Zabalik dago Marrazioak tailerrean izena emateko epea

Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Marrazioak izeneko ilustrazio-tailerra antolatu du hamabigarren aldiz. Aurten, ahozko tradizioa izango da tailerraren ardatza. Irakasle-lanetan, berriz, Maite Gurrutxaga eta Juan Kruz Igerabide arituko dira.

marrazioak

Zabalik dago Marrazioak izeneko ilustrazio-tailerrean izena emateko epea. Hamabigarren edizioa dute aurtengoa, eta parte-hartzaileek ahozko tradizioa landuko dute, «Zotzak biltzen. Ahozko tradizioko kantak eta poesia ilustratuz» leloaren pean. Albiste honetan bildu ditugu tailerrari buruzkoak eta bertan izena emateko informazioa.


 

Tailerra

Ahozko tradizioa ardatz hartuko duten lehenengo Marrazioak izango dira hamabigarrenak. Juan Kruz Igerabide poetak eta Maite Gurrutxaga ilustratzailea izango ditu gidari. Igerabide euskarazko ahozko tradizioaren gaian aditua bezain aritua da eta Gurrutxaga MarraziOak tailerrean hiru aldiz ikasle gisa parte hartu eta gero, gidari gisa dator oraingoan punta-puntan dagoen bere lanaren bermea duela.

Tailerrean, gidariek, parte hartuko duten ilustratzaileekin batera, herri-poesiako materiala ezagutuko dute eta sekuentziazio-aukerak landuko dituzte.

Tailerra 2020ko urriaren 19tik 23ra egingo da, Undermount-en (Aita Orkolaga pasealekua 46, Igeldo, 20008, Donostia). Ordutegi jarraitua izango du aurten tailerrak: 10:00etatik 18:00etara, bazkaltzeko ordubeteko atsedenaldiarekin. Parte-hartzaileek beren bazkaria eraman beharko dute. Asistentzia derrigorrezkoa da: parte-hartzaileek tailerraren saio guztietara etortzeko gai izan eta horretarako konpromisoa hartu behar dute.

Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie irakasleek aukeratzen dituzten 10 lagunei. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa egiteko beka bana eskuratuko dute.


 

Metodologia

Aurtengo edizioan ahozko tradizioaren kantak eta poesia ilustratzeko bideak landuko dituzte. Bideok tradiziora hurbil daitezkeela edota apurtzaileak izan daitezkeela erakutsiko diete gidariek. Elkarrekin arakatuko dute bidea, bide zabala eta aberatsa inondik ere. Horrez gain, euskal ahozko tradizioa ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Lehenengo egunean herri tradiziotik datozen poesiak ezagutzera emango dituzte gidariek parte-hartzaileek materialaren ikuspegi ahalik eta zehatzena izan dezaten. Materiala ezagutu eta aztertzearekin batera, ikasle bakoitzari poesia horietako bat aukeratzeko eskatuko zaio berau ilustratzen has dadin. Hala, tailerraren ordu praktikoak lan horri eskainiko dizkio. Aztertuko dituzten poemak sekuentziatzeko modu narratiboak eta modu estetikoan ilustratzeko erak urratuko dituzte. Proposamenak zein ideiak eta ezagunak zein ez hain ezagunak diren erantzunak emango dizkiete materialen zein ilustrazioen aukera oparoak zabalduz. Azterketa horretatik ateratako ondorioak praktikan jartzen saiatuko dira, eta ikasleak hautatutako poesia horri ondoen egokitu dakioken bidea jorratuko dute. Praktika orduetan parte-hartzaileek eskura izango dituzte gidariak; bidean lagunduko diete, hausnartzeko tarteak bilatuko dituzte eta aukera berriak aztertuko dituzte.


 Izena emateko prozedura

Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute. Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da. Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da. Parte hartzaileek ez dute zertan argitaratutako lanik izan behar.

Izena emateko, ilustratzaileek beren hiru lan bidali beharko dituzte, beren estiloa, estetika eta ildoak irudikatzen dituztenak. Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute: curriculuma, nortasun-agiriaren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono-zenbakia. Dokumentazioa wetransfer bidez bidali behar da administrazioa@galtzagorri.eus helbideera.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2020ko uztailaren 24a izango da. Aukeratutakoei 2020ko irailaren 11rako erantzungo zaie. Informazioa eta argibideak, hemen: 943 471 487  eta administrazioa@galtzagorri.eus.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.