«Itzultzailea ez da bitartekari garden bat, itzulpenean eragiten du»

Itzulpengintza ertz askotatik ezagutzen eta lantzen du Bego Montoriok, eta begirada kritikoz aztertzen du beti bere jarduna eta ingurua. Elkarrizketa honetan hiru ardatz nagusi izan ditugu hizpide: komikien itzulpena, EIZIEren azken urteotako egitekoa, eta Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketen bilakaera.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Duela gutxi emakume itzultzaileen presentzia urriaz gogoeta egiten irakurri zintugun hemen, Hitzen Uberanen, Itziar Diez de Ultzurrunekin eta Ana Moralesekin batera. Ez dizut gaiaz berriro galdetuko, baina jakin nahiko nuke zer ekarpen egin dizun zure kontzientzia feministak itzulpengintzari dagokionez.

Itzultzen hasi nintzenean, feministatzat neukan neure burua, baina denbora luzean, itzulpengintza hortik aparteko zerbait izan da niretzat, eta seguruenik inguru oso maskulinoa izateak eragina izango zuen horretan. Konturatu naiz niretzat itzulpengintza eta feminismoa lotzea itzultzaileok itzulpenean benetan zer eragin daukagun ohartzearekin batera joan dela. Itzultzen hasi nintzenean helburua zen nolabait itzultzailea desagertzea, gardena izatea, baina, gero, konturatu nintzen itzultzailea ez ikustearen kontu hori gezur ikaragarria dela. Tira, neurri batean badu bere funtsa: itzultzaile beraren zazpi itzulpen irakurtzen badituzu, bat Audenena, bestea Montesquieurena… eta denei itxura bera hartzen badiezu, zerbait ez dabil ondo, atzean dagoen autorea identifikatu behar duzulako, noski. Baina, hasieran, itzultzailea bitartekari garden bat dela eta itzulpenean eragiten ez duela onartzen nuen, eta horregatik pentsatzen nuen feminismoak ez zuela tokirik itzulpengintzan. Harik eta konturatu nintzen arte hori ez dela egia, itzultzeko irakurri egiten dugulako denok, eta geure burutik pasatzen dugu irakurritakoa. Itzultzaileok geure burua, geure pentsamendua, geure irakurketa jartzen dugu itzulpenean. Eta horretaz ohartzean jabetu nintzen ideia feministek edo garatu nahi nuen praktika feministak bazutela tokia itzulpengintzan. Adibide oinarrizko bat aipatuko dizut: gaztelaniara itzultzean, uste dut maskulino generikoa erabili izan dudala inongo kezkarik gabe. Ez nintzen konturatzen hori aukera bat zela, nagusi den ideologiarena. Izan ere, ideologiarik ez dagoela esaten denean, ideologia nagusia onartzen dugulako da. Bada, urte asko eman ditut horretaz ohartu gabe. Orain, beste modu batera egingo nuke. Liburu batzuetan, igual ez nuke aldatuko, baina badakit noiz jarraituko dudan araua, noiz ez, zergatik… Orain kontziente naiz hartzen ditudan aukerak ez direla berezkoak, erabakiak direla. Gogoan dut, adibidez, Maria Reimondezen hitzaldi bat. Berak oso landuta dauka gaia, eta hitzaldi hura eta beste momentu batzuk argi bat bezala izan dira niretzat. Konturatu behar dugu erabaki asko hartzen ditugula itzultzaileok, eta horretaz jabetu ezean korronte nagusi batera biltzen ari gara ohartu gabe. Horrek eraman nau konturatzera emakume itzultzaile bezala banuela zer pentsatu eta jokamoldeaz zer hausnartu.

Komiki itzultzaile gisa ezagutzen zaitugu, besteak beste. Argian hasi zinen, TXT izeneko separata hartan, eta gaur egun Bilboko Astiberri argitaletxeak euskaraz argitaratzen hastea erabaki zuenetik haien itzultzaile kutuna zara.

