Euskal teatroa(k) V: “Emakume begiradaz”

lua kastore

(Argazkian: Ma Kolektiboaren “Lua Kastore”).

Ez dagokit niri honi buruz hitz egitea agian, baina aipatuko ez banu herren nintzateke. Ez dagokit niri diskurtsoak eratzea, baina zerbait ari da gertatzen. Azkenaldian inpaktatu nauten lanetako fitxak begiratzen hasi, eta bada nabarmena den zerbait: emakume begirada. Eneritz Artetxek publikatutako Karanbola hirukoitzako ideia honek oihartzun egiten dit: “Emakume sortzaile askok rolen izenak zein kontzeptuak berak aldatu nahiko lituzke. Argi dago autore, zuzendari zein interprete izateko modu garaikideagoak aspalditik daudela mahai gainean, eta haiek zerikusi handia dutela lan egiteko modu saretuagoekin, ardurak gehiago banatzearekin, prozesuei eta horietan sortzen diren harremanei garrantzia ematearekin, klasikoki emakumezkoei gehiago atxiki izan dizkiegun moduekin”. Oihartzun egiten didate hitzok. Izen batzuk, proiektu batzuk behintzat, aipatu nahi nituzke lerro hauetan.

Ez da, izan, lan berria, baina bai ordea haren argitalpena, Bazterreko ahotsak liburuaren barnean. Otsailean Oiartzunen ikusi dut Beheko Larraine konpainiaren Manifestu bat bakarlana. Miren Tirapuren imajinariotik dator bete betean, aipatu beharreko bidaide batekin elkarlanean: Gaizka Sarasola, niretzat euskal testugintzan azken urteetan egon den izenik garrantzitsuenetako bat. Oholtza gainean aspaldi ikusi gabeko teatro mota, Tadeusz Kantorren estetikak dakarzkidana gogora: egurrezko paisaia, iluntasuna, groteskoa, memoria, heriotza. Miren Tirapu munstro eszeniko bat da. Edertasun iluna oholtzan, eta hunkiduraren indarra. Formatu txikitik oholtza betetzeko kapaza.

Sarritan bazterrean uzten dira formatu txikiak, baina hortik, teatro pobre baina ahaldundu batetik, datoz Ttak teatroa eta Kamikaz kolektiboaren arteko kolaborazioak. Agur eta dolore izan zen estreinako kolpea. Oraindik gogoan dut 2018ko ADELen ikusi nuenean, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias oholtzan zeudela aretoko hormak dardarka, eta publikoa txaloetan lehertzear. Aspaldi ikusi gabeko zerbait. Orduko hartan Amancay Gaztañaga izan zuten kanpo begiradan. Aurten etorri da bigarrena, Donostiako Poltsiko Antzerki lehiaketako saria eskuratu ostean: Matriuska, Iraia eta Amancayrekin oholtzan. Formatu txikia bazterrean geratzen dela esan ohi da sarri, gutxietsia; baina teatroan, txorizoetan bezala, ez dago ez handi ez txikirik, ez luze ez motzik. Nork erabakitzen du zein den araua? Zeren arabera programatu daitekeen, edo ez, lan bat? Nork, nola eta zergatik erabakitzen du zer ikusi nahi duen publikoak? Lerro hauek idazteko unean tabernetarako pentsatua den Matriuskak antzokietan eskaintzen hasteko bidea zabaldua dauka.

Koronabirusaren krisiak estreinatu gabe, baina iragarri berri, utzi zituen lanen artean dago Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia. Idoia Beratarbide Arrietak zuzendu du lana, Ainhoa Alberdi eta Erika Olaizola daude oholtza gainean, Mikel Antzaren testu batetik abiatuta.

Eta aurretik aipatu ditut Ma kolektiboa, Erika Olaizola, Edurne Azkarate, Maite Aizpurua, Tripak kolektiboa… Ikusi gabe geratu naiz, baina gogoz, Marga Altolaguirrek zuzendutako Pantheon, Esti Curielek oholtzara eramandako Zilborrestea(k) Aitziber Garmendiaren testuarekin, badakit Patricia Urrutiaren Benetan Be konpainia helduentzako lan bat prestatzen ari dela, Eneritz Artetxeren Dxusturi konpainia, Laida Azkona… Arriskutsua da zerrendak egitea, ez ditut aipatu aktibo dauden aurreko belaunaldiak; ez dira hemen kabitu egun diren guztiak, baina aipatu diren guztiak izan badira. Nire uste apalean, euskal teatro berriak emakumezko begirada du neurri handi batean, eta, gero eta sarriagotan ere, ez-binarioa; eta hori eztanda bat iruditzen zait, edo nahi nuke izatea.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.