Kalean da VHS, Oier Guillanen eleberria

Oier Guillanek VHS izeneko eleberria argitaratu du Susa etxearen eskutik; pasa den astean aurkeztu zuen prentsaren aurrean, eta, bihar, berriz, Kaxilda liburu-dendan aurkeztuko du, 19etan, Danele Sarriugarte solaskide duela.

Oier VHS

VHS izeneko eleberria argitaratu du Oier Guillanek Susa etxearen eskutik; pasa den astean aurkeztu zuen prentsaren aurrean. Guillanek ibilbide koskorra egin du sortzaile moduan: argitaratu ditu poesia-liburuak, antzerki-proposamenak, eta bi eleberri. Bestalde, antzerkilari moduan ere ezagun dugu, oholtza gainean: Metrokoadroka kolektiboko kidea da, eta aktore moduan ere jardun da, adibidez, Käffka antzezlanean.

VHS honetan, misterio batekin topo egingo du irakurleak hasieratik. Liburuko protagonistetako batek, Ilehoriak, jakin nahi du ea zerk hil zuen Victor, gaztaroko laguna, zeinak eragin izugarria izan baitzuen Ilehoriaren ibilbidea artistikoan. Kontua argitzeko, Ilehoriak detektibe guztiz berezi bat kontratatuko du: detektibe emozionala, zeinak badakien fikziozko pertsonaia bat dela. Hariari tiraka, ikerketa bat abiatuko dute bien artean, eta iraganari erreparatuko diote: Ilehoriak Victor ezagutu zuen sasoiari, orduko lagunei eta garaiko ametsei.


 

«Road movie bat» norberaren barrenera

Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen arabera, VHS «road movie» bat da, hainbat zentzutan. Batetik, literalki: liburuak kontatzen digu nola joan ziren Ilehoria eta bere adiskide Merline Andaluziara autoz, hogeita gutxi urte zituztenean. Bidaia erabakigarria bat izan zen bientzat: han ezagutu zituzten La Marabunta antzerki-taldeko kideak –tartean Victor–, zeintzuk berebiziko eragina izan baitzuten Ilehoriak eta Merlinek beste lagun batzuekin hasi berria zuten konpainian eta ibilbide artistikoan; han grabatu zituzten, bideoan, garaiko beren asmo eta amets artistikoak, hamar urte beranduago berriz elkartu eta zer gauza bete ziren eta zeintzuk ez aztertzeko asmoarekin.

Baina, hara non, harremana eten egin zen pixkana-pixkana, Victor hil, eta Ilehoriak jada ez du modurik bideo hartan esan zituenak oroitzeko. Hortxe abiatuko dira liburuko beste bidaiak, «norberaren gorputzera» eta «iraganera». Memoria eraikitzeko eginahalean, Ilehoriak bere gorputzaren mugak bilatuko ditu, eta orobat joko du adiskideengana.


 

«Nobela transgenero bat» 

Editorearen ostean, Guillanek hartu zuen hitza. Lan-taldeari eskerrak emanez hasi zen, Susa argitaletxeko taldeari, batetik, eta Idoia Beratarbide azalaren egileari, bestetik.

Guillanek aitortu zuen zaila gertatzen zaiola liburua aurkeztea. Konfinamenduan aritu da liburua editatzeko prozesuan, eta prozesu polita izan omen da, baina lanak izan ditu sinopsia eta aurkezpena osatzeko.

Liburua idaztean, gaztaro iniziatikoak eta bidaiak izan ditu Guillanek gogoan, eta hortik abiatuta saiatu da idazketaren jarioa libre uzten eta haren musikari jarraitzen. Egilearen arabera, istorioak anabasan gertatzen dira, eta gertakariak ordenatu nahi izaten ditugu, baina bizitza hori baino sinpleagoa eta konplikatuagoa da aldi berean. Guillanen esanetan, ez dago modurik iragana bere osotasunean berreraikitzeko, baina horretan saiatzeak nolabaiteko zentzua ematen dio ahaleginari.

Eleberrian hainbat ahots eta narrazio-teknika uztartzen dira, eta autoreak berak esan bezala, «nobela transgenero» bat da.


 

Bihar, Kaxildan

Bihar jendaurrean aurkeztuko du Guillanek liburua, Danele Sarriugarte solaskide duela, Donostiako Liburu Azokaren haritik. Kaxilda liburu-dendan izango da, 19etan. Liburua osorik irakur daiteke Susaren webgunean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.