Umeen irakurle kluba jarri dute martxan Bedian

Julen Gabiriak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak

Umeen irakurle kluba jarri dute martxan Bedian, helduen irakurle klubera joateko zubi lez. Otsailaren 29an egingo dute lehen saioa, Julen Gabiriak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak.

Asteazken honetan (otsailak 29) jarri dute lehen hitzordua, 18:00etan Bediako liburutegian. Irakurri beharreko liburua Xabier Mendiguren Elizegiren Egun bat Petre Romanescuren bizitzan (Erein, 2009) da, eta idazlea bertan egongo da.

Julen Gabiriak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak:
Noiz eta nola sortu da proiektua?
Bedian urte bi daramatzagu helduen irakurle klubarekin, eta hasieran uste genuena baino arrakasta handiagoa lortu du, herriko jendeaz gain Arratia osoko irakurleak etortzen baitzaizkigu. Eta gertatu da sekula imajinatuko ez nuena: gaztetxo batzuk ere, eta tarteka ume batzuk ere, etortzen hasi direla helduen saioetara, eta euretako batzuk parte hartzen ere hasi direla, galderak eginez eta abar. Beraz, modu naturalean sortu zen umeen irakurle kluba antolatzeko ideia, bi helburu betetzeko asmoarekin: batetik, umeen irakurzaletasuna bultzatzea; eta bestetik, umeen klubetik helduenera bitarteko zubi-lana egitea, nerabezaroan edo gaztaroan helduen taldera pasatu daitezen, hala nahi badute.
Nola zabaldu duzue deialdia?
Bedia oso herri txikia da, eta herri mailako zabalkundea egitea erraza da alde horretatik. Ahoz ahokoa eta liburutegiko langilearen inplikazioa nahikoak dira gure artean, jendea erakartzeko. Bestalde, helduen irakurle klubean parte hartzen dutenak ere jakinaren gainean daude, eta inguruetako herrietako umeek ere ateak zabalik izango dituzte gurean. Gogoratu beharra dago saioa 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat dagoela zuzenduta, baina hortik beherakoak zein gorakoak ere etorri ahal izango dira, gurasoekin zein bakarrik.
Lehen gonbidatua Xabier Mendiguren Elizegi izango da, zeintzuk izango dira hurrengoak?
Oraindik ez dugu etorriko diren liburu eta idazleen zerrenda egin, baina laster jakingo dugu. Izan ere, saioan bertan jakinaraziko zaie umeei zein izango den hurrengo liburua, irakurtzeko astia izan dezaten.
Nola aurreikusi duzue gidatzea umeen saioak, metodologia bereziren bat pentsatu duzue, inprobisazio hutsa izango da…?
Umeekin, egia esan, uste dut ez dela horretarako beharrizan handirik egongo. Helduen kasuan bai behar izaten da galderak bideratuko dituen eta tiraka ibiliko dan norbait egotea, eta horretan aritzen naiz, baina umeak berez-berez animatzen dira galderak egitera. Beraz, egilearen eta irakurritako liburuaren gaineko aurkezpen bat egingo dut, eta beharbada galderaren bat ere bai saioari hasiera emateko, baina seguru nago umeek modu aktiboan hartuko dutela parte. Edozelan ere, saioa ez gidatzeak ez du esan nahi nolabaiteko gidoi baten barruan mugituko ez garenik: liburuaren gaia aztertuko dugu, pertsonaiak, egoerak, eta idazketaren tripak deskubritzen saiatuko gara.
Euskal Herrian azken urteetan asko ugaldu dira Irakurle Klub eta Taldeak, umeen arloan zentzu horretan pauso gehiago ematea falta da?
Umeak eta irakurketa lotzen ditugunean, eskola da jende askori burura etortzen zaion lehenengo lekua, irakurketaren esparru naturala hori balitz bezala. Umeek ere, onartu dute idazleak eskolara joaten zaizkiela irakurritako liburuaz hitz egitera, baina ematen du irakurketaren praktika osoa eskolako hormen barruan geratzen dela, ezin dela kanpora atera. Helduen artean, ordea, azken urteotan irakurketa jardun konpartitu moduan ere ulertzen hasi gara: etxean irakurri, baina lagunartean komentatu. Zergatik ez egin antzeko zerbait umeekin ere? Gehiegi indartzen ari gara literatura eta eskola binomioa, literatura eta plazera konbinazioari leku txikiegia utziz. Eskolak irakurtzen irakatsiko digu, baina irakurketa beste zerbait da, alde batetik askoz ere gauza pertsonalagoa, eta bestetik, askoz ere gauza sozialagoa, irakurritakoa gure inguruan gertatzen denarekin konparatzen dugulako nolabait, geure burua ere irakurri dugun horretan kokatuz. Eta irakurketa konpartitu horretan, umeek ere badute zeresana. Horregatik, saiatuko gara ekartzen ditugun liburuek nolabaiteko pisu soziala izan dezaten, umeek euren burua eta euren gizartea islatuta ikus dezaten kontatzen den horretan, eta Xabier Mendigurenen Egun bat Petre Romanescuren bizitzan liburuak aukera handiak eskaintzen ditu horretarako.
Zu Santutxuko taldean ibili zinen gidari bost urtez, Bediako helduen taldean zabiltza orain eta arrakastatsua suertatu da esperientzia, inguruetako jendea ere biltzen zaizue saioetara. Zure esperientziatik, zer behar da horrelako talde batek martxa ona har dezan?
Ez daukat horretarako formula magikorik, baina, zerbait esatearren, uste dut maiztasun jakin bat finkatzeak asko errazten dituela gauzak: hilean behingo saioa, edo bi hilean behingoa, asteko egun jakin batean beti… jendeak erreferentzia hori hartzen du eta erraza da ohiturari eustea. Bestetik, irakurleekiko komunikazioa zaindu behar da, eta, saioari dagokionez, nik bizi izan ditudan kasuetan behintzat, uste dut arrakastaren gakoetako bat idazlearen presentzia dela. Azkenik, iruditzen zait irakurleari exijentzia apur bat eskatu behar zaiola, errazkerian geratu barik.
Albiste honen uberan:
Bedia (8. eta 9. orrialdeak)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>