziak, botereak, amatasunak, lanak, komunitateak, intimitateak bestelako esanahi bat hartuko dute; eta pentsamendua bera ere beste zerbait izango da (437.orrialdea)


 Errepaso historiko zabal eta zorrotza 

Esan moduan, liburu hau argitaratu aurretik, Richek lau urte pasa zituen gaian sakontzen. Dokumentazio-lana agerikoa da, izan ere, hamar ataletan, amatasunaren (hala esperientzia pertsonalaren nola instituzio kolektiboaren) hamaika ertz aztertzen baititu, xehe eta zoli. Besteak beste, antzinako iturrietara jotzen du, ikusteko nolakoa izan den, beste garai eta toki batzuetan, umeak izan eta hazi dituztenen patua. Irakurleak hala ezagutuko du, adibidez, Ama Jainkosaren mitoa, hainbat gizarte prepatriarkaletan existitu zena.

Bestalde, teoria eta pentsamolde berriagoei ere erreparatzen die Richek, eta begi kritikoz aztertzen ditu, besteak beste, psikoanalisiaren ekarpenak. Ama-semeen eta ama-alaben arteko harremanak lantzen ditu, eta ez dio beldurrik gai arantzatsuei. Azken atala, hain zuzen, indarkeriari buruzkoa da, beren haurrak hil dituzten amei buruzkoa (aipatu beharra dago Katixa Agirrek iaz argitaratu zuen liburua, Amek ez dute, non hain zuzen ere infantizidioaren gaia jorratzen baita). Gai horren harira, zera dio Richek:

Historian, ezin konta ahal emakumek hil dituzte beren umeak, jakinik ezingo zituztela ekonomikoki edo emozionalki hazi; askok eta askok, izan ere, behartuta eduki dituzte haurrak, dela bortxaketaren ondorioz, ezjakintasunaren ondorioz, pobreziaren ondorioz, ezkontzaren ondorioz, jaiotza-kontrolik eta aborturik ezaren ondorioz edo neurri horien kontrako zigorren ondorioz. Zabal hedatutako ekintza izugarri horiek, ordea, ezin dira parekatu berariazko politika sozial gisa erabili izan den infantizidioarekin; praktika hori leku orotako herriek baliatu izan dute neska jaioberriekin, ume deformatuekin, bikiekin eta familian lehenengo jaiotakoekin (398. orrialdea).


Itzultzaileari elkarrizketa, datorren astean

Honetaz guztiaz gehiago irakurtzeko aukera izango duzue datorren ostiralean, orduan argitaratuko baitugu Maialen Berasategiri egin diogun elkarrizketa. Bien bitartean, hona hemen Txalaparta aldizkarian liburuari eskaini dioten artikulu jakingarria.

 

 

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.