Niretzat opari bat izan da. Komikizalea nintzen komikiak itzuli baino lehen, eta orduan ez nuen pentsatzen horretan jardun nezakeenik. Argiako hartan, Corto Maltese itzuli nuen, nire maitasun platonikoa (kar-kar). Gero, tarteka egon dira beste gauza batzuk, Jean-François Saurérentzat, Txalapartarako obra oso polit bat (Munduko bandarik txarrena)… Eta Astiberrikoek komikiak euskaratzen hasi nahi zutela esan zidatenean, bada, belarriekin txaloka hasi nintzen. Asko gustatzen zait generoa eta beti da plazer bat.

Lehen itxura batean, behintzat, badirudi Astiberriren bitartez euskaratzen ari den komiki produkzioa gora egiten ari dela, euskal marrazkilarien lanak ere aurkezten dira… Euskarazko komikiaren pizkunde halako bat ote da? Edo espejismo bat agian?

Euskal sortzaile bati, komikigile bati galdetuz gero, ziurrenik esango dizu hala ematen duela baina, egiaz, gehienek ez daukatela argitaratzeko biderik. Hala ere, egia da komikiak prestigioa hartu duela. Luzaroan, jende askorentzat, komikia umeentzako bazter genero bat zen, Asterix, Tintin eta gauza didaktikoren bat. Kito. Gaur egun ez da hain hola. Kulturaren esparru desberdinak (musika, irudiak, testua) uztartzen dituzten ekimenek indarra eman diote komikigintzari; lehen ez bezala, irakurle klubetan eta, helduentzako komikiak irakurtzen dira. Era berean, euskal argitaletxe batzuek helduentzako labela duten horrelako gauzak egin dituzte sona duten idazleekin; Harkaitz Canok, adibidez, zenbait komikitarako gidoiak egin ditu. Horrek ere prestigio hartze bat ekarri du. Beti ere, euskarazko munduaren mugekin; duela gutxi Astiberrikoek salmenten laburpena bidali zidaten eta zenbakiak, gaztelaniazkoekin konparatuta minimoak badira ere, ez ziren txarrak. Saltok edo Pilula urdinakek 300na ale saldu badituzte, asko dela uste dut, irakurle potentzialak kontuan hartuta. Izan ere, zenbat dira euskal irakurle helduak? Eta horietatik kendu komiki bat sekula irakurriko ez dutenak interesik ez dutelako edo generora inoiz hurbildu ez direlako. Hartzaile posibleak gutxi dira; horregatik, niretzat, kasik mirari bat da komiki euskaratuak argitaratzea. Eta eskerrak Astiberrik eta beste argitaletxe batzuek baduten egitura bat, bestela oso zaila baita hain irakurle multzo txikirako argitaratzea. Ladis Arrosagaraik eta Roger Labianok sortutako Antxeta argitaletxearen esperientzia da adibide bat, zenbait komiki itzulita argitaratu zituzten, Corto Malteseren obra pare bat horien artean, baina ezin izan zuten aurrera egin. Garestia da komikia argitaratzea, koloretan bada are gehiago, eta hori errentagarri egitea oso zaila da. Laburtuz: hedatu da, bai, eta batez ere, irakurleak irabazi ditu. Agian, orain umeek gutxiago irakurtzen dituzte komikiak. Gaur egun, Xabiroi kenduta, ez dago komiki aldizkaririk, eta pena da, aldizkariek, literaturan bezalaxe, asko laguntzen dutelako, lurra lantzen dute.

Azkenaldian pil-pilean dagoen auzia da ikus-entzunezkoak euskaraz hedatzeak zer-nolako garrantzia izan dezakeen euskararen normalizazioan, hainbat erregistro (kaleko hizkera…) garatzen laguntzeko eta abar. Gauza bera esan liteke komikiari buruz, ezta? Komikia ere hanka garrantzitsua izan liteke normalizazio horretan?

