“Panpina noiz da panpina? Besteen begiradapean dagoenean”

Barrura begira pasatu ei du konfinamendua Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989). Udazkenean estreinatu zuen “Panpina” antzezlana eta, geroztik, ate-ostean eskegita dauka bere alter egoarentzat, Erika Rooibosentzat, erosi zuen abrigu arrosa; behin baino gehiagotan eduki ei du jantzi eta etxeko pasilloan desfilatzeko tentazioa. Lanean jarraitu du bien bitartean, Ganbila bilduman argitaratuko duen liburua prestatzen. Idazmahaian, aulki bi: bata berarentzat eta bestea bere itzalarentzat. Edo lagun imajinarioarentzat. Badaezpada.

Erika Olaizola aktorea

Oinarri-oinarrizkotik hasita, zelan zaude? Zelan eraman duzu konfinamendua?  

Fase diferenteak pasatu ditut, egia esan. Hasieran, bastante errebelde egon nintzen. Beti gustatu izan zait etxean egotea, baina derrigortuta beste gauza bat da, eta oso punki jarri nintzen: etxean, zuek esaten didazuelako? Ba, orain ez dut nahi! Martxoa, gainera, hilabete mugitua izaten da emakume artista gehienontzat eta derrepente domino efektu hura, dena bertan behera geratzea… Lan gabe geratu nintzen eta hori, pixka bat, sustoa izan zen. Baina, era berean, sentitzen nuen: bale, dena erori da, baina konfiantza daukat bizitzan. Orduan, barrura begira jarri nintzen, energia aldatu egin zitzaidan… Eta, Erika bezala, identitate propio bat sentitzeko lanari lotu behar ez izatea, askatzailea izan da. Entrenatuta gaude ezegonkortasunean bizitzen eta, hau aho txikiarekin esan behar dela ematen du, baina niri behintzat konfinamenduak on egin dit.

Niri oso gogoan geratu zaizkit konfinamendu aurreko azken saioak. Zuri?

Bai, azken-azkena Hendaian egin nuen, martxoaren 11an. Bazebilen zurrumurrua zerbait ba ote zetorren… Baina ni lasai-lasai ibili nintzen ikusleei aurpegiak miazten eta hortzaka egiten. Eta begira gero!

Eta lehenengoak? Akorduan al dituzu jendaurrean egin zenituen lehen antzerkiak?

Ba, gure amak eta amamak taberna bat eduki zuten Erreziletik gertu eta neu ere hantxe egon nintzen lau urtera arte, baserritarren artean. Haiexek izan ziren nire lehenengo publikoa. Beti eduki dut espresatzeko beharra, hainbeste-hainbeste, lagun imajinario bat sortu nuela! Ni ez naiz gogoratzen, baina amak sarri esaten dit: Iñaki omen zeukan izena! Gero, ikastolan, 8-9 urterekin hasiko nintzen antzerkian; asko gustatzen zitzaidan helduak imitatzea eta ama papera hartzen nuen, edo pijarena… Aitzakia ona zen takoiak janzteko eta makillatzeko! Eta antzerkitik aparte ere bai: atzazal postizoak jartzea, zotzekin zigarroak erretzea… Horrela ibiltzen nintzen.

Azken urteotan, ostera, alderantzizkoa egitea tokatu zaizu: zeu heldua izanik, umearena egitea. Nola eraikitzen da horrelako pertsonaia bat?

Ikasketa itzela izan da Iñaki (“Francoren bilobari gutuna”) eta Ane (“Lur”) eraikitzea. Askotan, helduon ikuspegitik hasten gara umeen plantak egiten, baina umeak sekula ez du ume plantarik egiten; umeak umearena egiten du eta oso serio, gainera. “Franco”ren prozesuan, horrelako hainbat pista hartu nituen. Iñaki gaixo zegoen ume bat zen baina, era berean, dena zen ekintza, jakin-mina, egonezina… Eta pixkanaka-pixkanaka joan zen sortzen. Anerena oso bestelakoa izan zen, gidoia hasieratik eginda zegoelako. Ane gehiago zen jolasa, bizitza, dirdira begietan… Bi ume ezagutu ditut eurekin; bi Erika, alegia. Eta harrezkero, helduak interpretatu ditudanean ere, asko lagundu dit horrekin konektatzeak: nola dago nire baitako umea? “Panpina” egiteko ere asko balio izan dit aurreko obren oihartzun horrek.

