Alazne Arrutiren iritzi artikulua: “Izengabeen itsasoa”

Alazne Arrutik iritzi artikulu berria ekarri du “Sinadurak” atalera: “Izengabeen itsasoa”.

Behin esan zidaten, bakoitzak bere liburutegian izan nahi lukeena irakurtzeko beste modu bat, norberak irakurri nahi lukeen hori idazten saiatzea zela. Akaso ordutik, ekintza bera ere beste era batean gauzatu izan dut, inkontzienteki bada ere.

Gerora, premisa bera bizitzaren beste arloetara ere estrapolatu daitekeela jabetu naiz, sorkuntzarako ez ezik, egunerokotasunari aurre egiteko ere bai. Gose bazaude, prestatu ezazu barrenak eskatzen dizun hori. Hartu denbora, erre zaitez olioaren txinpartaz, utzi tipula lapikoan itsas dadin, jarduteak berak merezi du. Prozesuak berak irakasten du gehien. Ez eskatu gehiegi aurrez bizitzari, bueltan askorik eman nahi izan gabe eta utzi zoriak ezustean harrapa zaitzan.

Idaztera bueltatuz gero, ez naiz sekula pertsona metodikoa izan. Kasu gehienetan, egunean zehar atzemandako txikikerietatik hasi ohi naiz idazten. Hitz batzuk irratian, irudi bat pantailan, mugikorrean zokoraturiko argazki bitxiren bat edota garraio publikoan izandako elkarrizketa bat. Nirekiko gertu sentitzen dudanari tiraka jarduten naiz, eta erdizka osatutako dokumentuok, ordenagailuko memoriaren itsaso amaigabera jaurtitzen ditut axolagabe, belaontziak bailiran, euren bidea topatu eta nonbait lehorreratzeko gai izango direnaren esperantzaz.

Dokumentu gehienak ez ditut izendatzen. Etxean ditugun katuek ere ez dute izen zehatzik jada, eta izendatu izan ditudan bakanek, inoiz haurrik izango banu erabili nahi eta ezingo ditudan izenen multzoa elikatu dute. Arazo bat dut izen eta izendapenekin.

Nahiago dut ustekabean zabaldu, eta erruleta errusiar baten antzera, testuren batek ukituko ote nauen probatzea. Lehenik denboran atzera egiten saiatzen naiz, une hartan non nenbilen jakiteko, beste arrazoirik gabe. Eta orainera bueltatzean, oraindik ere zerbait zukutu dezakedala irizten badiot, oihalak zabaldu eta putz egiten diet hitzei, norabideren bat har dezaten. Nigan bidaiatuaz idazten dudala esango nuke. Orain, mareen korronteak kontrolatzea besterik ez zait falta.

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.