Hor dugu Antton Olariagak euskarari egin dion ekarpena, adibidez. Tumatxa dela, aizank dela… Olariagak monumentu bat merezi du. Euskal mozkorrek iptxsegiten dute komikietan. Zergatik? Antton Olariagak jarri zuelako eta funtzionatzen duelako. Horrelako input gutxi dauzkagu, eta itzultzean asko igartzen da. Halako zerbait itzuli behar duzunean, nola jokatu?, ze hizkera jarri? Bazoaz begiratzera eta ez dago ia non begiratu. Frantsesez edo espainolez barneratuta ditugu hizkera horiek ikusi egin ditugulako, ez ikasi ditugulako. Baina euskaraz itzultzen hasten zarenean… Beste alde batetik, horrek badu gauza on bat: hasieretakoa izateak ematen dizun askatasuna eta inpunitatea. Biak, e? Inpunitate pixka bat ere bai. Euskaraz, esate baterako, gazteen arteko hizkera zonaldeka izaten da, askotan euskalkiaren ukituekin. Ez daukagu gazte hizkera estandar bat; eta ez dut uste arautu behar denik, e?, bestela ez litzatekeelako benetakoa izango. Euskaraz hori oraindik egiteko bidean dago, eta horretarako behar da produkzioa, jendeak egitea. Horrela ikusiko dugu irakurleok non sentitzen garen eroso, zer sartzen zaigun ondo, zerk egiten digun klak… Baina horrek eskatzen du egitea eta egitea.

ETBn Lars zonbia telesailean “mola dit” esaten dute protagonista gaztetxoek. “Inporta dit, axola dit…” bezala. Kalean halakorik entzungo dugu?

Ni konturatu naiz nahiko koldarra izan naizela itzulpenetan salto horiek egiteko. Esate baterako, kriston esperimentua egin du duela gutxi Koldo Izagirrek Zerocalcarerekin. Jatorrizkoa oso berezia da hizkera aldetik eta euskarazkoa ere oso berezia da. Koldo Izagirre itzultzaile oso ona dela iruditu zait beti, eta hor oso ausart jokatu du. Baina gauza horiek normalizatu eta hedatu arte, badugu lana. Batez ere gazteentzat edo umeentzat euskaratzen dugunean, zuzentasunarena betiko leloa izaten da. Nik Antibarbiak izeneko liburu batzuk itzuli nituen katalanetik, umeentzat. Baten izenburua No fotis, Marta zen. Nik hitanoan jarri nuen: Nahikoa dun, Marta, eta hala joan zen. Gero, editoreak kontatu zidanez, izenburuan hitanoa ikusteak atzera eragiten zuela esan zioten. Horrelakoak eta arautik kanpoko gauzak, mola dit, adibidez, kasik negoziatu egin behar dituzu editorearekin. Eta kultur produkzioari, dela literatura, dela komikia, dela edozer, karga hori eransten badiogu, uste dut mutilatzen dugula. Idazleek arrisku hori hartzen dutenean, beraien obra da eta badoa aurrera. Erosiko diete edo ez, baina badoa. Baina itzultzaileok lotuago izaten ditugu eskuak. Eta agian batzuetan ausartago jokatu beharko genuke; ez jolas pribatuak egiteko, baina komunikatzeko balio duen neurrian merezi du. Zuzentasunaren pisua produktu batzuetan gehiegizkoa da, eta askatasun hori ere hartzea aberastasuna da. Hizkuntzak horrelakoak behar ditu, hortik edan behar dugu.

Aurten 32 urte bete dira EIZIEren sorreratik, Senezek bere 50. zenbakia atera zuen iaz, 35 urte betetzearekin batera… Zu EIZIEren sorreratik aritu zara elkartean lanean. Atzera begiratu eta nola ikusten duzu euskal itzultzaileen ibilbidea kolektibo moduan? Hasiera hartako helburuak bete dira? Zein ikusten dituzu lorpen handienak eta zein oraindik landu beharreko gabeziak?

