Deseskalatzeko nobedadeak

Konfinamenduaren neurriak arintzearekin batera, lehen liburu-aurkezpenak izan dira, udaberriko nobedadeen erakusle. Albiste honetan, azken asteotan aurkeztu diren narratibako lanak aipatuko ditugu.

flor-libro

Ipuin-liburuak

Ipuin-liburuen artean, azken asteotan bi izenburu berri iritsi dira gure apalategietara. Batetik, Julen Belamuno idazleak Hotz industriala bilduma kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Aurrez, Belamunok beste bi lan ditu idatziak: Ukabilak eta loreak (2015) izeneko ipuin-bilduma eta Gaueko zaintzailea (2016) izeneko nobela, biak ere Elkarren eskutik. Hotz industriala delako honetan, Belamunok bost narrazio sortu ditu. Liburuaren tonua hartze aldera, hona hemen kontrazaleko pasarte txiki bat: “Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena”. Susaren liburu guztiak bezalaxe, sarean irakurri daiteke, osorik.

Bestalde, Katakrak argitaletxeak Bost egun, bost gau argitaratu du, Manuel Tiago autorearen nobela, Iñigo Roquek euskaratua. Ipuin-bildumen izenburupean sartu dugu, bai. Zergatik? Eleberriarekin batera bi narrazio datozelako. Hiru hauek dira Tiagori euskaraz irakurri ahal dizkiogun estreinako lanak. Alvaro Cunhal politikari portugaldarraren ezizen literarioa da Manuel Tiago. Gizon engaiatua izan zen, Portugalgo Alderdi Komunistako idazkari nagusia hainbat hamarraldiz. Kartzelan egon zen, zuzenbidea ikasi, eta abortuaren despenalizazioari buruzko tesia idatzi zuen. Horrez gainera, obra plastikoak eta itzulpenak ere egin zituen. Bost egun, bost gau honetan, Andréren historia kontatzen da, zeinak 19 urterekin emigratu behar izan baitzuen. Liburuaren hitzaurrea Amets Arzallusek idatzi du, bertsolaria eta, Ibrahima Balderekin batera, Miñan liburuaren egilea. Hala dio Arzallusek: “Muin-muinean, sistema bera da ‘pasatzaileak’ sortzen dituena. Sortzen, justifikatzen, eta blindatzen. Mugak zakur armatuekin zerratzen ditu, eta bide batez muga-pasak garestitzen. Migranteak inolako paperik eta babesik gabe uzten ditu, eta bide batez, ‘pasatzaileen’ jostailu bihurtzen. Edo zuzen-zuzenean, besterik ezean, ‘pasatzaile’ bihurtzen. Azkenik, inoiz edo behin, ‘pasatzaileren’ bat atxilotzen du –agian aduanan komisiorik ordaindu ez duena–, eta besteak libre uzten. Segi dezaten, migranteak hara eta hona erabiltzen, sistemak asmatuko baitu horiek oro nola trituratu”.


 

Nobelak

Azken asteotan hainbat nobela berriren aditzea izan dugu. Batetik, Anjel Lertxundik Gilles de Rais izeneko eleberri laburra kaleratu du Alberdania etxearen eskutik. Lertxundik hirugarren karlistaldian girotu du nobela, eta artisten eta soldaduen arteko harreman zailari erreparatu dio. Izan ere, Vincent izeneko antzerki-idazle batek bere arima salduko du diru truke, eta karlistadetan borrokan ari diren soldaduei hauspoa emateko antzezlan bat idatzi beharko du. Hemen irakur dezakezue liburuaren aurrerapena. Lertxundi lehendik ere oso ezaguna zaio irakurleari, hainbat eleberriren egilea baita. Edonola ere, iaz saiakera literarioaren eremua landu zuen, Itzuliz usu begiak izeneko liburua argitaratu baitzuen, itzulpengintzari buruzkoa.