Iruditeria batetik abiatu ei zenuen “Panpina”. Zeintzuk izan ziren puzzlearen lehen piezak?

Baginen irudiak! Uste dut obsesio itzela daukadala baginekin… [barreak] Hasierako haiek ez ziren ideia garatuak: baginak, buruak, esaldi solteak, “panpina” hitza… Gerora joan dira batasun bat hartzen.

Lau-bost urte pasatu dira intuizio horiei bueltaka hasi zinenetik, obra taularatu duzunera arte. Zelakoa izan da sormen prozesua?  

Hasi, 2014an hasi nintzen ideiarekin, baina momentu hartan ez zen gertatu. Uste dut halaxe izan behar zuela, zeren, 2019an ja beste ibilbide bat neukan, beste esperientzia bat… Eta, bien bitartean, sormen prozesuak eramaten ikasi dut. Argi neukan, oholtzan bakarrik egon arren, sormena kolektiboa izango zela. Gero, beka bat jaso nuen Azpeitian, iazko uztailean, eta urrian antzerki topaketetan estreinatzeko data neukan! Ondo aprobetxatu beharreko denbora zen eta oso argi neukan bidea norekin egin nahi nuen. Bata, Oier Guillan zen: laguna nuen, ikastaro batzuk ere eginak nituen berarekin, eta gustatzen zitzaidan materialak sortzeko daukan modua. Bestea, Leire Arenas, irudigilea. Esan nion: Leire, ez daukat ezer argirik baina zu prozesuaren parte izatea gustatuko litzaidake, plastizidadea ematea. Eta halaxe hasi ginen. Oierrek etxerako lanak jarri zizkigun eta lehen fasea atera, atera, atera… izan zen. Udaran geratu egin ginen. Gero, Oierrek testu proposamen batzuk ekarri zituen irailerako eta Leirek eta biok argi ikusi genuen giltzak zeintzuk ziren. Hortik abiatuta hasi ginen inprobisazioak egiten eta istorioa sortzen. Tarte horretan, bertigo batzuk ere egon ziren: egun batean badaukazula sentitzen duzu eta hurrengoan kakatan zaude, badakizu… Baina guay egon zen, zeren, guk ez genekien non bukatuko genuen eta materiala bera joan zen izaera propioa hartzen. Oso pozik gaude emaitzarekin: nik obra neure sentitzea lortu dugu eta hori oso garrantzitsua da, zeren, prozesu kolektiboetan norbere izaera galtzeko arriskua egoten da. Baina, era berean, Leirek eta Oierrek ere beren zerbait dela sentitzen dute.

Jantziteriak, atrezzoak eta obran zehar erabiltzen dituzun beste hainbat elementuk ere, karga sinboliko handia daukate. Nola osatu duzue unibertsotxo hori?

Gehienbat intuizioz. Oraindik ez nekien obra zer izango zen baina Emausen abrigu arrosa hura ikusi nuenean, esan nuen: hau erosi egin behar dut! Etxetik ere gauza asko eramaten ditugu sormen prozesurako eta, derrepente, inprobisazioan globo bat hartzen duzu eta funtzionatu egiten du! Zerk erakartzen zaituen ikusi eta probatu, beti probatu! Adibidez, pertxero bat, eta esaten duzu: hauxe da! Ezkontzen direnek ere horixe sentitzen omen dute soinekoarekin, ezta? [barreak] Normalean, materialak berak esaten dizu zer behar duen. Azkenik, Idoia Beratarbidek lagundu zigun dena fintzen eta batasun bat ematen.

Eta, bat-batean, abrigu arrosa jantzi eta Erika Rooibos bihurtzen zara. Nor da Erika Rooibos?

Erika Olaizolaren alter ego bat, nik hartzen ez ditudan lizentzia asko hartzen dituena. Itzela da, zeren, neuk nahi ditudan guztiak esan ditzaket bere ahotik. Motzean, horixe da.

Rooibosek XXI. mendeko hezur-haragizko Barbiea dela esanaz aurkezten du bere burua. Zu ibiltzen al zinen Barbiekin?

Bai! Jantzi-erantzian, orrazten… Tope-tope! Zu?

Bai, neu ere bai…

Aupa Barbie-zaleak! [barreak]

Eta zergatik berrartu zenuen? Zergatik “Panpina”?

