Euskal teatroa(k) VIII: “Ondorio postpandemikoak”

eztena 2019

Barruko eztanda, kanpokoa. Hasieran esan dut. Eztanda bikoitz batetik jarri naiz lerro hauek idaztera. Dramaturgia berriei loturiko argazki bat ikustetik, koronabirusarekin argazki hori galduko den beldurrera pasa naiz denbora gutxian. Eta galdera berrietara, bide batez: zer egin liteke, zer ahalegin saretu, zer zaintza sare osatu, arte eszenikoen -eta, oro har, kulturgintzaren- arloan?

Gogoetara etorrita, egoak mintzen ahal diren arren, inor ez da ezinbestekoa. Urteen korrontean, kultur arloa aurreraka bultzatzen duten hartu-emanen sare ikusezinaren ahanzturan desegiten da norbera. Ikusten dudan argazki kreatibo berriak poztu egiten nau, batez ere “dramaturgia berri”ei loturiko belaunaldi berrienak, genero mugak (zentzu guztietan) gainditzen dituen teatroak; orain eta hemen, lasai hil ninteke (profesionalki!). Dagoeneko ez dut faltan botatzen lehenengo obrak sortzen hasi ginenean faltan botatzen nuen hura: euskarazko ikerketa-antzerki esperimentalago bat, erdaraz zirrara sortzen zidaten lan motak euskaraz ikusi ahal izatea. Egon, badaudelako. Begi hauekin ikusi dut.

Dramaturgia berriez mintzatu naiz, batez ere, hemen. Arriskuak modu batera edo bestera hartuta ere, esango nuke denok ditugula ments publiko zabalagoak, arrakasta handiagoak, gezurra litzateke kontrakoa esatea; norberaren lubakitxotik saiatzen gara hori prezio artistiko larregirik ordaindu gabe erdiesten. Ideal horren peskizan hautu praktiko ezberdinak egin ditugun guztiok osatzen dugu euskal teatroa. Norberak badauka bere modua, eta begirada aniztasun hori altxor baten gisan, edo gutxienik errealitate konplexu baino aberasgarri baten gisan hartu ezean, zailagoa da sektore edo komunitate gisa ahalduntzea. Uste dut gehiegitan tematzen garela norberaren euskal teatroaren ikuspegiaren defentsan, zilegi eta beharrezkoa dena esan gabe doa, baina, noizean behin, ezberdin pentsatzen dutenekin saretzea ere bada euskal teatroa ahalduntzeko modu bat. Hori botatzen dut faltan agian: norberak berea norbere modura bere ikuspegia sutsuki defendatzeaz aparte, begirada zabaltzeko prestutasuna.

Eta koronabirusaren krisiaren ostean, zer?

Ez dakit koronabirusaren krisialdiak zenbat kalte, zenbat eragin ezkor izango duen euskarazko arte eszenikoen amaraunean. Penaz nengoke, hemen aipatu ditudan guztiak bidea egiten jarraitzeko modurik topatuko ez balute. Lerro hauetara ekarri ditut baina oholtzan behar lukete; eszenatoki askotan, ugarietan, handi zein txikietan; babesik balego, antzerkiak behar dituen -eta, ez beti baina leku askotan, batez ere erdarazko produkzioari begira dauden- oholtza publikoak kudeatzerakoan bestelako kultur politikarik balego.

Izan ere, hori izan baita azken asteetako ondorioetako bat: kulturgintzaren egoera, babesgabetasuna, funtzio soziala aitortzearen beharra. Asteotan, orainaldi zauritu batetik etorkizun lauso batera jaurtitako sasititular batzuk dituzue jarraian, kulturgintza orokorretik arte eszenikoetara doan joan-etorriko begiradan (beste arlo batzuetan segur aski bestelakoak dira ñabardurak):

-Kultura ez da (soilik) entretenimendua. Kulturgintzak ezin da landu ikuspegi industrial soilen arabera. Kulturgintza zutabe sozial bat da, hezkuntza edo osasuna izan daitezkeen bezala, beste era bateko ekonomia eta pentsamendua eskatzen dituena.

-Erakunde publikoek ez lukete gidatu behar kulturgintzako agenda ideologikoa. Egun daukagun sisteman, ezinbestean, alderdi politikoek gidatzen dute agenda administratiboa, modu ideologiko batean. Baina hortik atera egin behar litzateke agenda kultural ideologikoa, kulturgintzak berak erabaki eta definitu behar luke zer den kultura.

-Koronabirusaren esperientziak erakunde publikoetatik etorritako esperientziarik interesgarrienak modu soltean hainbat udaletan emandakoak izan dira. Ez ohiko egoera honetan artistei lana emanez, kulturgintzari entzunez eta eskaerak aintzat hartuz. Adibidez, zuzeneko arteetan, bertan behera geratutako ekitaldiekiko konpromisoa modu ezberdinetan agertuz, katxetaren parte bat aurreratuz, berariaz sortutako sormen lan txikiak ordainduz eta interneten (nola edo hala) programatuz, emanaldien datak beranduagorako konprometituz… Agian aldaketak bai izan behar lirateke behetik gorakoak.