Ene baitan bizi da, horixe dugu Maddi Ane Txoperena bertsolari eta kazetariaren estreinako eleberria, oraintxe kaleratu dena Elkarren eskutik, Gazteluma bekaren babesarekin. Josefinaren eta haren biloba Marieren arteko harremana da lanaren ardatza. Elkarrizketa honetan, bi protagonisten arteko loturaren nondik norakoak azaldu zizkion Txoperenak Alaia Martini, gure atariko kolaboratzaileari: “Marie Donibane Lohizunekoa da, Parisen Zientzia Politikoak ikasten ari da. Zalantzatia denez buelta asko ematen dizkio buruari. Eta, azkenean, ustez nahi ez dituenak egiten ditu maiz. Harreman korapilatsu samarrak eraikitzen ditu orokorrean eta babesa Berako amatxirengan eta lagunengan bilatzen du. Josefina, berriz, askoz ziurragoa da eta berez bezala egiten ditu gauzak, balegozkio bezala-edo. Langilea, zorrotza eta hotza da lehen begiratuan baina aldi berean bihotz onekoa eta gozoa. Ez ditu Ipar Euskal Herrian eta Parisen neskato ibili zeneko garaiak gogoratu nahi izaten”.

Elkarreko nobedadeekin jarraituz, Oihane Amantegik bere opera prima osatu du, Ibaiertzeko ipuina izenekoa. Eleberri labur hau Estatu Batuetako hegoaldean kokatzen da, ibai baten ertzean, eta garai ia mitiko batean. Gaur bertan aurkeztuko du, beraz laster izango gara hari buruz gehiago hitz egiteko moduan. Bestalde, Joxean Agirrek orain pare bat aste aurkeztu zuen Nobela errealista bat, Elkar argitaletxearen eskutik. Albiste honetan eman genuen argitalpenaren berri.

Azkenik, Funanbulistaren beldurra izeneko eleberria aurkeztu zuen atzo Karlos Gorrindok. Lehenago ere, beste hiru eleberri argitaratutakoa dugu autore hau; azkena, 2015ean, Ezpainak arrainak bezala, Ereinen eskutik hura ere. Oraingo honetan, Gorrindok “hamasei urteko bere kartzelaldiaren kronika egin du, material humanoa eta literarioa erabiliz, musika lagun; bere egia kontatzen digu, kapituluz kapitulu, urtez urte, amildegiaren ertzean”.


 

Bestelakoak eta etortzeko daudenak

Bestelako berritasunen artean, nabarmentzekoak dira Juan Kruz Igerabidek Alberdaniaren eskutik argitaratu duen aforismo liburua, Noiz arte arrazoi?; Munduko Poesia Kaierak bilduman kaleratu diren bi itzulpen berriak –June Jordan eta Forugh Farrohkzad poeten kaierak euskaratu dituzte, hurrenez hurren, Ane Garciak eta Miren Agur Meabek–, eta Balea Zuria argitaletxearen azken argitalpena, Gaitzaren loreak, Charles Baudelaireren poema-bilduma ospetsua, zeina Patxi Apalategik itzuli baitu.

Gainera, saiakeraren alorrean, Txalapartak Adrienne Richen lan klasiko bat argitaratu du, Emakumeagandik jaioak: Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa. Maialen Berasategik itzuli du eta hemen irakur dezakezue lanari buruz osatu genuen amua. Ereinek, berriz, bi saiakera ekarri ditu: batetik, Paolo Giordanoren Kutsaldian, hain zuzen ere koronabirusa lantzen duena –Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itzuli dute–. Bestetik, Emakumeak teknologiaren historian izeneko azterlana kaleratu du Gontzal Avilak, Iosune Avilaren ilustrazioekin.

Bestade, konfinamenduaren aurretik argitaratu diren nobedadeei dagokionean, Hitzen Uberan atarian saiatu gara haiek ikusgai egiten, eta elkarrizketak egin dizkiegu Aritz GorrotxategiriAmua poema-liburua kaleratu du Elkarren eskutik–, Amaia Astobizari –Silvia Federiciren Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria itzuli du, Katakraken–, Igor EstankonariMoskito poema-liburua argitaratu du Susaren eskutik– eta Erika ElizaririZendabalitz eleberria plazaratu du Elkarren eskutik eta Igartza bekaren babesarekin.

Azkenik, iragarrita dauden baina oraindik atera ez diren liburuen artean, hortxe daude atari honetako erredaktorea den Oier Guillanen eleberri berria –VHS (Susa)– eta Ixiar Rozasen Unisonoa, poemak eta material sonoroak biltzen dituena. Aurki kaleratuko du Pamielak. Pello Lizarraldek ere aterako du eleberri bat, Argiantza, Ereinek eskutik.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.