Neure barrura begiratzeko gogoa neukalako. Inprobisazioetan behin eta berriz irteten zitzaigun: panpina noiz da panpina? Besteen begiradapean dagoenean. Baina begirada hori ez dagoenean, lasaitu egiten da. Kanpo-barru joko hori agertu nahi nuen: zer daukat nik, Erika bezala, naizen emakumetik kontatzeko? Eta hor atzean, gauza asko daude: konplexuak, haserreak, umore ganberro bat esploratzeko gogoa, hauskortasuna… Zeren, hauskortasuna ere onartzen zaigu, baina neurrian.

Inoren begiradapean egotea, tentsio konstante bat ere izan daiteke. Txalora erraz ohitzen gara, baina txistura?

Horixe gertatzen zaio egoari! Baina bueno, terapia pixka batekin bezatzen da hori ere. Obra bat taularatzen duzunean, zeure umetxoa balitz bezala hartzen duzu eta kosta egiten da kritikak entzutea. Gero, lore bat botatzen dizute eta paparra puzten zaizu, hori ere horrela da. Norberak pasatu behar dio filtroa kanpotik datorren guztiari, gustukoari eta ez gustukoari. Nire ustez, gauza bera dira; txanponaren bi aldeak. Jardun honetan, umiltasunez ibili beharra dago.

Erika Rooibosek, ordea,  gainetik begiratzen dio parean jartzen zaion edonori.

Bai, niretzat oso inportantea zen emakumea biktima moduan ez irudikatzea. Erika Rooibosen kasuan, kontua ez da zer esaten duen bakarrik, baizik eta nola esaten duen; nola momentu batzuetan denaren gainetik jartzen den, nahiz eta gero horren atzean dauden gabezia guztiak agertzen joan. Horixe da jolasa: jarrera horiek muturrera eramatea, pertsona eta pertsonaiaren artean saltoka ibiltzea eta ikusleak esatea: non dabil hau? Guay dago zu zeure barruak arakatzen ibili ondoren, ikusleak etortzea, normalean emakumeak, eta esatea: ze ausarta! Eta, egia da, nik oso natural hartzen dudala jarrera hori, baina ez da kasualitatea hainbeste emakumeri ausarta iruditzea. Nork bere barruan erreprimituta dituen horiek beste bati entzutea, ederra da. Orduantxe konturatzen zara, denok ere, antzera gabiltzala.

Horregatik egiten du Erika Rooibosek bere itzalarekin larrutan?

Bai. Hasiera-hasierako irudi haiekin batera, esaldi bat neukan koadernoan apuntatuta: “haz el amor con tu propia sombra”, Borja Vilasecarena. Eta, pixka bat, horixe esan nahi du: geure itzalari, geure miseriei, geure beldurrei… begietara begiratzea. Ikusi nahi ez dugun horri guztiari.

Umore handiz interpelatzen dituzu ikusleak: horizontalki eta, era berean, oso modu probokatzailean.

Ez dakit nire umorea nola katalogatu baina hori lantzeko gogo handia neukan. Arlo pertsonalean konkistatuta neukan terreno bat zela sentitzen nuen, baina profesionalean ez hainbeste. Hori esploratu nahi nuen: ni eta umorea, emakumea eta umorea… Oraindik hutsune handiak ditugula iruditzen zait. Hemen egiten den komedia mota batekin, adibidez, ez dut batere konektatzen: nola deituko genioke, “ETB komedia”? Eboluzio gutxi ikusten dut hor, oso gizonena iruditzen zait. Gizonak esaten dudanean, ez denak, eta ez beti. Baina, orokorrean, zaharkituta geratu dela iruditzen zait; oso eginda dagoen umore mota bat dela. Egun hauetan, adibidez, “The office” seriea ikusi dut eta umore mota horrekin lepo konektatzen dut. Edo errepikapenekin, edo umore beltzarekin…

Erika Rooibosek behin eta berriro aldarrikatzen du bere perfekzioa; inperfekzioak asmatu behar izaten ei ditu gainontzekoen mailan jartzeko. Hain perfekzionista al da Olaizola ere?

Beti izan naiz oso exigentea neure buruarekin eta, orain, erlaxatzen ikasten ari naiz. Alde horretatik, “Francoren bilobari gutuna” egitea eskola bat izan zen, adibidez. Exigentzia maila oso altua zen, dena eman nuen eta, pixka bat, sabaia jo nuen. Gero kosta egin zitzaidan neure burua aurkitzea eta “Panpina” horretarako espazio bat ere izan da, beste leku batetik jardutekoa: ahalik eta epai gutxienekin, ahalik eta goxoen, zaintzatik… Hortik eraman nahi dut nire lana, bakarka zein taldean.

