Abian da Literatura Unibertsala lehiaketa

EIZIE elkarteak Literatura Unibertsala lehiaketaren deialdia abiatu du, munduko literatur lanak euskarara ekartzeko asmoarekin. Aurten Kate Chopin, Maryse Condé, Edna O’Brien eta Tayeb Salihren obra banaren itzulpena esleituko dute. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketari buruzko xehetasunak.

51S3qiT4hFL

EIZIE elkarteak 30 urte darama Literatura Unibertsala bilduma hauspotzen. Proiektuak hainbat fase izan ditu, eta hari eskera iritsi dira euskarara, besteak beste, Mary Shelley eta Milan Kunderaren lanak (hona hemen Literatura Unibertsalean argitaratu diren lan guztien zerrenda).


 

Chopin, Condé, O’Brien eta Salih

Aurtengoan, lau itzulgai proposatu dituzte. Jarraian, bakoitzari buruzko xehetasun batzuk ekarriko ditugu.

Lauren artean, lehenagotik ere ezaguna genuen Kate Chopin estatubatuarra. Haren bi ipuin ditugu euskaraz irakurgai: bata, “Desiréeren umetxoa”, Ana Moralesek 2013an itzuli zuena; bestea, berriz, “Ordubetean”, Garazi Ugaldek 2014an euskaratutakoa. Estatubatuarra izanagatik, Chopinek kultura ingelesa eta frantsesa jaso zituen etxean txikitatik. Hogeita hamazazpi urterekin ekin zion ibilbide literarioari; haurrentzat zein helduentzat idatzi zuen eta ipuin labur ugari argitaratu zituen garaiko aldizkarietan. Horrez gainera, bi eleberri idatzi zituen, eta horietako batek –The Awakening, hain justu ere lehiagai denak– iskanbila handia piztu zuen. Emakumeen bizipenak eta Estatu Batuetako hegoaldeko esklabotzak badute tokirik Chopinen lanetan.

Maryse Condé Guadalupen jaio zen, eta Frantzian bizi da egun. 2018an Literaturaren Nobel Sari Alternatiboa jaso zuen. Idazteaz gainera, literaturari buruzko ikerketak egin ditu eta unibertsitatean lan handia egindakoa da. Era askotako lanak idatzi ditu, haurrentzako ipuinak, antzezlanak eta saiakerak ere bai. Kasu honetan, Le cœur à rire et à pleurer: Contes vraies de mon enfance izeneko ipuin-bilduma da itzulgaia. Segou (1984) eleberriari esker lortu zuen mundu-mailako ospea.

Edna O’Brien autore irlandarrak zaku bete idazlan eta sari bildu du bere ibilbide literarioan. Era askotako lanak idatzi ditu berak ere: eleberriak, ipuin-bildumak, antzezlanak… 1960an argitaratu zuen bere lehen eleberria, eta hark eman zion ospea. The Country Girls du izena, eta horixe da, hain zuzen, Literatura Unibertsala lehiaketara aurkezten denak itzuli beharrekoa. Zenbait adituren arabera, liburu horrek auzi sozialei eta sexualei buruzko isiltasuna urratu zuen, Bigarren Mundu Gerraren ostean Irlandan nagusitu zen atzeraldia inarrosiz. Hain zuzen, liburuak iskanbila handia piztu zuen: liburua debekatu, erre eta pulpitutik gaitzetsi zuten.

Azkenik, Tayeb Salih izan zen XX. mendean Sudanen izan den idazle ezagunenetako bat. Hainbat lanpostutan jardun zen, hala kazetaritzan nola administrazio politikoan. Bizitza komunitarioa eta jendearen arteko harreman konplexuak dira Salihren literaturak lantzen duen gai nagusia. 1967an argitaratu zuen Mausim al-hijra ila ax-xamal izeneko eleberria, gaur egun klasikotzat jotzen dena kolonialismoaren osteko literatura arabiarrean. Horixe itzuli beharko dute lehiaketa hautagaiek.


 

 Lehiaketaren oinarriak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile. Testuaren itzulpena (lau kopiatan) aurkeztu beharko dute, ezizen batekin, eta, horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea ekainaren 26an amaituko da, eguerdiko 12:00etan. EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea – 20013 Donostia. Postaz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, osasun-larrialdia dela eta, ekainaren 15etik 26ra bitartean jasoko dituzte laginak idazkaritzan.

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri – 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

Iturria: EIZIE elkartearen webgunea.Oinarriak kontsultatzeko, testuen laginak eskuratzeko, edo informazio gehiago jaso nahi izatekotan jo bertara.


 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.