Onartu behar dut oso ikuspegi positiboa dudala. Batetik, botila erdi beterik ikusteko joera dut normalean, eta, gainera, EIZIEk hainbeste eman dit… Ikustea 32 urteren buruan oraindik indartsu segitzen duela, niretzat gauza ederra da. EIZIEk lortu duena da denok lanbidearen kontzientzia edukitzea. Erreferentzia bat dago hor, etxe bat da. EIZIE beharrak eraginda sortu zen, itzultzaileok behar genuelako. EIZIE sortu zenean ni Basauriko udalean nengoen itzultzaile, eta la vascanintzen han. Euskal irrati batetik deitzen zutenean, ni alkatearengana joan eta hark esaten zidan zer kontatu behar nion kazetariari. Dena behar genuen: hiztegia, arauak… Horrelakoak ziren garai haiek. Eta EIZIEk bere txikian lortu duen gauza garrantzitsuenetako bat izan da lanbidearen kontzientzia hartzea. Horrek ekarri du jendeak kezka handiagoa izatea kalitatearen aldetik gauzak hobeto egiteko, ohartzea hau ez dela bakoitzak bere etxean egiten duen zerbait, hemen guztion artean egiten ari garen zerbait dela. Euskal itzulpengintza existitzen dela, eta ez bakarrik euskal itzultzaileak. Eta asko pozten nauen gauza bat da belaunaldien berritzea egin dela ikustea. Momentu honetan zuzendaritza taldean jende gehiena gaztea da. 35 urtetik beherako asko daude. Garaiak aldatu dira, eta gauzak “normaltzen” direnean, jendeak erabiltzaile edo kontsumitzaile papera hartzeko joera izaten du: hor dago elkartea, eta ea zer ematen didan. Baina EIZIEn ez dut horrelakorik ikusten. Lana eskatzen duen arren elkartean dabilen jendeak borondatezko lan pilo bat egiten du, hor jarraitzen du. Hor dago, esaterako, Itzul posta zerrenda; ez dut handikerietan erori nahi, baina hain komunitate txikian Itzulen dagoen erabiltzaile kopurua izatea ikaragarria da. Gabeziak? Asko. Momentu honetan gabezietako bat, edo nik, behintzat, hala bizi dut, lan arazoei dagokiena da: autonomoen egoera, enpresetakoak… Uste dut arlo horretan ez garela kapazak izan behar bezala erantzuteko. Eta normala da, gurea ez delako sindikatu bat. Gurea “interklasista” da: enpresaburuak, enpresetako langileak eta autonomoak gaude, eta horrek badu bere alde ona eta bere alde zaila ere. Esango nuke lanbidearen alor askotan arazo dexente sortzen ari direla eta horri hobeto erantzuten asmatu behar dugu.

Itzultzaileok geure lanbidearen kontzientzia hartzea aipatu duzu. Elkartearen hasierako helburuetako bat izan da itzultzaileon lana gizarteratzea, itzulpengintzaren ikusgarritasuna handitzea. Ikusten al duzu eboluziorik? Gizarteak itzultzaileen lana gehiago ezagutzen du?