Orain obra berridazten ari zara EHAZEk eta Susak elkarlanean argitaratzen duten “Ganbila” bildumarako. Zelan doa?

Niretzat, sekulako oparia izan da! Liburua diseinatzeko aukera eman zidaten eta asko edukiko du niretik; neu izango naiz honen ama. Beti esaten dut “ama”, zeren, “zuzendari” eta horrelakoak ez zaizkit gustatzen. Atal diferenteak izango ditu, kolaborazioak… Konfinamenduan lepo gozatu dut hau guztia ideatzen eta idazten. Beti idatzi izan dut, baina inoiz ez publikatzeko eta azken hilabeteotan dena batera tokatu zait: kolaborazio batzuk egitea, liburu hau… Uste dut “Panpina”ren unibertsoa beste kode batzuetan islatzeko balioko duela.

Aspaldion idatzi dituzun kolaborazio horietako batean (webgune honetan bertan), hauxe zenioen: “Uneoro nago ispiluren baten aurrean. Ispiluak dira pertsonak, ispiluak dira egoerak. Bizitza bera da ispilu bat”. Zer ageri zaizu ispiluan, ia hiru hilabete konfinatuta pasatu ondoren?

Lehen neure ni “dontzeila”ri lotuta nengoen, heldutasunarekiko erresistentziekin. Baina, esango nuke, heldu egin naizela. Lehen gaztarora bakarrik iristen nintzen eta derrepente begirada beste leku batzuetan jarri dut, zahartzaroan ere bai. Pila bat konektatu dut horrekin, zahar asko bakarrik hil direla ikusteak, hunkitu egin nau. Konfinamenduan zehar hainbat emakumerekin biltzen aritu gara, gure ziklikotasunaz hausnartzen… Eta esnaera berri bat izan dudala sentitzen dut; kontzientzia berri bat geure baitan dauzkagun gaitasunena, hilekoarena… Bere indarrekin eta ahuldadeekin leku bat okupatzeko prestago dagoen emakume bat ikusten dut ispiluan, emakume kontzienteago bat. Zeren, lekua utzi behar digute, bai. Baina geuri ere badagokigu okupatzen joatea.

Eta, diozun moduan, lekua okupatzen joateko aliatuak aurkitzea ezinbestekoa da. Zuk Kamikaz kolektiboa osatu zenuen, Amancay Gaztañaga eta Miren Gaztañagarekin.

Niretzako, Kamikaz arnasa da. Duela bost bat urte elkartu ginen Uxue Alberdiren Euli giro liburuaren aitzakian zerbait egiteko, eta gauzak egin ahala joan gara proiektua zer den ikusten: ikus-entzunezkotik dauka, antzerkitik ere bai… Ederra da, zeren, konpartitzen ditugun proiektuak dauzkagu, baina bakoitzak bere banakako bidea egiteko askatasuna ere bai. Eta, era berean, bakoitzak bere kontura egiten dituen gauzek ere, Kamikazen marka daramate: “Panpina”, adibidez, nire zerbait da baina Kamikazen barruan doa, zeren, bat dator egiten dugunarekin. Bizitzak elkarrekin jartzen gaituenean, elkarrekin arituko gara eta, bien bitartean, bata bestearen espazioak errespetatuko ditugu.

Zelan aurreikusten duzu konfinamendu ostea antzerkigileontzat?

Nik argi daukat hau guztia erori bada, zerbaitengatik izan dela; pilare sendoen gainean ez zegoelako. Ni neu nahiko deskonektatuta egon naiz, baina uste dut hau guzti hau mahai gainean jartzea tokatuko dela; nondik eraiki nahi dugun pentsatzea eta ardurak geuk hartzea. Ezin dugu geure burua beti biktimatzat jarri. Orain arte nola ibili gara lanean? Zeintzuk izan dira gure baldintzak? Orain negar egiten dugu baina geu izan gara baldintza pegarri horietan lan egitea onartu dugunak. Alde horretatik, uste dut momentu ona izan daitekeela berrasmatzeko. Zer nahi dugu? Teatroa egin eta ikusleak etortzea, besterik gabe? Ala beste zerbait? Orain dena ari da udazkenera atzeratzen, baina ezin dugu elkar solapatu eta horretarako ezinbestekoa izango da komunikatzea. Balorean jarri behar dugu geure lana, nork egingo du geuk egiten ez badugu?

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.