BAKEZALE GERLARI HORIEK – BIXENTE SERRANO IZKO

p035_f01w768  

p038_f01w768

Bixente Serrano Izko irakasle eta idazle  hil berriak saiakera arloa jorratu zuen ezer baino lehen, honen emaitza garbia dugu Bakezale Gerlari Horiek izeneko liburu labur baina bihoztun hau. Bai saiakera ausarta, indakeria politikoaren zilegitasunaren nondik norako jorratzen baitu hainbat aldetatik baina batez ere ikuspuntu pragmatiko batetik, eta batik bat oraindik orain -edo hobeto esanda liburua 2004.ean argitaratu zeneko ETAren jarduera zitala bezain zentzugabekoa kontuan hartuta- jardunean dauden talde armatuen nahitaezko porrota hizpide. Halere, eta ezer baino lehen, Serrano Izkok bakegintzaz dihardu hainbat jarrera bakezale aztertuz, bereziki bakearen aldeko jarrera liriko edo epikoaren eraginkortasunik eza agerian uztearren. Edo bestela esanda, eta betiere haren teoriak nola edo hala, itxuraz behintzat, zinikoa eman dezakeela aldez aurretik aitortuz, artean ere indarkeria politikoaren alde zeudenak armak behin betiko bertan behera uzteko bestelako argudioak onartzeko prest ez zeudelako, Bixentek bakearen aldeko jarrera makiavelikoa aldarrikatzen du, hau da, gure gaur egungo gizartean indarkeriaren politikoaren delako eraginkortasunik eza ezin hobeto azalduz. Horretarako, bere garaian indarkeriaren bidez ustezko edo balizko etsaiari erauzitako kontzetsioak alperrik edo erabat ez galtzearren, baita euren ikuspuntuetatik oso apalak edo murritzak omen diren lorpenak gorde zein areagotzeko geroan aukera izatearren, orduan borrokan zeudenak konturatu beharko lirateke inoiz baino urrunago daudela euren helburuetatik. Bazen garaia, beraz, indarkeriaren aldeko apustua bertan behera uzteko dena, hau da, ustez edo lortutako kapital politiko-historiko-sinboliko osoa kasketaren kasketaz ez zarrasteltzearren.

Bada, badirudi, noski, oso teoria gordina, makiavelismo hutsa esan bezala, bakearen aldeko jo(ka)era etiko gehienak printzipioz aintzat hartzen ez dituena. Areago, bakezale zintzoak asaldatzeko propio, indarkeria politikoaren nolabaiteko zilegitasuna onartzen baitu argudio etiko-filosokiko guztiak alde batera lagata. Halere, B.S.I.ren gogoeta txit berezi eta batik bat politikoki oker hau euren bakea eurek ez bezala pentsatzen dutenei indarrez inposatu nahi dietenei zuzendua baita, alegia. Izan ere, eta B.S.I.k berak azaltzen duenez, ez dago beste irtenbiderik, hots, konbentzitzeko modu edo aukerarik, batez ere gaur egungo gizartean hiritar gehienek indarkeria politikoa errotik gaitzesteagatik, borroka armatuari eusten diotenak euren porrotaren nahitaezkoaz behingoz jabe daitezen

Halaber, delako ondorioa borobiltzeko B.S.I.k bakearen inguruko kontzeptu gehienei buruzko gogoeta luze eta sakon bat egiten digu liburuko aurreneko ataletan. Gogoeta edo berrirakurketa filosofiko zein filologiko bat eta betiere indakeria politikoaren  nondik norakoak hizpide, hau da, borroka armatua noiz, nola eta noren contra zilegi den/zen ala ez asmatu nahian, ea noiz autodefentsaren erantzun zuzena eta noiz ideologia bat kosta ahala kosta inposatzeko saio garbi eta batez ere okerra. Etikaz ari da B.S.I liburuaren aurreneko ataletan buru belarri, egia absolutuen nondik norakoak aztertuz hainbat autore ezagunen pentsamendu zein iritzien laguntzaz edota Historiak emandako adibideak gogora ekarriz. Hortaz, 1970etako Hego Amerikako eta Europako talde iraultzaile armatuei erreparatzen die orduan armak erabiltzeko zilegitasuna aldarrikatzen zituzten argudioak banan-banan aztertuz zein sailkatuz Areago, B.S.I.k Camusen L’homme revolté hizpidera dakar orduko mugimendu iraultzaile haien akuilu gisa, baita, oraingoan Euskal Herrira bueltatuta, ETAren bilakaera gertutik eta ondoen jorratu duten beste pentsalari batzuen lanak ere, batik bat Joxe Azurmendi eta Pedro Ibarra. Eta hau guztiau gutxi ez balitz bezala, B.S.I ez da bakarrik mugatzen bere ondorioak edo katedra balira bezala azaltzera. Bixentek kolokan ere jartzen ditu balizko solaskide baten laguntzaz, hau da, bere buruarekin berarekin eztabaidaka egingo balu bezala liburuan agertzen diren ideien erabatekotasuna sahiestu nahian edo. Bada, nire ustetan behintzat, oso baliabide eder eta zintzoa antzinateko filosofoen saioetakoak bezalakoa, duda apur barik Bixenteren zintzotasun intelektuala ezin hobeto erakusten duena, liburuan ateratako ondorioak eta eztabaidan jartzeko prest dagoela argi eta garbi adierazten baitigu.

Badugu, beraz, liburu xume baino oso balent eta batez ere zintzo bat, oso gogoetatsua bai, berez probokatzailea eta beharbada polemikoa ere alde guztietako dogmatikoen begietara, hau da, gainerakoei inolako heteredoxiarik bakartzen ez dietenak. Edonola ere, Bixente Serrano Izko bezalako gizon benetan libre, ausar eta azkar baten emaitza ederra, baita nolabait ere, 2004ean argitaratua izanagatik, testamentu gisa balio duena, besteak beste liburuan bertan nolabaiteko lekukotza biografikoa nabarmentzen delakoan bainago; baina, hori, nork bere kontuak atera ditzala.

 

Txema Arinas

Berroztin, 2020/07/03

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.