Gauza batzuetan hobetu da, eta EIZIEk bere partetxoa izango du, baina ez EIZIEk bakarrik. Esate baterako, euskaratutako literatur lanen onespena ikaragarri aldatu da. Baina egiten den lana ere ikaragarri aldatu da. Hasieretako itzulpenen artean normala den bezala, ez zegoelako eredurik, ez komunitaterik…, batzuk ez ziren onak. Batzuk. Beraz, euskarazko itzulpenen aurkako aurreiritzi hori ikaragarri hedatuta zegoen. Horretan Literatura Unibertsala bildumak, besteak beste, eragina izan du. Orain askoz itzulpen gehiago eta askoz itzulpen hobeak egiten dira. Baina, bestela, ez dakit hainbeste lortu dugun. Maila batzuetan igual bai. Kultur sektorearen barruan, bai administrazioan bai bestelako elkarte eta erakundeetan, itzultzaileok badugu geure tokia. Ez beti nire ustez beharko lukeena, baina tira. Eta horretan elkarteak eragin handia izan du, besteak beste bozeramaile papera izan duelako. Baina jendartean oro har ez dut hain argi ikusten. Garai berri hauetan, non itzultzaile automatikoak tartean diren, oraindik ez da gainditu jende askoren ustea: bi hizkuntza badakizkizu, bazara itzultzailea. Hori ez da gainditu. Badugu bide luzea ikusarazteko itzulpen on batek asko lagun dezakeela eta sasi itzulpen edo itzulpen txar batek kalte handia egin dezakeela hizkuntzaren erabilerarako. Hizlari bat kexu bada euskaraz egiten dizkioten interpretazio eta itzulpenetan asko galtzen delako, hurrengoan ez du euskaraz egingo. Eta, beste alde batetik, arazo dago liburuak irakurleengana helarazteko. Niri askotan gertatzen zait liburu bati buruz norbaitekin hizketan ari naizela liburu hori euskaraz ere badagoela jakinarazi behar izatea. Hor badago gabezia handi bat. Argitaletxeetakoek, Xabier Olarrak adibidez, askotan aipatzen dute zailtasun hori.

2000-2001 ikasturtean hasi ziren Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak EHUn. Handik 3 urtera hasi zinen zu han irakasle, 2003an. Eta laster erretiroa hartzekotan zara. Nola ikusten duzu ikasketen eboluzioa? Betetzen ari dira hasierako asmoak? Zer helburu ari dira betetzen eta zer gabezia (zahar edo berri) ikusten duzu?

Zelan ikusten dudan orain? Oso txarto. Azalduko dizut. Ikasketa hauek beharrezkoak ziren, eta neurri batean oso berandu hasi ziren. Uste dut Estatuko azkenetako bat izan zela hemengo lizentziatura. Hasieran arazo nagusi bat zegoen, eta zen lege kontu batengatik euskara-gaztelania konbinazioa ezin zela landu; eta hori zen, justu, gure artean gehien behar zen hizkuntza konbinazioa. Normala den bezala, hasiera anbiziotsua izan zen. Batetik, lau bigarren hizkuntza eskaini ziren: ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera. Eta irakasle postuetarako profesionalak bilatzen saiatu ziren, lanbidean aritutako jendea. Ni, adibidez, horregatik hartu ninduten, bestela, unibertsitateko lan-poltsa ohiko batean ez nuen zereginik izango. Zer gertatu da? Urte batzuk pasa ziren, eta 2010-11n Boloniakoa etorri zenerako ikasketek, jada, berrikusketa batzuk behar zituzten. Gradu berriarekin, gaztelania-euskara konbinazioa posible zen, baina, aldi berean, graduen diseinurako bestelako mugak zeuden. Esate baterako, hautazko ikasgaiak ikaragarri murriztu ziren. Perfila oso estua da. Oso ondo legoke, esate baterako, ikasleek zuzenbideaz, arkitekturaz, literaturaz… ikastaroren bat izatea, jakintza zabalago bat eskuratzea, baina graduan ez dago aukerarik. Boloniakoarekin gradua egokitu zen, baina ia 10 urte pasatu dira eta ikusi dugu gauza batzuek ez dutela funtzionatzen, paperaren gainean egindako diseinua errealitatera ekartzean aldaketak egin beharra sortzen dela. Baina ez da batere aldaketarik egin. Beste alde batetik, irakasleei begira ere, uste dut beste ikasketa batzuetan bezala oso garrantzitsua dela ikasketak lanbideari begirakoak izatea. Ikertzaileak ere beharrezkoak dira, eta sortuko dira, baina helburu nagusia euskal itzultzaile onak prestatzea da. Eta horretarako euskal itzultzaile jardunekoekin harremana behar dute ikasleek. Errealitatean, ordea, Unibertsitatearen egitura bera, irakasle izateko dauden plaza moten bitartez, gero eta gehiago hobesten ari da bide akademikoa egina duen irakasle-ikertzaile hori, profesionalaren figuratik urrun dagoena. Horregatik, geratu garen salbuespen batzuk kenduta, bide akademikoa egina ez duten irakasleek nekez emango dituzte eskolak baldintza duinetan; horretarako dagoen figurak [irakasle elkartua, unibertsitateko eskolez gain beste jardun profesional batean lan egiten duela egiaztatu behar duena] hilean 400 euroko soldata baten truke astean bitan eskolak eman behar ditu eta. Lotsagarria iruditzen zait.