-Kulturgintza diogunean ez lirateke aintzat hartu behar enpresa eta industria munduaren zentzu estu bat, baizik eta kulturgintzaren zentzu zabal bat. Antzerkiaren kasuan: antzerki eskolak, sormen espazio publiko zein pribatuak, antzerki laborategiak, kultur eragileak, programaziorako kultur mahaiak, kultur elkarte gisa egituratutako talde eta konpainiak, enpresa gisa egituratutako talde eta konpainiak, kooperatibak, publiko aktiboa.

-Euskara hutsez lan egitea erabakitzen duten taldeek babesa eta ikusgarritasuna behar lukete. Arte eszenikoei dagokionez, euskara Euskal Herri osoan normalizatua ez dagoen bitartean, horren araberako azpiegitura kultural eta programazioak ez ditugun bitartean, euskarazko ekoizpena bazterreko egoeran da, batez ere erdarazko ekoizpenaren neurrira egituratuak dauden euskal arte eszenikoen zirkuituetan, azpiegitura publikoetan, kultur programazioetan.

-Euskara hutsezko sorkuntzaren erakusleihoak, programazio kupoak, konpainia eta eskolen lana ezagutzera emateko eta gizarteratzeko baliabideak behar dira. Zirkuitua erdararekin partekatu behar duten diziplina artistikoen kasuan nabarmena da desoreka hori (musikagintza, arte eszenikoak…). Propio pentsatutako erakusleihoak behar dira haietan.

Kulturgintza greba arrakastatsuak kolpea eman zuen mahai gainean, eragina izan zuen, baina galdera bat utzi zuen airean: nola sor litezke kulturgintzatik babes eta zaintza sareak, oraingo egoeran eta etorkizunean? Saretzea izan daiteke erantzuna, baina akaso ez erakundetzea. Hamarkada luzez elkarte ugari sortu dira kulturako eragileak nola edo hala sektoreka indartzeari begira; uste dut beren funtzioa bete dutela, baina burokraziak ito ditu batzuetan, eguneroko ezintasunean. Akaso sektore-elkarteek oraindik ere bete dezakete funtzio garrantzitsu bat, erakundetze ezberdinen makinaria motelekiko bitartekari eta zubi lana, baina ipar berri batez arindua: kulturgintzaren beraren saretzea eta ahalduntzea, modu inmediato batean ekintzari lotuagoak dauden dinamiketan. Lan egiteko gaitasuna luketen sareak behar lukete izan ahaldunduak: beharraren arabera indartu, eragin eta desagertuko liratekeen sareak, erakundetzera iritsi gabe, denboran halabeharrez irauteko beharrik gabe, ondoren behar berriei erantzungo lieketen sare berriei aldiro lekua uzteko. Jendartean gero eta ozenago zabaldu diren saretze, kooperatze, zaintze eta babeste filosofiek kulturan ere eragina izan dezakete. Nola zabaldu egiturarik nahi ez duen bultzada, ordea? Sor daitezke kulturgintza nolabait saretzeko komunikazio baliabideak, norbaitek laguntza behar duen unean elkartasunezko erantzunak sor daitezen? Nola pentsatu kulturak, nola zabaldu ahalduntzerako pentsamendu korronte kritiko eta autokritikoak? Nola eraman zaintza eta babes sareen ideia kulturara, kulturgintzak berak kudeatuta eraginkorra izan dadin?

Irudipena da horren kezka eta beharra azaleratu direla: kulturaren proiekzio soziala aldatzea oinarritik erakunde makroetara, kulturgintza bera ahalduntzea kultur sektorearen motorra izan arte. Beharra, bulkada eta prestutasuna azaleratu dira inoiz baino ozenago, baina nola eman horri bidea? Erantzunik gabeko galdera da hori oraingoz, baina ezin uka dagoeneko airean dela.

Proiektuen autonomia eta elkarlana. Saretzea. Arte eszenikoetara bueltatuta, azkenaldian hori da behin eta berriz bidera ateratzen zaidan hitza. Ikustea ahaleginak ez direla bakanak, ez daudela isolatuak. Argi geratu zaigu azken hilabeteetan isolamendu sozialak, bakartzeak, zer dakarren: jendarte gisa ahultzea, kausa baten edo besteren alde talde gisa indargabetzea, normaren menpeko izatea.

Eta aniztasuna. Nekez transmitituko dugu ezer, orain eta hemen dagoen euskal teatro (eta kulturgintza) osoaren islak jaso gabe; barruan leudekeen euskal teatro (eta kulturgintza) guztiak, haiekin ados egon ala ez, onartu gabe.

Akaso ideia horietan egon litezke dauzkagun argazkiak zaintzeko gakoak. Erleek ateratako argazkietan.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.