Durangoko Azoka egingo DA!

«Egokituta», baina hala ere Durangoko Azoka egingo dutela iragarri zuten atzo Gerediaga elkarteko kideek. TaupaDA! leloaren pean, euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela erakutsi nahi dute. Abenduaren 5etik 8ra egingo dute, eta online bertsioa izango du.

AZOKA20 002_Taupada!

Koronabirusaren krisia zabaldu ahala, euskal kulturgileen artean bolo-bolo ibili da galdera: eta Durango? Sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe askorentzat, ezinbesteko hitzordua da Azoka, ez bakarrik euskal kulturaren giharra sinbolizatzen duelako, ezpada ekonomikoki ere salmenta handiak izaten direlako egun horietan.

Nolanahi ere, Azokaren arrakastaren seinale, jende asko ibiltzen da Landako gunean standetik standera, baita bestelako guneetan ere, hala nola Ahotsenean edo kontzertuetan, eta hain zuzen ere jende-pilaketak saihestea da osasun-agintarien aholku nagusia. Bestalde, etorkizunera begira, ziurgabetasun handia da, ez baitakigu datozen hilabeteetan nola aldatuko den egoera, edo itxialdirik izango den berriz.

Bada, Gerediagako elkarteek, apustua egitea eta Azoka antolatzea erabaki dute —abenduaren 5etik 8ra—, egokitzapenak eginez. Izan ere, Nerea Mujika elkarteko presidenteak adierazi du ezen, konfinamendu garaian, kulturak «salbatu» egin gaituela, eta agerian geratu dela kultur sortzaileak guztiz «beharrezkoak» ditugula.

Mugatu eta zabaldu

Egoera berrira moldatzeko lanetan badabiltza ere, bi aldaketa nagusi iragarri dituzte: mugatzea eta hedatzea. Batetik, sarrera eta aforoa kontrolatuko dituzte, jendea pilatu ez dadin. Halaber, egitarauari dagokionean, ekitaldi eta emanaldi kopurua murriztuko dute. Dena dela, eta hauxe izango da bigarren aldaketa, azoka birtuala ere izango da, eta ondorioz, hedatu egingo da: emanaldiak streaming bidez emango dituzte eta Azokaren webgunetik bertatik jarraitzeko modua izango da. Gainera, denda birtuala ere antolatuko dute: nahi duenak, «azokara sartu, urteko nobedadea erosi eta erositakoa etxean jaso ahal izango du».

Euskal kulturaren taupadak

Gerediaga elkarteko kideek mezu baikorra helarazi nahi dute, eta hori islatzeko asmoz hautatu dute aurtengo leloa: TaupaDA! «Euskal kulturgintzari hauspoa emanda», hari bizia ematen jarraitu nahi dute. «Durangoko Azokak, beste urte batez ere, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du».

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.