Hizkuntza aukerak ere aipatu dituzu hasieran.

Hizkuntza aukera murrizten ari da. Agian ezin da hasieran bezala lau bigarren hizkuntza eskaini, horretarako ikasle eta eskaera nahikorik ez dagoelako. Ados. Baina frantsesaren aukera desagertzeko zorian dago. Eta Euskal Herriko hirugarren hizkuntza nagusia da. Mundu osoan, frantsesa-euskara EHUn bakarrik lantzen da, espainola-euskara bezala. Eta hemendik urte gutxira, oso posible da “lantzen zen” esan beharra. Izugarria iruditzen zait. Erakunde oso handia da EHU, eta esango nuke itzulpengintzari berari mimoz begiratzen dion egiturarik ez dagoela. Nik horrela bizi dut. Gradua hondatzen ari da. Jendartea aldatu egin da; gaur egun ingelesezko maila nahiko altu bat eduki behar dute gazte guztiek batxilergoa amaitzen dutenerako. Hala, ikasleen % 90ek ingelesa aukeratzen dute. Ados. Horri ezin diogu ezikusia egin. Baina birpentsa ditzagun ikasketak gauza horiek kontuan hartuta. Eta ez da egiten; ez da ezer aldatzen. Kortse handiegia da egiturak jartzen duena. Ikasketen diseinuaren muina 2000. urtekoa da, eta azken aldaketak 2010ekoak; 20 urteren buruan ezin da berdin mantendu. Itzulpen automatikoa, adibidez, ez dago berariaz aurreikusita ikasketetan. Noren buruan sartzen da itzulpengintzako ikasleek ez dutela ezer jakin behar itzulpen automatikoaren inguruan? Ikasketak ez dira errealitatera egokitzen ari, eta ikasleei ematen zaienaren eta beharrezkoa izango dutenaren arteko distantzia gero eta handiagoa da. Uste dut goitik beherako berregokitzapen bat behar duela graduak, baina ez merkatuari egokitzeko, jendartearen errealitateari egokitzeko baizik.

 Zuri zeuri zer ekarpen egin dizu irakasle esperientzia honek?

Itzela. Hasteko, asko ikasi dut, itzulpengintzaz gogoeta egin behar izan dudalako. Ez da nahikoa ikasleei “nik hau honela egiten dut” esatea, azaldu egin behar diezu zergatik egiten duzun horrela. Eta ikasleekiko harremana zoragarria izan da. Zorte handia izan dut talde txikiak izan ditudalako beti, eta oso harreman gertukoa izan dut ikasleekin. Gainera, ikasleek begi onez begiratzen digute lanbidetik gatozen irakasleoi, eskertu egiten dute gure esperientzia, eta errazagoa da irakaslearen eta ikasleen arteko ohiko arrakala gainditzea. Asko irakatsi didate: haiengandik ikasi dudanagatik eta haiekin jarduteko irakurri eta ikasi egin behar izan dudanagatik. Niretzat oso eskola ona izan da, baita maila pertsonalean ere.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.